1991ko hemeroteka

"Guernica" Gernikara

Gernikako bonbaketa motibotzat hartuta sortu izan diren askotariko artelanen artean Picasso-ren "Guernika" dugu izar, Gernikako trajediaren adierazpide formal unibertsalki ezagunena.

Mihise hori geure herriaren kultur ondarearen zati dugu. Horregatik Gernikako Bonbaketako Komisioa aspalditik dabil lanean bere eta, bere eritziz, euskaldunik gehienen nahia betetzea lortzeko, hau da, koadro hori behinbetiko Gernikan kokatzea, haren eskenategi eta egonleku naturala Gernika delako. Herriko komisio batek duen indarraz, baina hainbat ahalegin ditu eginak, ministrariekin egotetik hasi eta El Casón del Buen Retiro-n kateatzeraino eta egun osoan koadroaren aurrean itxialdian egoteraino.

Aurten, besteak beste, intelektualek eta euskal kultur munduko jendeak eskakizun honen alde sinatuko duten dokumentu bat bultzatu du, Bonbaketaren urteurrenean berretsiko dena Arbolaren itzalpe esanguratsuan.

Picassoren koadroa ekartzeaz ez dugu leku aldaketa fisiko soila nahi. Gernikako Bonbaketa motibotzat duen gerraren kontrako alegatu hau, giza eta herri eskubideen gainean oinarrituriko bakearen aldeko ikurtzat hartu nahi dugu.

Euskal Herriak, bakerako giltzarri moduan, bere izatea eta etorkizuna (ekonomikoa, kulturazkoa, politikoa, ekologikoa...) edozein beste herrik berea zehatz dezakeen heinean erabakitzeko eskubidea praktikan jarri beharra duela aldarrikatu nahi dugu.

Herri industrializatuen eta Hirugarren Mundukoen artean jarri dugun trokarro sakon-zabala, mutur batean gehiengoaren gosea eta subdsarroiloa eraginez beste muturrean bizimaila oparoa duena, salatu nahi dugu etengabeko gerra-iturri denez, eta Nazioarteko Zuzenbide berria, herriarteko mendez mendeko hustirapena ezabatuko duena, defendatu.

Gernika Gernikara ekartzeko eta Gernika kultur eta bake hiri aldarrikatzeko sinadurak aurrera doaz hala Hego nola Iparraldean eta, izenpetu nahi luketen guztiengana pertsonalki iristerik ez dugunez, guztiei egin nahi diegu gonbidapena komunikabideetatik, sinatzera hurbil daitezen.

Alberto Gabika Gojeaskoa, Argia, 1991-IV-28

Gure Mendea