1989ko hemeroteka

Ba omen ziren... ikastolak

Azken urte hauetan, demokrazi garai berri hauei erantzunez edo, elkarrizketa bidea landu dute ikastolek ere, zergatia mobilizaziorako ahalmenaren gutxitzean dagoela esan badaiteke ere, ezin ahaztu beste arrazoinak ere badirela. Gaur egun negoziazioa erabiltzen du, gizarte osoak, baita estatutik kanpoko erakunde eta Nazioak, ikastolaren gizartea osatzen dutenek ere bide horri ekin diotelarik, batez ere azken 2-3 urtetan. Eta azken egunetan mila bider ikastolen konbenio politikoa dela eta mila berri kaleratzen entzun eta bizi izan baditugu ere, Nafarroatik begiratuta nolabaiteko pozaz ikusi dugu lortutakoa, etxera begiak zuzentzerakoan herrialde honetako ezintasun, kontraesan eta nahaspilarekin aurkitu garen arren.

Une honetantxe, baieztatu dezakegu, Nafarroako Ikastolen Elkarteak Gobernuarekin mantendu izan dituen elkarrizketak bertan behera geratu direla, aurrera jarraitzea ezinezkoa delarik. Azken urtean (1988n) izandako harreman eta elkarren artean igarotako proposamenen eta idatzi guztiak ikastola txikia ixtea eduki du helburu bakartzat eta herrialde euskalduntzat jotzen diren ikastola finkatuen geroa ikastetxe pribatuen tratamendua jasotzera mugatu da beti, hori bai gainera, Gobernuak bere kriterio eta UPN alderdiarekin hitzartutako baldintzak betetzeko gai diren bitartean. Iruñeko Ikastolek, tratu berbera jasoko lukete, nahiz eta hauek gerora desagerketarako arriskua hain gertu bizi ez duten. Eskualde erdaldunetako ikastolak aldiz, etorkizunik gabeak lirateke, hauen bultzada gurasoen eskuetan bakarrik uzten baita, azpiegiturarik eza nabarmena eta aurkako giroa gainditzea oso neketsu bihurtzen delako. Mila bider aipatu den Baskuentzearen Legeak ez du itxaropentsu agertzeko inongo biderik eskaintzen eta, lege bidez eskola nazionaletan euskara sartzea eskualde hauetan pentsa ezina denez, pribatua deitzen zaion (?) eraginak lortu behar du giro horren aldaketa.

Baina aipatu dut eskola; ez da euskal eskola, norbaitek pentsa dezakeen bezala. Eskola egia da asko aldatu dela azken urte hauetan, ez beharbada batzuk nahi luketen bezainbat, ez, hori bai, guk nahi dugun adina. Zeren ezin ahaztu ikastolaren alternatibatzat jotzen dutela bat baino gehiagok, ahaztuz nonbait hemengo gobernukideek ez dutela Nafarroa Euskal Herri osoko mapa agertzen den textu libururik ametitzen. Eta ahaztuaz nonbait, eragin soziala txikia izaten jarraitzen duela, eta estaliz baita 6 hilabetez ezin dela maisuez euskaldunen erreziklaia ziurtatu, eta ikastolan dena ona ez bada ere, alternatibatzat azaldu nahi zaigun eskola euskalduntzeko baldintzak ez dituela ikastolarenak baino hobeagoak eskaintzen ahal, eta ereduak erakutsi dutena beste komunitateetan, ez dela ezberdina hemen, eta guraso ez euskaldunak errazegi engainatzen direla haur euskaldunak (euskaldunak ikastolatik bait datoz) eta erdaldunak eskolaurreko mailatan edo OHOko 1. mailan nahastuz gero arazorik ez dutela eta hizkuntza menperatzera irixten direla baieztatzen denean, eta abar, eta abar.

