1987ko hemeroteka

Euskara egunkarietan

Orain hamar urte, eta itxaropen handiz, jaio ziren bi egunkari abertzale: "Deia" eta "Egin", berrogei urtez izan genuen zuloa betetzeko asmoz beterik sortuak.

Egia da "Euzkadi" eta "El Dia", egunkarietan, bat Bilbon eta bestea Donostian, oraingoak bezala, ez zela Lizardik, Lauaxetak eta Aitzolek nahi adina euskara argitaratzen; gero, gerrateko "Eguna" euskaraz irten zela osorik; datu hauek ezagutzen genituen orain hamar urte, noski, eta pentsatzen oraingoan gauza izango ginela euskara ghettotik ateratzeko, "euskal orria"-tatik kanpora haize pixka bat har zezan.

"Eguna"-ren historia ezagutzen dugu denok, eta ez da lorpen meritagarri hau geuk orain hamar urte buruan genuen eredua.

Baina eman dezadan eskatzen didaten nire lekukotasuna.

Bi kezka nituen nik: 1) euskara batua, 2) euskara eta erdara integratuak joango liratekeen egunkaria.

Euskara batuaren arazoak asko sufri arazi zidan Caracasetik 1969an etorri nintzenetik: Zeruko ARGIArako idazten nituen lanak zirela eta EAJ/PNVko kideekin sortu zitzaizkidan arazoak, eta gero; "Alderdi" aldizkari klandestinoaren zuzendari izendatu nindutenean; hemen esan behar dut ozenki Juan Ajuriagerraren laguntzarekin gainditu ahal izan nituela oztopoak euskara batua, kolaborazioetan zetorren neurrian, aldizkarian sartzeko; gero, eta beti bere eskariaz, "Deia"-n euskara batua norma bezala sartzeko, eta baita neurri batean Kontseilu Orokorreko "Boletin Ofiziala" (Karlos Santamaria, tarteko) nire zuzendaritzapean euskara batuan egiteko ere.

"Deia"-koa da orain aipatu nahi dudana.

Orain dela hamar urte, euskara eta erdara egunkari batean integraturik erabiltzea zen gure asmoa. Hara honekin zer esan nahi dudan:

Erdarazkoko Erredakzio eta Idazlaritzaren ondoan, «euskal Idazlaritza bat, honek josotzen dituen berri eta idazlanak, lehen orrialdetik hasi eta aurrera sail guztietan bere lekua izateko asmotan». Honek eskatzen zuen, noski, bi idazkaritzen arteko kidetasun batez gainera, elkarrenganako tolerantzia bide dela lan egiteko asmo zuzena. Baina hau, hitzez onartutako bidea, praktikara eramaten hasi nintzen bezain laster egin nuen mamuekin topo: Zuzendari bat eta hiru Zuzendariorde izan ziren izendatuak, azken horietako bat neu, euskararen arduradun bezala. Baina lauetatik, neuk bakarrik nekien euskara, eta neu bakarra nintzen Euskal Herria ezagutzen nuen bitxi arraroa, eta ni bakarrik abertzalea, noski.

Neuk egin nuen urtebetean geure mundutxo honetan jazotakoak kontutan hartzekoak dira norbaitek aurrerantzean honelako zerbait probatu nahi badu.

Egia da orduko kazetari erdaldunak, "Gaceta"-tik ekarriak izan zirela, besterik ez zegoelako; hasieratik printzipio ekonomikoak bakarrik hartu zirela kontuan (garai honetako "Deia"-ren buru, Jose Maria Gorordo); lortu genuen euskal Idazlaritza nahikoa zela, bai kopuruz eta bai gaitasunez ere, baina lana geuk planeatu bezala aurrera eramateko maratilak jartzen hasi zitzaizkigun neurrian joan ginen hoztutzen.

Aspaldi heldu da garaia, ez esperientzia hau berritzeko, baizik eta, berrogei urte aurretik Lizardik, Lauaxetak eta Aitzolek garraisi biziak eskatzen zuten «egunkari euskaldun» bat egiteko; euskararentzat ez dago beste irtenbiderik. Baina, hemen ere profesionaltasun zorrotza nagusi dela, orain baditugu kazetari gertuak, eta ez dirua "galtzeko" beldurrez, baizik eta kontu handiz administratu eta zabalkundea eginaz eta iragarkiak profesionalki bilatuaz, inbertsioaren etekin bila baizik.

Gaur bada beste modu askotako inbertsioa euskararen alde, eta dena da falta; baina euskal egunkari bat behar dugu gaur, 1987an, orain hamar urte "Deia" eta "Egin" beharrezkoak izan genituen bezala.

MARTIN UGALDE, Argia, 1987-XI-27

Gure Mendea