1990eko
hemeroteka
Joseba Arregi, EBB... tranpa egin diguzuelako
Jose Ramon Belokik osatu zuen aholkulari taldean aritu naiz hilabeteotan eta ene dimisioa aurkeztu diot azken idatziaren erredakzioaren bezperan. Euskal egunkariaren gorabeherak aztertu, hipotesi guztiak landu —egunkaririk ez, egunkari bakarra, bi egunkari...—, Eusko Jaurlaritzari egunkariari buruzko erabakia hartzeko erizpideak jorratu, egunkari posible bat diseinatu... lan guzti horiek egin behar omen genituen. Anbiguoa baina interesgarria zen eskaintza Egunkaria Sortzen taldean ari eta instituzioekiko harremanak bideratzea beharrezkotzat jotzen duen batentzako. Piskanaka gure taldea Egunkaria Sortzenen kontrako zenbait iharduera eta pertsonaren aitzakia bihurtu da eta «bi proiektuak elkartu beharra» aipatu baino biderik uzten ez dutenen tranpa.
Gure taldea sortzearekin bateratsu eta paraleloan egin dute beste batzuek Egunkaria Sortzenen kontrako kanpaina. Mikel Atxagaren artikuluxka odol txarrekoak hor daude. Amatiñok zabaldu dituen intoxikazio merke bezain aluak —Joan Mari Torrealdaik buruan duen egunkaria Jakin-en eredukoa omen da, Egunkaria Sortzenen atzetik MLNV omen dago...— famatuak egin dira. Eusko Alderdi Jeltzalearen EBBk emandako prentsaurreko absurdo hura historiaren orriek seguru bilduko dutela. Gure taldeko buru Belokik ere zerbait baino gehiago lagundu du kanpaina horretan, bere buruan zerabilen diseinu bat gure izenean aurkeztuz, konspirazio usainezko zenbait afaritan bezala euskal kultur erakunde nagusietan eta abar. Euskaltzale haserretu koadrila bat batetik eta EBBren kultur arduradunek hartutako erabakia bestetik. Hori izan zen ETBko "Astelehen buruzuri" hartan lehertu zena —bi ordu haietan Miramonen jazotakoaren kronikarik ez diot inori irakurri— eta gure taldean Felix Ibargutxi dimisioa presentatzera eraman zuen politizazio kanpaina.
Joseba Arregik isekaz bete gaitu Egunkaria Sortzenekoak Gasteizko Parlamentuko bere hitzaldian. «Zenbaitentzat zerbaitek zabala, irekia, plurala izan behar duela esateak nahaste-borrastea esan nahi du, manipulaziorako aukera, lotsagabearena, joku arauak errespetatu beharrik ez dagoela pentsatzen duenaren aukera». Bukaeran zera bota zuen: «Hemendik eskerrak eman nahi dizkiet azken hilabete eta asteetan gai honen inguruan euren eritzia argi eta garbi azaldu dutenei, bai alderdi politiko bai gizabanakoei. Ez ordea guziekin ondo egon nahiaren eraginez tunela baino ilunagoak diren jarrerak plazaratu dituztenei». Hitzaldia osorik irakurri duenak badaki esaldiok ez ditudala testuinguruaren esanahitik aldendu. Praktikan zer eskaini du Arregik?
Gobernuak bere proiektuak oporren aurretik eskuratua izanen du batez ere kazetagintzari dagokionez. Proiektu bakar bat biltzeko ahaleginak ondo iruditzen zaizkio, baina ez du horretarako biderik eskaintzen; aitzitik, aldez aurretik igertzen du horren posibilitateez zalantza handiak dituela, eta aipatu ditugun bezalako isekak formulatuta oso garbi uzten du bera ez dela izango negoziaketarako pertsonai egokia. Eta hankasartze historiko bat: «legebiltzar honetara biltzen diren alderdiak» izango omen dira euskarazko egunkaria erabakiko dutenak. Euskal kulturaren erabakitzaile Komunitate Autonomoko alderdi politikoak, tartean Ajuria-Eneako hitzarmena delarik. Euskal kultur proiektuak parametro horietara eramanez, zulo beltzera goaz.
Euskal kulturgintzan ari garenon artean proiektu baten inguruan aspaldian lortu den kontsentsurik zabalena erdietsi dugu Egunkaria Sortzenen. Nik ere badakit, ordea, hitzegin eta negoziatu behar dela bai gure asmoei begira kezkak edo zalantzak dituzten euskaltzaleekin eta bai instituzioekin. Baina ez Belokiren taldea da horretarako gunea —berak Egunkaria Sortzenekoei garbi adierazi zienez— eta ez Arregi izango da horretarako interlokutore egokia. Nere eritzian. Belokiren taldea balizko proiektu alternatibo gubernamental bihurtu da, eta horretarako mailarik ez du ematen. Eta Arregik jarrera beligerante bat hartzen du inolako irtenbiderik eman gabe. Hortik abiatuta, Eusko Alderdi Jeltzalearen buruzagitza hankasartze historiko bat egiten ari da. Niri dagokidanez, engainatu nahi izan nautela eta tranpa egin dutela adierazten dut publikoki. Eta Belokiren taldearen erabakiak aldez aurretik hartuak daudenez, ez dut bere txostenaren idatzian parte hartu nahi izan, ene dimisioa aurkeztuz. Egunkaria Sortzenen lanean lagundu eta udazkenean periodikoa kalean egon dadin bultzatzean datza lehentasuna. Segi bezate Egunkaria Sortzeneko buruek instituzioekin harremanetan eta negoziatzen ahaleginduz, baina edo Arregik bere jokabidea aldatzen du edo eta beste interlokutore bat beharko da.
PELLO ZUBIRIA, ARGIA, 1990-7-15