1988ko hemeroteka

Euskal kultura, erdal kultura

Eguneroko zurrunbilotik aldendu eta noizbehinkako ausnarketa orokorragoa egiteko aukera handirik edukitzen ez dugun arren, behar beharrezkoa dugu noizbait galga botatzea eta gertaerak etorri aurretik arazoa planteiatzea.

Gaia noiz edo noiz atera izan da mass-mediatan: zer da euskal kultura eta zer erdarazkoa. Gero barealdia barreiatu ohi da, eta guztiz ahanztu, Ness lakukoa berriro agertu arte. Eta honelaxe, mende honetan zehar hainbat alditan. Unamunok ez zuen uste euskal kultura baserriko lan eta ekiteetatik ateratzen dena baino urrunago joan zitekeenik, eta kulturaren 'kultismoa' ukatu zion gureari.

Atxagak, bestalde, orain zenbait urte esana du euskal kultura, kultura satelitea dela, erdigunea den erderazkoaren inguruka dabilena. Idazleren batek pentsatu izan du hitzak aldatuz erdal eta euskal kultura bereizten ez dela, eta hainbatek uste dute, honez gero, eta azken urteetako errepresio nahasia dela-eta, bereizterik ez dagoela, hemengo denek kultura bera bizi dugulako, gaztelaniaz, frantsesez nahiz euskaraz adierazten badugu ere. Azkenik, erakunde publikoetatik eta kontsentsu beharrak bortxatuta, gizartean dauden bi komunitate-kulturen arteko amildegia ezabatu behar dela esaten da esan, eta kultur korronte biak zelanbait uztartu.

Arazo guzti honetan agian, dagoen lehen arazoa, kultura benetan zer den jakitea da hitzaren etimologia enoratuz, guk kulturatzat jotzen dugulako produktu amaitua, berez lantze prozesua izan behar duen bitartean. Kultura, latinezko culturam, ekintza eragilea da, dinamikoa, mugimendu etengabean dagoena. Kultura erabiltzea da, hazkuntza, gintza. Eta, aldiz, guk kulturatzat jotzen dugun hori, ez da ekintza, azken produktua baizik, fosilizatua. Ez da kasualitatea kulturatu eta lurra landu sinonimo izatea.

Kultura beraz eragilea da. Arazoa sortzen zaigu adjetiboak jartzerakoan: erdal eta euskal adjetiboak. Hitzen esanahiari atxekitzen bagatzaizkio, euskal kultura, euskal munduaren alde dagien mugimendu edo ekitea dugu, eta erdal kultura erdarazko kosmogoniaren alde dagiena. Adi konklusiora: euskal kultura erdaraz egin daitekeela onartu beharko genuke, hizkuntza ez izanik elementu definitzaile bakarra, helburua baizik, eta modu berean euskara erabiliz, erdal kultura egitea posible dela.

Oraingoan planteiatzen zaigun arazoa, ondorioz, ez da kulturaren ingurukoa, baizik eta euskal eta erdal zer den zehaztu beharrekoa. Eta hizkuntza mugagile izan dezakegu, baina ez beti eta ez egoera guztietan. Non kokatu musika, eskultura, gorputz espresioa, pintura edo dantza bat? Zein da euskal kulturaren ezaugarria hizkuntza ez dagoen arloetan? Zein puntutaraino dira nahikoak historia, ohitura, tradizioa edo inertzia giza talde baten produktuen arteko konexioa egiteko? Eta, batez ere, nola ikusi ezaugarri hori produktu berrietan?, doinu apurtzailean?, pintura ez konbentzionalean?

Gutxienez bi (edo hiru) hizkuntzez eta bi (edo hiru) mentalitatez bizitzera kondenaturik gauden guztiok, noiz edo noiz galga bota eta ausnarketa hauen egiteari ekin beharko genioke. Ez erdal eta euskal munduaren arteko muga behin eta betiko eta kartaboiez marrazteko, horrelako lerro zuzenik ez dagoelako. Baina bai gure burua hobeto ezagutzearren, eta bide batez, noizean behin azaltzen diren kirtenkeria erraz eta funtsabakoei taxuz ihardestearren.

LAURA MINTEGI, Argia, 1988-VI-26

Gure Mendea