1991ko hemeroteka

Berrikuntzak eta berriketak

Plazarik plaza egiten diren hamar bertso saiotan zortzi pasamodukoak dira, betegarri direla ez esatearren. Urtean behin edo birritan "ateratzen da" bertso saio berezi horietako bat, entzulegoa asebete eta bertsolaria pozteko modukoa.

Hori da nire —eta nire moduko askoren— irudipena. Lan hipotesia.

Zer edo zer aldatu beharra dago, eta horretan gabiltza borondaterik onenaz baina norabide jakinik gabe askotan.

Binakako saio libreetara itzuli nahia, gai ordez zeren bat eskura ematea, mozorro-zomorroak, bertsolari bakarra ofizioko lanetan jartzea, offa erabiltzea, filminak, bideoak eta gainerakoak bertso saioen errutina hori hautsi eta giroa bizitzeko asmoz asmatuak dira, eta ongi daude.

Bertso saioei zer taju eman nahi diegun argitu beharra daukagu, gai, plaza eta modu berriak probatu eta eztabaidatuz. Gainerako guztia berriketa antzua da, eta deskuidatuz gero gaur egungo bertso moda hau geure kalterako gerta liteke uste baino lehenago.

Arau nagusi bat aipatuko nuke nik eztabaida horri ekiteko: bertsoaren magia eta indarra hitza da. Hitzaren esanetara jarri beharrekoak dira baliapide eta berrikuntza guztiak. Bertsotan hobetu ezinezko gai txistoso edo mozorro ikusgarriak bazterrera utzi gabe.

Joxerra Garzia, Egunkaria, 90-II-28

Gure Mendea