1988ko hemeroteka

 

Batasunaren fruitua izan da lparraldekoa

Ortzia bezala erori zaigu deputatu hauteskundeen berria. Ez ginauden gerturik eta epe motza genuen prestatzeko. Hala ere batasuna egin dute Iparraldeko hiru alderdi abertzaleek. Bozetara elgarrekin joaitea erabaki dute abertzale lema bakarraren azpian.

Hiru boz-eremu edo "circunscription" ditugula, bere kandidatua izan du alderdi bakoitzak, bai eta bere ordezkoa, lagun batekin aurkezten bait da kandidatua. Beste urrats bat ere egin da: programa eta egitarau bakar bat azaltzea. Horren lehenbiziko pundua, departamendu-eskualde baten eskaera; hau Euskal Batasunak proposatua, noski.

Baina borroka harmatuaren ez aipatzea onartu du alderdi horrek, gerlako ekintzen aurkakoa delarik orain eta hemen. Istilu-gai latza dugu Iparraldeko abertzaleen artean auzi hori. Egia erran, hainbat erraza gertatzen da une honetan isilean uztea, borroka bera bait da isildu mementuan segurik.

Dena dela, hautsi-mautsi baten fruitu bezala sortu da hiru alderdien elkartasuna. Kontzesioak egin behar izan ditu alderdi bakoitzak. Egoerak hortara manatzen zituen duda gabe, bai eta abertzaleen eritzi publikoak. Aberri eguneko jada, batasunera ekarri zituen eritzi horrek hautetsi abertzaleen inguruan.

Hegoaldetik nekez uler daiteke nola elkarturik dabiltzan hemen EA, Herri Batasunarekin harremanak dituen Euskal Batasuna eta gogorragoa den EMA. Baina beste mundu batean bizi gara Iparrekoak, nahiz ez garen denak ipartarrak. Orijinaltasun hori ezagutu behar zaigu Hegoaldetik. Eta gehiago ere: pundu horretan zergatik ez gure etsenplua segi elkartasunaren bidea hartuz?

Batzuk erranen dute sozial-demokraziarena dela Iparraldeko hiru alderdiek hartu duten bidea. Horrek ez du zentzurik, ezen gizartea normalizatu eta kudeatu nahi duen indar baten helburua da sozial-demokrazia. Ez gaude horretan Iparraldekoak. Ez dugu mementuan kudeatzaile izateko ametsik. Gizarte berri bat dugu sortzen lagundu nahi, eta lehen lehenik Euskal Herri bat badela ezagutarazi. Hori goian eta behean ezagutzen duten pundutik, kudeatzaileak izanen ditugu eta ugari.

Euskal Herri bat badela entzun araztea jada lan aski dorpea genuen. Alde batetik, zinez beroa zen botereaz jabetzeko eskubiak eta ezkerrak zeramaten auzia, beste prolema guztiak ito nahi zituen. Bestetik, euskaldunak besteekin ongi nahasten zituzten boz eremuek, gure itotzeko xedean zatituak zituen Pasqua famatuak. Azkeneko, denbora gutti eta diru guttiago genituen abertzaleek propagandaren zabaltzeko.

Hala ere denetan goiti joan dira abertzaleen aldeko bozak, bai kopuruz, bai arauka. Ehuneko 5a gainditu dugu orokorki, ghettoko atea irekiz azkenean. Enbatak 67an, EHASek 78an, EMAk 86an bost mila boz bildu zituzten, deputatuen hauteskunde horietan. Oraingoan zazpi miletara hurbildu gara. Ugaldu dira abertzaleak. Disziplina eder batekin boza eman dute. Zentrista zenbaitenak ere bildu ditugu. Iparraldeko hirugarren indarra gara, nahiz eskubi eta ezkerreko bi bunkerretarik urruti gauden oraino.

Urrats eder bat egin dugu. Batasunaren fruitua izan da oroz gainetik. Esperantza eta adore eman behar digu abertzale guztiei, horretan badugu bide.

JEAN LOUIS DAVANT, Argia, 88-VI-19

Gure Mendea