Urte askotan iraun duten ikastola txiki zenbait ditugu egun erabaki bat, mingarri bada ere, hartzea gomendatzen dutenak. Gizarteak sortu duen arazo larrienetako bat hauxe, diruak ere konpontzen ez duena, zeren herriak txikiak izanik, haur eza bistakoa da, honek erabakiak hartzera behartzen duelarik. Eta ikastolak herri hauetan etorkizuna edo hobeki, geroa ilun badu, umea da hauxe herri horietako gurasoekin bat eginik eskolarako bidea ahal den era egokienean egiteko, ziurtatuz oinarrizko eskakizun hauek; euskarazko kalitatezko irakaskuntza eta ikastolan zegoeneko irakaslearen lanpostua herri horretan. Urtez urte, ikastola txiki hauetako 2-3 dira desagertzen direnak, eginahal guztiak alferrikakoak izan direlarik, jarraitu ahal dezaten.

Beste irtenbide bat, inguruko ikastolara igarotzea litzateke neurri zuzena, baina, ikastola hauen inguruan ez da beste ikastolarik, beraz soluzioa izan daitekeena hanka motz geratzen da.

Zalantzarik ez dago, ikastolak une historiko garrantzitsua bizi duela, eta herrialde honetan, egoera politikoak amets egiten uzten ez badu ere, azterketa sakona egitea bai gomendatzen du hartu beharreko erabakia zuhurra eta denon artean eztabaidatu eta erabakia izan dadin.

Sentimentalismoak kanpoan uzteko garaia da eta eguneroko arazoari aurre egin beharrak inori atsegin ez zaizkion erabakiak hartu beharra nagusitu behar du.

Nafarroan ez du erantzunik jaso inoiz Ikastolentzat tratamendu berezia eskatzeak, eskakizun hori behin eta berriz mahai gainean aurkeztu bada ere. Instituzionalizazioa bada, ez da posible izanen ahalik eta egoera politikoa aldatzen ez bada behintzat. Bitartean, eta egoerak normalizatu nahirik, ikastolak, legeak eskatzen dituen baldintzak betetzeari ekin diote, gehienak legalizazio bidean abiatuak direlarik. Haur eskasiak dakarren arazoa da, konpon ezin dutenetako bat, eta alderdi politikoen jarrera bestea. Legalizazio horiek bultzatzeko tresna ezinbestekoa bilakatu da herrialde honetan urtez urte Federazioaren gidaritza eta ardurapean antolatzen den Nalarroa Oinez, emaitza ekonomikoak lehenago aipatu diren beharrei erantzunez azpiegitura hobetuz, sendotze bideari jarraitzea posible eginez.

Azalpen ilun honen barruan, eta herri zenbaitetako geroari eustea ezinezkoa den arren, unea ez da batere okerra bestalde, zeren 1989. urtean lau ikastolek euren ikastetxea egiteari ekin bait diote, ekin berri-berritik (Zangotza), edo eta egokitze lanak bultzatu (Etxarri, Lizarra eta Lesakak).

Geroak nork daki zer ekarriko duen, baina gero eta garbiago dago, ikastolak suposatzen duen ereduaren inguruan indar batze bat lortu beharra dagoela, alderdi politiko euskaltzaleen jarrera erabatekoa gertatuko delarik datozen garaietan. Ikastolarik gabeko Nafarroa euskaldunean sinesten duen norbait badago, baina arren kontzientzia azter dezan hotz-hotzean eskatu nahi nioke (nieke) benetan ikastolak ixten utziz, etorkizunik ba ote duen euskarak esku ofizialetan geroa erabat lagatuz.

Nafarroan ez da patrimonio arazorik; ez da ia jabegorik eta egiten den zerbitzu eskaintza, Administrazioaren (Ministeritza, udaletxe...) azpiegitura egokitua erabiliz egiten da; eskubide honi eutsi beharra dio ikastolak, berriak erabakitzea ezinezkoa delako eta horren beharretan galera handiak izan daitezkeelako.

Dena den, lehentxeago aipatu den bezala, bada oraindik lan egiteko eta ikastola sendotzeko nahia eta asmoa ere, egokitze edo eta ikastetxe berriak egiteko ikerketak aurrera bait diraute, Nafar Gobernuaren nahia edo laguntzarik gabe bada ere.

JUAN LUIS LARRAZA, Argia, 1989-II-12

Gure Mendea