1989ko hemeroteka

Beti euskararen kontra

30 bat urte barru eta Frantses estatuaren hizkuntz politika aldatzen ez bada euskara desagertuko da Iparraldean. Hego Euskal Herrian, berriz, badirudi euskararen etorkizuna ez dela oparoagoa izango.

Administrazioek, halako batean argi eta garbi utzi dute zein den beraien euskararekiko jarrera, Euskal Herrian bizi garenon hizkuntza nazionala akabatu, helburu hori lortzeko duten oztopo bakarra herri honen nahia eta nahi horren isladapena diren herri iniziatibaz sortutako herri-erakundeak direlarik.

Euskararen berreskurapenean sutsuen eta indar gehien sartuz aritu izan den AEK, administrazioek akabatu nahi dute. Baskongadetan HABEren bidez eta Nafarroan HABEren antzeko lege baten bitartez. Lotsagarria da, benetan herri honen nahia kontutan hartu gabe eta are gehiago herri honen dirua erabiliz AEK ordezkatu eta apurtu nahi izana.

Bukatuak dira, 79an Valenciako kongresuan Txabarri (oraintsu arte HABEren zuzendaria eta egun PNVren buruetako bat) eta Amatiñoren hitzak. Orduan esaten bait zuten euskararen berreskurapenari ekiteko instituzioen eta herri iniziatiba uztartzea nahitaezkoa zela, edota beste bat non esaten zen Administrazioek ez dutela herri iniziatibaz sortutakoa ordezkatu behar.

Errealitateak, ordea, bestelako iharduna erakutsi digu. AEK-k erein duen lekuetan administrazioak AEK indartu eta bere lana aurrera eramateko medioak eskeini beharrean, AEK baztertu eta diskriminatu du. Administrazioak demanda osoari erantzun beharrean, demandaren parte bati soilik erantzun izan dio, gainerakoek beren poltsikotik ordaindu behar izan dutelarik beren euskalduntze edo alfabetatzea.

Administrazioak dohaintasuna aldarrikatu beharrean, Eibarraldeko AEKri uda parteko ikastaroetan 4.500 pzta 'soilik' kobratu zuelako ez dio inolako dirulaguntzarik emango (Udal-Euskaltegiak, ordea, nahi duen beste diru izango du bai udala zein HABEren partetik nahiz eta 3500 pzta kobratu).

Aspaldian euskara galdua den zonaldeetan, hirietako auzoetan, zonalde euskaldunetan... 48 ikasletik beherako gau-eskolek ez dute subentziorik jaso eta jasoko. Bizkaian 26 gau-eskolek aurten ez dute, beraz, subentziorik. 8 ikasletik beherako taldeek ez dute inolako dirulaguntzarik izango. Euskalduntze-alfabetatze lana suspertu beharrean berau oztopatu eta ahalik eta traba gehien ezarri nahi du administrazioak.

HABEren ekinbidea, hasera haseratik, euskalduntze-alfabetatzea kontrolatzea, burokratizatzea, eragoztea izan da. Helburua, agerian dago euskararen berreskurapena eta normalizazioa moteltzea eta geldi araztea.

Zergatik akabatu nahi dute AEKrekin: Iparraldetik hasita Ebro ibairaino hedaturik dagoen erakunde bakarra delako? euskaren egoera normalizatzeko herri gisa zor zaigun errekonozimendua nahitaezkoa dugula aldarrikatzen duelako? AEK-k gestio demokratikoa bultzatuz bere izaera publikoa aldarrikatzen duelako? euskara irakasten ez eze euskara erabilia izan dadin saiatzen delako? gure hizkuntza nazionala ikasteagatik ogerleko bat bera ere ordaintzearen kontra dagoelako eta beraz, dohaintasuna momentuoro exigitzen duelako? Herri hau, bere hizkuntza nazionalaren berreskurapenaren subjetua dela esaten duelako? Euskararen alde egoteko modu bakarra euskara ikastea, euskara erabiltzea eta euskararen alde eragitea dela esaten duelako?

Baina, oker ibiliko ginateke AEKren kontrako erasoak soilik aipatuko bagenitu, UEU ere hortxe dago itotze ekonomikoaren bidean, ARGIA aldizkariari aplikatzen dioten subentzio politika, betiere ARGIAren lana oztopatu asmoz, hortxe dugu Euskal Eskola Publikoaren auzia, euskaraz bizi nahi duten udalerrien kontrako errekurtsoak... Azken finean, frankismoaren geroztik gauzatutako euskararen aldeko herri mugimenduaren kontrako erasorik bortitzena gauzatzen ari dira, betiere, noski, demokrazia santuaren izenean.

Baina guzti honen atzetik ez daude instituzioak soilik. Abertzaletasuna aspaldian ahazturik duten partiduen hizkuntz politika dugu ere. Hortxe dugu PNV, eskuineko eskuaz AEKrekin, paktua sinatu eta ezkerrekoaz (HABE) AEKri erasoka, lotsagabeki AEKri iruzur egin gero sinatutakoa ahazteko. BATEGINIK kanpainan mehatxuka, boikoteoan eta gezurretan eta azkenean herriak burututako kanpaina horretako emaitzak Estrasburgen entregatzerakoan figuratu nahian. Ez dugu ahaztu behar, bestalde, Gasteizko gobernuaren jestoreak oraintsu arte izanda, nahiz eta orain bestelako izena erabiltzen duten aipatutako eraso politakaren gauzapenean eragin eta inplikazio zuzena izan dutenak, beraz, erantzule direnak ere. Euskara itotzen ari den marko juriko-politikoaren defendatzailerik sutsuenak dira euskararekin eta herri mugimenduarekin akabatu nahi dutenak, ez ziur aski herri honen interesak kontutan hartuta alajaina!

Aurrekoek asmatutako tresnak oinarritzat harturik, Nafarroan, nafarren hizkuntza ito nahi dute, badakite jakin, Euskal Herria Nafarroa gabe ez dagoela egiterik.

Baina, argi euki dezagun guztiok eraso guztien gainetik euskararen aldeko herri mugimendua aurrera joango dela. Argi euki dezagun, AEK-k bizirik iraungo duela, iraun behar duela, azken finean AEKrekin soilik ez dago Euskal Herria berreuskalduntzerik baina agerian dago AEKrik gabe euskara berreskuratzea ezinezkoa dela.

Frankismo garaian herriak euskara aurrera atera zuen bezalaxe, egun, herriak hartu behar izango du (instituzioen laguntzarik gabe zoritxarrez) euskara berreskuratzearen zama, eta bere barrenetik sortutako herri-erakundeen defentsa. Herkideok duzue hitza.

ERRAMUN OSA, Argia, 1989-II-28

Gure Mendea