Euskararen borroka: herri mugimenduak organizatzeko ordua
Joserra Garziaren umea gaiso jarri zen, hiru urte bete gabekoa. Gurasoek Erresidentziara eraman behar izan zuten. Ume txikien plantan bakarrik utzi zutenean, ez zegoen umeari zeinek hitz eta kasu egin. Umeak ez du euskaraz besterik egiten. Gero, hainbat istilu eta gorabehera (mediku batek: «yo os aconsejería que le educárais en bilingue»), umearen mila desesperazio eta azkenean nolabaiteko soluzioa.
Historia hori, joan den otsailean, nahikoa ezaguna izan dugu. Joserra Gartzia periodista da.
Ez zuen, ordea, familia baten eta ume baten historia izan behar. Denon historia zen. Euskal Herrian Euskeraz hor dago: iruditzen zait, aukera ezin hobeago bat izan zitekeela, benetan eskandalo bat muntatzeko. Euskararen arazoa politizatu egiten dugula esaten zaigu («el problema no es del niño, sino la ideologia de los padres»). Egia soil eta sinplea, askotan giza eskubideen minimoaren azpitik gabiltzala, besterik ez da. Kanpaina bat merezi zuen, promesa hutsak baino, soluzio bat eskain diezaguten arte gaisoetxe guztietan. Denok bat egin eta ez amore eman, kanpaina sistematiko bat egin gure eskubidea errebindikatzeko.
Finean, kontua da, zenbat antzeko kasu ematen den Euskal Herriko gaisoetxeetan umeekin bezala zaharrekin. Kontua da, nola geratzen den edozein euskaldun mila tokitan, erdaraz jakin arren, bere bizitza euskaraz bizi ohi duena. Eta kontua da, hain zuzen gaiso dagoenean, inoiz bai eta tratu humano bat beharrago lukeenean, euskaldunak arrotz eta estraino bezala nola egon behar izaten duen herriko gaisoetxeetan.
Elkartzeko eta antolatzeko ordua da. Organizatzeko. Gure eskubideak edonon errebindikatzeko, lehenago. Horrelakoak ez bait dira gertatzen gaisoetxeetan bakarrik. Tribunaletan, bulego publikoetan, udaletan, elizetan, Posta etxeetan. Gutxi-asko, euskara, ia bizitza sozial guzti-guztian, errebindikazio hutsaren mailan aurkitzen da. Alderdi abertzaleen beren aurrean, edo barruan, euskara oraindik errebindikatu egin behar izaten da, eta euskaltzale "arradikalak" tipo bitxi zoro samar molesto batzuk gertatzen dira.
Are gehiago, Euskadi berreuskaldundu nahi bada, euskal kulturaren normalkuntza zinez nahi bada, ezinbestekoa da euskararen aldeko taldeak eta mogidak eta projektuak elkartzea, bateratzea, koordinatzea, organizatzea. Euskal kulturaren batzarreak herriz herri eta alorrez alor osatzea. Elkarri laguntzea eta indartzea.
Bateginik aurten saio bat izan da, berriro ikasten hasteko, euskara aurrera ateratzekotan, bategin eta elkarrekin kolaboratu beharra daukagula. (Ze, beste borroka batzuek urteotan elkarrengandik hurrundu bagaituzte, ikasten hasi beharko dugu berriro, nola elkartu). Kanpainak bere alde onak eta txarrak izan ditu. Besteak beste, batasuna ez dela erraza, erakutsi du. Baina ez dela inposiblea.
Esperientzia honetan lortu den elkartasuna, organizazioa, iraunkortu eta sendotu egin behar da orain. Gero alor bakoitzean (unibertsitatean, teatroan, irakaskuntzan, kantuan, prentsan), bestelako diferentzien gainetik euskararen interesak begiratuko eta bultzatuko dituzten batzordean antolatu behar dira, euskaren berreskurapenak beso sozial ekinkor bat izan dezan.
Joserra Gartzia bada norbait herri honetan, badaki mogitzen, badu eskola, badu ausardia, eta bere arazoa konpondu ahal izan zuen. Baina ez hark ez inork dauka herri honetan zergatik bakarrik egon horrelako kasuetan, bere problemarekin. Edo zergatik bakarrik eta desanparoan aritu bere projektuarekin, euskal kulturan zerbait egin nahi duenean. Telefonoa hartu eta nola deitu, non laguntza aurkitu, behar dugu, kasu guzti horietarako.
Herri mogimendu organizatu eta bizkor bat, euskararen alde, edozein politika linguistiko efikazen aurrebaldintza izango bait da, azken finean.
JOXE AZURMENDI, Argia, 1988-V-29