1988ko
hemeroteka
"Escribir novelas"
Haserre dabiltza Eusko Legebiltzarrean egunotan, ez omen da bertako jarduna serio hartzen, eta esana ere dute badagoela parlamentaririk nobelak egiteagatik ezagunagoa parlamentuko lanagatik baino. Oraingoz, eta argitaragabeko idazleren bat izan ezik, Mario Onaindia hartu bide dute ahotan, aipatzeke. Idazlea naizen erdiak min hartu du eraso honekin, eta politiko profesionala ez naizen beste erdiak min hartu du Euskadiko Ezkerrak bere partaide Onaindiari eginiko defentsarekin.
Badirudi egungo parlamentuak ez daudela behinolakoak bezain barkaberak idazleekin, edo Gasteizkoa behintzat ez hor barrenakoak bezain pairakor, eta tartean idazleak edukitzeari ez diotela irizten ohorezko ezaugarri eta kulturazko apaingailu, ez dutela idazleen beharrik gizartearen aurrean parlamentaritza duintzeko eta prestijiatzeko, besteak behar izan duten bezala.
(Alfonso R. Castelao, Romulo Gallegos, André‚ Malraux, Manuel Azaña, Mijail Sholojov, Nicolás Guillén...). Ondorioz, idaztea ez daukate lantzat parlamentari jaunek, edo euskaraz idaztea ez behintzat. Eta arrazoia dute, euskaraz idaztea ez baita idaztea, baizik eta euskaraz idaztea, eta honela pentsatuko zuen bere kolkorako parlamentari sutsuak: «...es más conocido por escribir novelas en vascuence!». Baina ez da ausartu esaten. Zer edo zertan aurreratu dugu, ezertan irabazi ez badugu ere. Lehen herri inkulto bat ginen euskaldungoa, orain ez gara herri, orain talde bat gara. Presio-taldea ordea.
Nobelagintzari ez dugu esanen ogibide, baina lanbide ez iriztea nobela horiek euskaraz idatzi direlakoz ulertzen da bakarrik. Farregarrikeria eta denbora alferrikaltzea poesian jardutea izan da orain artean, baina hizkuntza euskara bezalako zerbait denean, berdin dio poxpoliñei olerkiak egitea edo berrehun foliotako nobelak egitea. Hizkuntza honek dena egiten du farregarri eta alferrikako.
Baina Mario Onaindiari bere alderdi Euskadiko Ezkerrak egin dion defentsa ere beldurgarria da: alegia, badaudela Legebiltzarre horretan Mario Onaindiak baino gutxiago jarduten dutenak, eta ez EEkoak hain zuzen, eta hitzik atera ez duten lau bat ere ba omen daude.
Nik uste nuen Euskadiko Ezkerran harro zeudela aldizkarietan eta «Secretario Gral. de EE»-ren ondoan «y novelista» irakurten zutenean, harro zeudela Onaindia bezalako idazle bat lankide eta etxeko izateaz. Ez dirudi. Hitzik ere ez Mario Onaindiaren nobelez. Erdiesan bat ere ez idazletzaren garrantziaz.
Ez dakit Biltzar Ttipiak, bere baitan, parlamentari sutsu harek bezala pentsatzen duen, edo Mario Onaindiak arrazoiak eman dituen halako defentsa legalista bat besterik ez sortzeko, baina itxura du aro gaitza datorrela idazleentzat Euskadiko Ezkerran. Ez dute nobelistarik nahi legebiltzarrean.
Pentsatzekoa da Euskadiko Ezkerrako partaide ez gutxik badakiela biharko egunean, Euskal Herriak idazle bezala, nobelagile bezala, ezagutuko duela 77tik ondoko Mario Onaindia. Eta hori amorragarria izanen da EEko bat baino gehiagorentzat. Baina garbi dago erruduna Euskal Herria dela, eta ez Mario Onaindia. Baina ez diote barkatzen, sobra ere.
Ez dut ulertzen. Telefonoka jardun dut EEko idazle adiskide izandakoei gaztigatu nahiean. Ez dute erantzuten. Beldurgarria. Aro gaitza.
KOLDO IZAGIRRE, Argia, 1988-IV-4