1987ko
hemeroteka
Gernika 37-87
«Zer etorkizun espero daiteke mundu batetan zeinean ezein egunkarik edo komunikabidek ezin dezakeen egia hutsa esan, horren kausaz akusazio makiabelikorik jasan gabe?».. The Times egunkari ingeles prestijiotsuaren editorialean agertzen ziren hitz hauek, 1937ko maiatzaren 5ean Gernikako bonbaketaren berri emateagatik egunkari horren pairatu zituen erasoen defentsa ziren, haren orrialdeetan agertu bait zen George Steer korrespontsalaren kronika, bonbaketaren berri zehatza ematen zuena.
Faszismoa gorantza zetorren urte hartan Europan. Gobernuan zegoen Alemanian, Italian eta Portugalen, eta armen indarrez hartuko zuen handik gutxira gobernua Estatu espainiarrean. Europako 'demokraziek', aurre egin beharrean, beldurra zioten, batez ere Alemania naziari. Ez zen, beraz, egia hutsak esateko une aproposa. Egundoko manipulazioa burutu zen prentsaren bitartez, ez bakarrik gobernu faszisten menpeko Europan, baita besteetan ere, Leon Bloum presidente sozialistaren Frantzian adibidez.
Are adierazgarriagoa, «Espainiako Gerran Eskuhartzearen aurkako Komitea»-n ere gertatua. Komite honek biltzen zituen Europako gobernu guztiak, eta maiatzaren 5ean bildu zen Londresen, eritzi publikoaren eraginez eta Gernikan gertatua epaitzeko asmoz. Hilabete eta erdi eman zuen bileratan, eta Von Ribbentrop enbaxadore naziari amore emanez, ez zituen behin ere bonbaketaren errudunak salatu, Gernikan ikerketa bat egiteko proposamena aztertu zuen eta ekainaren 18an hartutako akordioan «gerra horretako alderdi biei» dei egiten zien, populazio zibila errespeta dezaten. Baina denetik harrigarriena hauxe da: hilabete eta erdiz hori tratatzeko bileretan ez zela behin ere Gernika izena aipatu, faszisten sentsibilitatea mindu ez zedin. Faszistak, bestalde, ez ziren oso minbera agertu, egia esan. Ikus, bestela, nola Jeneralak, Gernikako bonbaketaren ondoren, apirilaren 29an, zioena: «Arrasaremos Bilbao hasta el suelo, y su solar vacío y desolado quitará a Inglaterra todo deseo apoyar a los bolcheviques vascos en contra de nuestra voluntad. Es preciso que destruyamos la capital de un pueblo perverso, que se atreve a desafiar la cuasa irresistible de la idea nacional».
Baina gerra amaitu zen eta bakea armatu, eta ez da geroztik ere argi eta garbi hitzegin Gernikako bonbaketaz eta honen ondorio sakonetaz. Euskal Herrian, batetik, gerra galdu zuen mugimendu abertzalearen gidaritzak, nazionalismo tradizionalak, oso sakon gorde zuen trauma hori, eta gerora, isilunez eta errenuntziaz osaturiko praktika batetara moldatu da.
Madrilen, bestalde, ez dute lehen eta orain errautsak astintzeko gogo handirik agertu; besterik ez bada, adierazgarria da oso oraingo gobernu sozialistak mantentzen dituela itxita eta sekretuan garai hartako artxibo guztiak. Hortik ez da argirik nahi.
Gernikan bertan sortu zen duela hamabi urte, Bonbaketaren Komisio Ikertzaile bat. Ordundik hona dirau lanean, eta urtetik urte ahalegindu da gernikarren, euskaldunon duintasuna toki egokian jartzen. Datorren apirilean, Gernikako bonbaketaren 50. urteurrena beteko delako, ekintza-programa zabala prestatu du, Bakearen eta Subirotasun Nazionalaren alde.
KARMELO LANDA, Argia, 87-II-1