1992ko hemeroteka

ETB: eztabaidarako tenoreak

Azken presupostoen eztabaidan, pakea eskatu zuen Joseba Arregik Euskal Telebistari zegokionean. Ez zuen zalapartarik nahi izan eta trukean ETBri buruzko debate sakona eskaini zion oposizioari eta, bereziki, bere gobernukide den PSOEri. Halaxe izan ziren, onartuak diru kontuak eta orain ikusi egin behar agindutako eztabaida horrek zer ekarriko duen baina zalantzarik ez, Arregik aspaldion dabilen starlette jokaera ikusirik ezustekoren bat edukiko du azpilduretan gordeta. Hala ere, egia esan, harritzea oso zaila bihurtu da gure artean.

Eztabaidaren gakoa, gauzak dauden bezala, ETBren bi kateen arteko auziari egingo zaio leku nere ustetan, eta gainera hizkuntz komunitate ezberdinen arteko korapiloak erabiliko dira dialektika horretan: elebiduna bai ala ez, euskara hutsezkoa bai ala ez, bi kate bai ala ez, azken finean.

Estadistika eta abarrak aipatuko dira horretarako. Populuak ondo baino hobeto erizten diela bi kateei, horixe emango dute estadistikek, Amatiñok behin eta berriz, aurreratu duen gisan.

Kalitatea handitu beharra aipatu dute batzuk eta ekonomia egin beharra aitortuko dute bestetzuk. Azkenean formularen bat topatzen badute, gaitzerdi. Ia behingoz, lema egokia jartzen dioten noraezean, dinbili-danbalaka, dabilen ETBren txalupari.

Labaien jaunak ETB sortu zuenean, sortze bera izan zuen kezka nagusi nolakotasuna gerorako lantzat lagata. Entzun ere ez omen zuen egin nahi filosofia hitza, eta akaso arrazoi izango zuen: lehendabizi sortu eta gero gerokoak. Orduango ETB hark Euskararen normalkuntza zuen ardatz eta, egia esan behar bada, euskaldungoak bultzatutako komunikabidea izan zen.

Handik hona, Luis Bandres eta Gorordok sortu zuten ETB-2, J.M. Iriondo zuzendari antzeko zelarik. Ezustekoa gertatuz eta errealitatea aldatuz, azkenean euskaraz ez zekiten politikariek beraien neurrian jarri zuten telebista. Gizartearen eskabiderik gabe sortu zuten kate berria, ezeuskaldungoak zeukan eskubidearen larruz jantzi zuten boto gehiago lortzeko tramankulua. Baina gaur nork esango du ezetz? Nor ausartzen da ETB-2 kendu behar dela esatera? Errealitate horrekin jokatu zuten Ortuondo eta Anasagastik. Gaur egun baita Zarraoa-Amatiño-Lejarza tandemak ere.

Gakoa haruntzago dago hala ere, ez da bai ala ez soil bat. Nolakotasuna defenditzen hartu behar da lana. ETB-2 partikularra den neurrian bakarrik justifika daiteke. Herri honetatik eta herri honentzat egindako programak egin behar ditu. Lehiaketa, filme eta showak badira beste bost kateetan ere eta ez du zentzurik horretan dirua xahutzeak. Hortik etorri behar luke euskarazko katea eta ETB-2 bera kalitatean igotzeko diruak. Agian horretxek arindu dezake presupostoa.

Bestetik alferrikako borroka da publizitatearena. ETBri inork ez dio eskatzen dirurik irabazteko. Ondo gastatzea bai, hori eskatu behar zaio. Eta telebista anitza egitea. Hurbila eta ona. Publikoa azken finean.

Baina horretarako jakin eta erabaki behar da bidea, definizio gardenak behar dira, eta ez da batere erraza. Hala ere, lan hori hartzen dutenek, bi bide bakar dituzte: zernolako telebita egin nahi duten argi eta garbi adieraztea behingoz, edota lehenbaitlehen beste lanpostu goxoago baina ez hain polit bat topatzea.

Hasier Etxeberria, Argia, 1992-II-16

Gure Mendea