1992ko
hemeroteka
Bayrou-ren mintzaldia
Bayrou deitzen da gure departamenduko biltzarraren lehendakaria, hots, Hego Euskal Herriko Diputatu Nagusiaren heineko kargua, guti gora behera.
Irisarrin arraberritua izan baita lehengo Konpostelako beilarien Ospitalea, mintzaldi bat oso garrantzitsua egin du hor Euskal Kulturari buruz dituen xedeetaz. Behin ere ez dut entzun maila hortako politika gizon baten ahoan, euskal kulturaren problema bere osotasunean hain zabalki eta barnetik hunki duen nlintzaldirik.
Joxe Barne ministroa Kanbon izan zelarik, Pinatelek Hazpaneko auzapezak egin zuen horrelako zerbait, bainan Pinatelen mintzaldiak, nahiz aholkulari onak izanak zituen, ez zuen hurbiltzekorik ere Bayrouk egin duenaren hats eta mitxarik.
Egia erran, hitzak dira orain arte. Hitza erratetik eta atxikitzera, bidea badela badakigu gure gostuz. Hitzek gauzatu behar dute eta orain beha gaude, duela dozena bat urte sozialistek eman zizkiguten hitzak bezala, urri hontako haize hegoak eramanen ote dituen Bayrourenak ere.
Enbata batek, antzara ferraretzerat igorria du jadanik, Bayrou jauna. Mintzaldi hori demagogia hutsa omen da, aldi bat gehiago euskaldunak izorratzeko egina. Ez dakigu zergatik ateratzen dituen horiek Enbata astekariak.
Mintzaldi hortako hitz guziak ez baditugu ere xerri ttipiek gaxura bezala iresten, iduritzen zaiku, jujatu eta kondenatu aintzin bere xantza utzi behar diogula gizon horri.
Duela zenbait urte, sozialistek hitzemanak Parisetik obratu beharrak ziren. Biziki urrundik, eta han, Iparraldeko 250.000 euskaldunek pisu guti dute, Frantziako 55 milioi bizilagunen aldean. Bayrou hemen dago. Ez dut ikusten zergatik eginen zuen mintzaldi hori, gero ez bazuen gauzatzeko xederik.
Ez duela urte batez eginen? Egia handia. Pabeko Biltzarrak euskal kulturari buruz norabide bat izatea zerbait da. Zerbait egiteko baitezpadakoa den urratsa, zerbait egitekotan lehenik jakin behar baita zer egin. Eta Bayrouk erakutsi digu badakiela zer egin.
Gure Irratian ari bainaiz, oroit araziko dut horrelako laudorioek agurtu zuten Pinatelen harek eskatzen ziola Pariseri, norbait hona igortzea gure beharrak zein ziren jakiteko. Etorri ziren Pariseko jakitun berezituak. Ez zuten irratirik ikusi ezta irratilaririk. Geroztik ezer ez dugu erdietsi. Gezurra diot. Bordeleko telebistatik erdietsi dugu (barkatu! Hitz eman digute!) frantsesez eginen diguten albistegi bat, artetan zerbaixka euskaraz izanen omen delarik. Anartean Euskal Telebista hasia dugu, inork ezer eskatu gabe, bost minutako albistegi bat astean bost egunez. Milesker Amatiño!
Bayrou jarraitzen dutenek behin ere ez dute jakin ahal izan norantza zihoazen, departamenduak irratiei ematen zizkien ehun milioi liberak. Sud Ouest 'abertzaleak' du eskandala salatu. Nork erran dezake Bayrou gezurrez ari dela, Baionako irratiari 60 milioi ala euskal irratiari 500.000 libera ematerik ez dela ikusiko hemendik aintzina erratzen duelarik?
Geroak erranen du menturaz inoxent bar naizela, bainan irratieri doakienaz itxaropentsu nago eta besteak ere ez dira gibelago izanen ez badituzte ere denak egunetik biharrerat eskuratzen: buxeta %25ez emendatzen delarik, bikoizten da hiru urtez!
Eta hau ez da dirua, bainan bere pisua dauka: euskararen alderat hain hotz direnengan, nolako eragina ez du izanen, Bayrou bezalako batek, Biarnes batek gainerat, erran dituenak errana izateak?
Xipri Arbelbide, Argia, 1992-XI-8