1990eko hemeroteka

Hobe bi egunkari bat zapuztea baino

Euskaldunon Egunkaria kalean jartzeko herriz herri gero eta indar handiagoz aurrera doan ekimenaren barruan bati baino gehiagori entzun diot egunkari "bakarra" behar dugula euskaldunok.

Bat ezinbesteko jotzen dudalarik, neronek nahiago nituzke bi egunkari bakar bat baino. Joseba Arregik esana duen moduan diru arazorik ez badago —eta biak maila berean laguntzen baldin badira— irakurle gehiagorengana iritsiko lirateke bi egunkari bakar bat baino.

Begibistakoa da. Euskaltzale eta abertzale guztion helburu baldin bada euskararen normalkuntza, zer gauza hobeagoa, hizkuntz normalkuntzaren ikuspegitik, ahalik eta irakurlerik gehienak erakartzea baino! Jaurlaritzak enkargatutako ClESen azterketa argia da puntu honetan: irakurle gehiago harrapatuko lirateke bi egunkariren bidez bakar baten bidez baino.

Normala da bihotzak agintzea «egunkari bakarra» behar dugula euskaldunok, hainbeste urte haren gabezian bizi izan garenean.

Gaia pittin bat arakatzeak, ordea, berehala erakusten digu askoz ere aukera hobeagoa daukagula «euskaraz bizi» helburua betetzeko birekin batekin baino.

ClESen azterketan 12/13.000 erosle potentzial lituzke gehien irakurriko litzatekeen egunkari bakar batek. Bi egunkari izanez gero berriz, 10/12.000 erosle lituzke zentro-ezkerrekoak eta 7/9.000 zentro-eskuinekoak. Hau da, hipotesirik onenean 8.000 erosle gehiago izango lirateke bi egunkari izanez gero. Hipotesirik kaskarrenean berriz 7.000 erosle gehiago izango lirateke, ClESen arauera, bi egunkari kontutan hartzen dituen eskenategian.

Zenbakiak alde batera, eman dezagun une batez ez dagoela egunkaririk erdaraz. Nork esango luke «Egunkari bakarra» behar dela erdaraz? Nork esango luke «egunkari publikoa» behar duela erdarak? Berehala hasiko lirateke kazetari guztiak purrustan. Eta arrazoi lukete. «Prentsaren askatasuna» demokraziaren balio beharrezko jotzen duen edonork defendituko du hiritarrak eskubidea duela nahi duen egunkaria erosteko. «Prentsaren askatasuna»-ren izenean ez da demokraziak nagusi diren herrietan gobernuaren egunkaririk onartzen. Gizarte aske bat egituratzeko orduan ez da batere osasuntsua komunikabideak gobernuaren kontrolpean izatea.

Nork irudika dezake El Pais, ABC, El Mundo eta El Independiente desagertarazi eta Madrilgo gobernuaren kontrolpean egongo litzatekeen egunkari bakar bat? Francoren garaiak ekarri beharko genituzke gogora horretarako.

Hemen berriz «egunkari bakarra», eta «publikoa» behar dugula diote batzuk. Hain zuzen ere Egunkaria Sortzen gizarte iniziatiba zabal batez egunkarirako bidea egiten hasi bitartean egunkaria egiteko baldintzarik ez zegoela zioten berberak.

Munduko errespeto guztia merezi dute euskara gaurko bizi baldintzetan aurrera atera dadin ahalegintzen diren guztiek. Alde horretatik nire zorionik beroenak Egunkaria Sortzen-en eraginez bada ere martxan jarri diren ekimen guztiei!

Baina errespetoa guztientzat izan dadila! Ez dezagun esan aurrena «bi proiektu» daude eta ondoren «egunkari bakarra behar dugu» egunkari gubernamentala justifikatzeko eta bestea zapuzteko.

Bi proiektu baldin badaude —ofizialki Egunkaria Sortzen baino ez dago, baina Amatiñok esan duenez bi daude, Egunkaria Sortzenena eta Jaurlaritzarena— biak lagundu beharko dira maila berean eta ez bat lagundu eta bestea ito.

Errespetoa merezi du irakurlegoak eta honek, CIESen azterketaren arauera, %63,5ak uste du berdin-berdin subentzionatu behar direla argitara eman daitezkeen egunkari guztiak. Ikerketa berean ondorioztatzen da %7,6 batek bakarrik nahiko lukeela gobernuak erabat finantziatutako egunkaria. Aldiz, %46,6 batek subentzionatutako egunkaria nahiko luke baina Jaurlaritzaren inolako kontrolik gabekoa.

Jaurlaritzak ezin du irakurlegoaren gogoz kontrako egunkari «bakarra» argitaratu. Egin dezake, baina horixe genuke egunkaria porrotean amiltzeko biderik zuzenena.

Lehengo asteko ARGIAn Amatiñok zioen moduan Jaurlaritzak Abenduan edo Urtarrilean beste egunkari bat argitara ematen badu bi egunkari izango ditugu euskaraz.

Ez da gutxi! Eguntari baten bila abiatu ginen Egunkaria Sortzen proiektuarekin eta etorkizunean bi egunkari izateko aukera ageri zaigu. Pozteko modukoa da baldin eta, irakurlegoak nahi duen moduan, berdin-berdin laguntzen badira biak.

Hori da nere ustez euskaltzaleak galdetu behar diona Jaurlaritzari: bi proiektu baldin badaude biak «berdin-berdin» laguntzea. Ez du merezi bi proiektu edota bi egunkariren arteko lehian aritzeak; gure arteko sesioak erdararen garaipena baitakar epe ertain eta luzera begira. Hobe bi egunkari bat zapuztea baino!

Jaurlaritzak erabakitzen badu Egunkaria Sortzen-en proiektuaz gain beste egunkari bat ere beharrezko dela, izan dadila ongi etorria.

Bestela bada, hor dago Egunkaria Sortzen-ek Belokiren kazetari taldeari eta Administrazioari luzatutako elkarrizketa eskeintza.

Oraingoz ordea, egunkaririk ez dagoen bitartean, jarrai dezagun Egunkaria Sortzen orain arte bezala, horixe bait dugu bermarik egokiena egunkaria kaleratu dadin.

Iñaki Uria, ARGIA, 1990-6-7

Gure Mendea