1990eko
hemeroteka
Frekuentzi banaketa Nafarroan
Heldu naiz bestek ongi esanak makets errepikatzera, besterik ezean, azken orduko mandatuz. Nafarroan irratien frekuentzi banaketak ustekabean harrapatu omen du zenbait jende. Harriduraz ahomentatzen zidaten ez du aspaldi Nafarroatik landako batzuek: «Alajaina! Hemengoak baino euskaltzaleago ari duk gertatzen Nafarroako gobernua». AEKren dirulaguntzaz edo Lizarrako Oinez-90ez ziharduten. Eta galdegiten zidaten: «Hi, zer ari da gertatzen Nafarroan?». Ez nintzen gai izan Argiako lankideei zuzen azaltzeko horrek ez zuela ene ustez deus aldatzen.
Alderdi inmanentetik zertu nahi omen ditu hizkuntzarekikoak nafar Gobernuak, eta hainbat euskaltzalek eta gizarteko lagun gehienek hortik jo dute, euskara ideologi eta politika kutsuz ahalbait gehien eranztera. Ordea, hizkuntza gizakiei zor zaien aldetik, hauen amets, ahalmen eta burubideen sare trinkoan lardaskatzen da, eta jakina, baita asmo transzendenteetan ageri ere. Euskararen alde gehien ihardun dutenetatik askok analisi orotan hizkuntza neutraltasun faltsurik gabe kontestu zabalago batean sartu ohi dute. Ikuspegi honi beste pluralagoari baino hobeki egokitzen zaizkio azken gertakizunetarik asko: Oinatikoan iaz Urralburuk Euskaltzaindiaren deiari huts egina, Enciclopedia General de Navarra argitara berria, ikerketarako diru laguntzetan hizkuntzak urte oro jasotzen dituen ostikadak, Lizarrako herriko etxeak izen ofizialaz erabakitakoa eta beste honelako hamaika, Xorroxin eta Euskalerria irratiko adiskideek ongi dakitenez. Pluraltasun zantzuak ageri dituen egutera ofizialari «gaia desdramatizatzea» zeritzon euskaltzain nafar batek oraintxe.
Gobernuak, inondik ere, gauza serioak dira. Dauzkaten gora-behera, irabazi, truke, azpijoko eta ilunbistako hartu-emanak, are hizkuntzarekikoak hain debaluaturik diruditen garai honetan, ez dira nolanahikoak. Guztiz logikoa lirudike, euskarazko gatea publikoa ukatu zutenek, oraingoan Nafarroako bi indar politiko nagusien inguruan dabiltzan gateei frekuentzia banatzea, aski dute aurrera Baztan eta Irunerriko irrati euskaldunekin zabalxe, hertsi gabe alegia, jokatzea, bai baitakite publizitate ugalpenak lekarkien ona galdurik ere segitzeko borondatea dutela. Giltzarri bihurtzen genuen borondatea Nafarroako Hizkuntz Legea sortu zutenean, zirrikituak borondatez eta burrukaz baliatu beharko genituela argudiatuz; ez genuen atzentzen, ordea, legearen bitartez normalizazio janzkerapeak hizkuntzaren aurkako ekintzak lege barne kokatzen ahal zituztela eta justifikatzen, Nafarroaren konponente ez euskalduna primatzea erabaki zutenek.
Hau idazten dudanean bost egun falta dira Colin Legebiltzarrean gaiaz aritzeko, ez jakin zertara eginen duen auziak. Radio Television Española-ren Navarrak Urriaren l9an erabaki zuen Nafarroako hizkuntzen erabilera eta trataera egokia medio hizkuntz normalizazioan bere ahalegina erakutsi nahi zuela. Hasiak gara gauez Radio Nacionalen zerbaitxo euskaraz aditzen. Zain gauzkate beraz, pluraltasun horri noiz ekingo dioten esperoan. Kale egingo ez diguten esperantza ordea baztandar eta iruinsemeekin, horiek, euskalgintza aferetan urteen perspektiba bildurik, ikasia bait dute ekinez eta gutitik hasirik erdiesten direla helburuak, mintzo apalean, soldata laburrak lagun, pittaka-pittaka programazioa hobetuz, ordutegia nahiz geografi hedadura zabalduz. Oraingoan ordea, aukera eder bat kendu diete Gobernukoek.
IÑAKI CAMINO, ARGIA, 1990-XI-1-3