1988ko hemeroteka

Frantses hauteskundeak

Azken deputatu hauteskundeetan, frantses sozialistek gehiengoa galdu zuten. RPR alderdia indartsu agertu zen berriz eta UDF erdiko alderdi liberala deitutakoarekin montatu zuen Chirac-ek bere gobernua.

Ordukotz ordea, Le Pen-en alderdi faxistak atzetik ziztatzen bide zukeen RPR alderdia, ezen Pasqua, barne ministraria, laster hasi baitzen imigranteen eta euskal errefuxiatuen aurkako neurri gogorrak hartzen ĞEstaduaren Arrazoinağ delakoa, legea bera baino gorago ezarriz. Jokabide berdina erabili zuten Chirac-ek eta Pasquak Kanakian, Sozialistek FLMKSekin finkatua zuten bake giroa apurtuz.

Artetik erran dezagun halere, bi jaun muturkari horiek goxokiago ari izan direla Ekialde Hurbileko ekintzaile eta Talde Armaturekin. Petrodolarrak, armen salmentak eta, frantses bahituak jokoan zirelako noski!...

Dena den, 88ko apirilaren 24ko hauteskundeetan, Chirac eta Pasqua konturatu bide dira, bi urtez eraman duten politika gogorrak ez zituela Le Pen-tiarrak gutitu, doblatu baizik.

Apirilaren 24ko gau hartan bertan, kukurruku airos bat bota zion Le Pen-ek Chirac-i bere %14,38 botoekin, hots 4.361.926 bozemailerekin! Eta maiatzaren 1eko mitinean bere gisako ostikoa bota zion, beraren alde botoa eman zutenei erran zien guzia, hanka izan baitzen: boz bakar bat bere ez eman Miterrand-i! eta Chirac? Hor konpon!

Maiatzaren 8an, ordea, Le Pen-en alde beren botoa eman zutenetatik %18 batek, omen, beren botoa Mitterrand-i eman zioten. Ez bide zuten entzun agintari haundiaren ordena!!

Bestalde, Chirac-ek ez baditu beraz Le Pen-tiarren boto guziak bildu, ez ditu ere UDFtiarrenak osoki eskuratu.

Horiek hola, maiatzaren 8ko bozkaldian, Mitterrand-ek ia %54 boz lortu ditu. Eta beraz, beste zazpi urterentzat frantses Estaduko Lehendakari izanen da osasunak eusten badio. Eta gertakizun politiko bihurririk gertatzen ez bada bitarte horretan. Zazpi urteko epea, luzea baita!

ETA orain zer? Jadanik bigarren bozka itzulia aurretik, Mitterrand-ek jakin-arazia zuen zer eginen zuen. Chirac-en deskargua hartu bezain laster, lehen ministrari berria izendatu. Dudarik gabe, Michel Roccard, hauteskundeen kanpaina guzian nahiko bazter eta erreserban bezala egon dena. Honek bere gobernu berria muntatuko duke hamabost egun barne eta, lehendakariari aurkeztu ondoan, deputatuen biltzarrari aurkeztuko dio bere xedea, programa. UDF alderdiko buruzagi batzu ere gobernu berrian partaide izango omen dira.

Ustekizun hau ez da itxurarik gabea. Alabaina, UDFk aurrikusten duke errexki eskuin muturkariekin baino hobeki joka daitekeela, gero eta gehiago erdiruntz doan Mitterrandekin. Eta, lehen epe batean ministeritza postu batzu har ez balitza ere, deputatuen ganbaran, UDF-k ez lioke gobernu berriari sistematikoki ezetza botako.

Alderdiko buruzagi guziok, hala adierazia dute, argi eta garbi, maiatzaren 8ko gau hartan bertan.

Ezen, zer gerta liteke, gaur oraino eskuin alderdiek duten gehiengoak bidea traba balieza gobernu berriari? Kasu hortan, Mitterrand-ek deputatuen biltzarrea desegin beharko luke. Eta orduan, deputatuen hauteskundeak genituzke berehala.

Kasualitate hau gerta baledi, Le Pen bezalako batentzat politik opari bat ederra izango litzatekeela, dudarik ez. Ezen, gaur duen baino deputatu gehiago konda bailitzake bihar eta apirilaren 24aren ondotik Chirac-i inposatzen ahal izan ez diona, egingo bailioke orduan. Eta, 86an bezala, kasualitatez, 88ko deputatu hauteskunde horietan, eskuin alderdiek gehiengoa eskura balezake berriz orduan, UDF-k, RPR eta FN alderdiekin montatu beharko luke gobernu berria. Beraz, UDF-k, alderdi bezala, ez du abantailik, FN-rekin joaiteko. Eta beraz, Mitterrand-en ildo berritik abiatuko da, haseran ikuska bada ere. Politik soegile batzuek diotenez, kartak jadanik jokatua omen dira Mitterrand-en eta UDF-ren artean! Geroak erranen.

Epe batentzat bederen, alderdi eskuin muturkarien aztaparra eta beldurra baztertu dira frantses Estaduan. Horrek erran nahi ote du, gobernu berriak ez dituela, frantses Estaduak azken urte hauetan finkatu dituen oinarrizko aukerak eta norabideak jarraituko? Ez. Batere. Badut ustea, gero eta gehiago jarraikiko zaiela oinarrizko orientabide horiei.

Dela, Estaduaren barruko bizipideari begira, ezen frantses sozialistek, Europako beste Sozialist alderdiek bezala, diruaren, kapitalaren probetxu itsuari emana baitiote lehentasuna.

Zuzentasun sozialari, lan emplegu osoari, armen salmentak gerlan ari diren Estaduei ez saltzeari lehentasuna emateko ordea.

Dela, oraindik bere menpean dauzkan koloniei, Herri zapalduei begira. Hauek, Itsas Pazifikoan, Atlantikoan ala hexagonoan izan daitezen.

Alabaina, molde desberdinez jokaturik ere, itxura eta azala desberdina izanik ere, ezkerreko, erdiko eta eskuineko alderdiak oro ados baitira delako oinarrizko hautu eta norabide horietan.

Errealitate hori halakoa izanik Herri zapalduetako abertzaleek izanen dugu non zer egin, gure giza eskubideak, sozial eskubideak eta herri eskubideak, urraska urraska eskuratzen joaiteko.

GEXAN LANTZIRI, Argia, 1988-V-15

Gure Mendea