1988ko
hemeroteka
ETB, burujabetasuna eta burugabekeria
Euskal Telebista orain lema aldarrikatuz atera zen euskaldungoa kalera duela sei-zazpi urte. Eskakizun herritar horren indarrak erdietsi zuen ETB martxan ipintzea, lege egoera 'de facto' onartu behar izan zutelarik horren kontra agertzen ziren indar españolistek. Euskaldunok garaipen txiki bat lortu zuten. Horren ilusioa egin zuten: «euskarak sekula izan ez duen tresna bat izango du orain».
ETB ez zen (ez da) Euskal Herri osora ailegatzen. Baina onartzen da ezinbestean. Ez du programazioan eta telebista ereduan asmatzen. Baina onartu egiten da. Ez dago besterik. Ez dago hizkuntz eredurik eta barne-produzioa kaskarra da. Baina onartzen da, medio berria da. Sortu berria.
Jaurlaritzan PNV da jaun eta jabe. ElTBn berak egiten du eta desegiten du nahi duen guztia, nahi duen moduan.
Informatiboak erdaraz ematen hasi ziren gero, PSOEren eta APren argudio berberak erabiliz PNVk bere ahotan: «gizarte osoak ordointzen du ETB eta euskaldunek nahiz erdaldunek behar dute lekua telebistan». Erabaki horren oinarrian arrazoi bat baino ez dago: PNVk erdarazko informatiboak nahi ditu telebistan bere ikuspegi politikoa zabaltzeko, euskaraz mugatua bait da beti audientzia.
Euskaldungoa ez dago gustora ordea telebista horrekin. PNVk tranpa egin dio Euskal Herriari. Euskal Telebista agindu du eta Telebista elebidun kaskar bat egin du.
«ETB euskara hutsez eta Euskal Herri osoan» eskatzen du euskaltzaleak. PNVk erabaki beharra dauka, ezin dezake Arzalluzek EGlko gaztetxoekin euskaltzale propaganda egin ETBn gero eta erdara gehiago erabiltzen den bitartean.
Aterabidea: bi telebista egitea bakar baten prezioan. Euskara hutsez bata. Erdaraz (batez ere) bestea. Euskaltzaleen aurrean muturra garbitu, PNVk erdarazko tele-informatiboak mantendu eta zerga-ordaintzaile erdaldunen aurrean koartada ederra eskuratu. Ez da karanbola txarra.
Gizartean ordea gauzak ez daude lehen bezala PNVrentzat. PNV puskatu egin da eta PSOErekin ezkondu beharrean aurkitzen da Jaurlaritzan mantendu ahal izateko. Sozialista españolek J.M. Azpiroz sartuko dute EITBn J. Ortuondoren aholkulari moduan. Baina ETBk berean darrai. Informatibo kaskarrak eta jeltzalezaleak, programazioan ezin asmatuaz, publizitatea eskuratu ezinik eta audientzian behera.
Telebista bakarra dauka Komunitate Autonomo honek euskaraz eta vampiro baten moduan zurrupatzen dio ETB-2k odola (baliabideak).
Baina azterketa hankamotz geratuko litzateke ETB baizik kontutan hartuta. Hemen, oraindik orain Televisión Española da bere bi kateetan, eta bere bi sukurtsaletan, Telenorte eta Telenavarra, gehien ikusten den telebista. Erdara hutsezko telebista da eta euskaldun guztiok ordaintzen ditugu telebista publiko hori mantentzeko zergak.
Sozialista españolek garbi agertu dute egunotan zer nahi duten ETBn: telebista kate bakar bat eta elebiduna. TVE españolez, noski!
Erantzuna berehala etorri da alderdi politiko nahiz erakunde herritarretatik: zergatik ez dute Telenorte edota Telenavarra euskalduntzen?
Erantzuna ez da batere zaila: sozialista españolek españolez nahi dituzte Pais Vasco eta Navarra direlakoak eta estatutua onartu zuten alderdiek ez daukate legezko indarrik (ez eta bestelakorik ere) Euskal Herrian emititzen duen edozein telebista edota irratiren hizkuntzaren erabilera arauzkotzeko.
Horixe da benetazko arazoa. PSOEren zaunka español hau, eta Ortuondoren dimititzeko borondatea, hautesleei begira egindako pantomima hutsa baino ez dira. Españolago agertzen da bata eta euskaldunago bestea bakoitza bere 'baska'-ren aurrean.
Azken finean, ez PNV ez PSOErentzat ETB ez da funtsezko gaia. Horri buruz ager ditzakete ezberdintasunik. Funtsezko gaiak diren horietan ederki asko ezkondurik jarraitzen dute.
Hau da, burugabe jarraitzen du ETBk eta burujabetasunik ez daukan Euskal Herriak telebista mailan euskararen normalizazioa garatzeko.
INAKI URIA, Argia, 1988-XI-27