1990eko
hemeroteka
Oteiza-Chillida: bero-bero
Aspaldikoak dira, eta betirakoak honez gero, Oteiza eta Chillida eskultoreen arteko liskarrak. Mende honetan euskal eskulturgintzak munduan barrena izan duen inportantzia eta harrera dela eta, lehen harria nork jarri ote zueneko eztabaidatik hasi eta gaur egungo arteari buruzko politika instituzionala bitartean, ekaitza da nagusi.
Iragan astean trumoi eta tximistek jo zuten berriro, Oteizak El Diario Vasco eta Egin egunkarietan argitaraturiko artikulo bat dela medio. "Chillida eskultorea salatzen dut", izenburupeko Oteizaren gutunak Chillidari ez ezik Gasteizko Gobernuko Kultur Sailari egiten zion eraso.
Chillidak maiatzak 20 zituela egindako adierazpen batzu argitu zituen Oteizak: estraineko eskultura abstraktoa ez zuela Chillidak zizelkatu, honek esan ohi duen bezala. Baina areago, Oteizak bere plagiatzaile deitu zion Chillidari, eta nazioarteko merkatuaren asmakizun bat baino ez dela gaineratu gero. Chillidaren erantzuna laburra izan zen ondorenean: «lasai, lasai».
Ostera, «lasai, lasai» baino «bero-bero» daude kontuak berriro, Gernikan 1985ean Chillidaren "Gure aitaren etxea", «plagioa» paratu zutelako, orain haren aldamenean Henry Moore eskultore ingelesaren azken aldiko obra bat ezartzen dihardutelako —uztailaren 7an inauguratzekoa—, eta bien bitartean, alde batetik, Oteizaren Bilboko kristalezko kuboaren proiektua atzera bota eta, bestalde, Chillidaren faboretan Oteizari Gernikako lekua ukatuz Donostiarako enkargu bat eginagatik.
Bi eskultoreetarik euskal eskulturgintza modernoko lehen harria nork paratu dueneko eztabaidak ez du piperrik merezi gaur egun, gure ustetan; merezi du ordea, kultur politika instituzionalaren arduradunak saltsa mikaztu honetan egiten ari direna aztertzeak.
Apaingarri kontsumotzat jo du Oteizak Gasteizko Kultur Sailaren artearekiko jarrera, bide batez PNVren, Joseba Arregiren eta honen kontseilariak diren Durana eta Barañano jaunen atzerakeria salatuz. Chillida zaleentzako eritzi diskutigarria izango da Chillidaren eskulturgintzarekiko Oteizak ageri duen 'apaingarri' eritzia, baina instituzioen kultur politikagintzari buruz gogoeta egiteko zirriborro mamitsuak topa ditzakegu Oteizaren zenbait hitzetan.
Erraldoikeriaren sasoian sartuak dira kultur politikariak. Agintea eskuratu eta lehenengo arreta komunikabideak hobetu eta frontoiak eraikitzean ipini zuten; komunikabideak eta frontoiak eta gero ordea, botereak zigilu artistikoa falta du itxuraz. Eta horretarako, botereak aurkitu du nork igaro eraziko dion etorkizunera: Bilboko alkatea den Gorordok Oteiza hautatu zuen kristalezko kubo erraldoia diseinatzeko; Joseba Arregi kontseilariak ordezkatzen duen Eusko Jaurlaritzak Chillida aukeratu du, bai "Bakearen ikurra" —eta beste hainbat sortzeko— bai "Gernikako ikurra" bitartez inmortalizatzeko.
Eta Chillidak amore eman du, Oteizak ere beharbada emango zukeen modu berean. Eta artea apaingarri bilakatu dute. Eta apaingarria pegatina gero. Eta, tamalez, antzerakoa gertatuko bide da PNVren ostean ondorengorik baldin badago.
Henry Moore eskultore ingelesaren erakusketa berezi bat Bilboko Arte Ederretan zabaldu izana gertatu da joan den asteko arte munduko bigarren notizia. Duela lau urte hil zen eskultorearen "Large figura in a shelter" (1981) —Madrilgo eta Gasteizko Gobernuaren artean 600 milioi pezetaren truke erosia— Gernikan erakutsi aurretik, aipatu bi kultur departamenduek Moore-ren 47 obraz osaturiko erakusketa apailatu dute Bilbon, abuztuaren 12 bitartean ikusgai izango dena.
Eskultura ttiki batzuez gainera, litografiez, grabatuez, pinturez eta marrazkiez hornituriko erakusketa honek artista ingelesaren alderdi ezezagunena agertarazteko asmoa du, Henry Moore Fundazioko arduraduna den David Mitchinson-ek aditzera eman duenez. Politikarien adierazpenak bestelakoak izan dira: «Henry Moore fue uno de los artistas que más trabajó para romper el cerco fascista contra los luchadores vascos» (J. Arregi).
Henry Moore-n Gernikarako eskulturaren inguruko Jorge Oteizaren eritzia gorde gabe ez dugu kronika hau amaitu nahi: «el monumental engendro (lo peor del gran escultor inglés), una concha gigante con su gran clitoris que parece simbolizar la inglesa no intervención que permitiría abrasar Gernika».
Euskadi monumentala.
GORKA ARRESE, Argia, 1990-6-1