1989ko
hemeroteka
"Ezin bukatuzko nobela"
Iparraldean ikastolen ikasturte berria hastera doa, alde baikor, dudakor, pozgarri eta nekeziekin... Une hauetan elkar hizketak daude Seaska eta Hezkuntzako ministeritzak Bordelen duen errektorearekin. Iragan ekainean, berriketarien bidez Jospin ministroak eta berantago Iparraldeko hautetsiek Joxe Barne ministroak parte eman zutenean ama eta lehen mailako ikastoletako irakasleak Gobernuak kontratatuko zituela 3 urteko lan kontratu batzuen bidez, Iparraldeko euskal mugimendu osoa pozten zen ikusiz kultur munduaren mugimendu bateratuak blokadurak nolazbait hautsi zituela.
Ordutik honera halere dudak ezin ditugu baztertu Gobernuaren neurriak aplikapenetan sartu arte. Neurri praktikoen dokumentoa izanen da Hezkuntzako ministeritza eta Seaskaren arteko komenioa, agorrilak 24an eta irailak 12an hori osoki proiektatzeko bi partaideak konprometitu direlarik. Lehen bilkura pasatua da. Bordele eta Baionaren artean adostasunak nabari daude lau puntutan:
- Ikastolen eredu pedagogikoa oinarri hartzea.
- Irakasleen lan kontratu indibidualak komenioarekin uztartzea.
- Irakasleen formakuntza jarraikia bi partaideen kontzertazioaren esku uztea.
- Kontzertazio talde burubidun baten bideratzea komenioak aipatzen dituen arlo guztietan neurriak proposatzeko.
Baina Bordeleko Lucas errektorea Ministeritza al da? Elgarrekin egin lana aldian beste Parisek ez al du botako? Irailak 12an buka dezakegun komenio proiektua Parisek inprimatu nahiko ez duen nobela bat baizik ez al da izango? Gaur egun ezin neurtuzko errealitatea dugu hori Seaskakoek.
Kapitulu hau amaituta ere asko geldituko da konpondu gaberik. Hezkuntzako ministeritzan bigarren mailako ziklo osoari etsiak daude. Kanboko Bernat Etxepare ikastola bere 120 ikasleekin orain arte bezala segitu beharko da hazten Estadoaren laguntzarik gabe. Gainera ikastoletako ikasleak beren bigarren mailako ikasketetako kontroletan, dela lehen edo bigarren zikloko etsaminetan, ez dira beste ikastoletako ikasleekin parekatuak: adibidez, ikasketa bukaeraren baloratzeko ez zaie urteko kontrola jarraikia kontutan hartzen, bestek baino asignatura gehiagotan behar dituzte ere frogak pasatu.
Askotan aipatzen dugun eta denek ezagutzen duten arlo ekonomikoan ere zailtasun izugarriak daude ikasturteko lehen 4 hilabeteetan Iparraldeko ikastolentzat. Jakina da geroari buruz konponbide partzial batera joaitea deliberatua den Gobernu frantsesak, 1989rako ez duela aldatu lehenago eskuratzea genituen urteko diru laguntza publikoak, horiek geldituz diru presupuestoaren %25ak. Iparraldeko hautetsien izenean Hazparneko auzapezak publikoki dei egin zuen ekainean Joxe ministroari arlo horretan aldaketa beharrezkoa zela eta komenioaren aplikapen hasiera arteko lotura ekonomikoki asumitu behar zuela Estadoak; bainan irudi luke Parisen elkorrak direla nagusi.
1989-9Oeko ikasturtea halere hats baikor batekin hastera goaz, ikastoletatik ditugun informazioak konfirmatzen badira bederen, ama ikastoletan %15 batez haurren kopurua goratuko delako.
Hori hala bada... asma dezagun hurrengo kapituloa...
JEAN LOUIS MAITIA (Seaska-ko arduraduna), Argia, 89-IX-3