1986ko hemeroteka

Adio Aita Intzari, Adio Amatiñori

Goiko buruko bi aipamenek okerbidetik inor eraman ez dezaten, esan dezadan ezer baino lehen ez dudala artikulu honetan gai desberdinak nahastuz bata bestearen alde baliatzeko asmorik. Oraingo artikulu hau gai bati ematea deliberatua nuen arren, Aita Damaso Intza hil zaigula berria jasoz gero halabeharrezkoa bait zen oroimenaren eta penaren zatitxo horrek paperean ere txoko bat kausitzea. Halere, nolaz ukatu nolabait erlazionaturik daudena!

Hain zuzen ere, euskal prentsaren prehistorian aintzindari nabarmena izandakoa dugu Aita Damaso eta askok orain dela gutxi arte ezagutu ez badugu ere, mementu horretatik bertatik lortu zuen geure oroimenean betirako leku txiki baina iraunkor bat.

Arestian esan bezala, baina, artikulu honen asmoa ez zen Intzari buruz mintzatzea, eta bil gaitezen harira.

Eskoletan haurrei etxeko lanak bezala, Eusko Jaurlaritzatik Josu Legarreta jaunak udarako buru-ariketa konplikatua agindu edo proposatu zigun uztaila partean, Agatha-ren nobeletako korapiloa baino korapilotsuagoa. «Astean behin argitaratzen den egunkaria» eta «astekaria»ren artean zein desberdintasun egon daitekeen ez da erraza nabarmentzen, baina abstrakzio esfortzu bat eginez bion arteko bereztea litekeena dela esaten badugu ere, praktikan eta planteiatua dagoen bezala dezente ezinezkoa suertatzen da. Ikus, bestela, Jaurlaritzatik ipinitako baldintzak: 6 pertsonetako plantila, lehentasun osoa duen beste egunkari baten estrukturan integratzea, e.a. Baldintza horiekin benetan zaila da egunkaritik aldenduz astekariruntz alboratzen ez hastea. Horregatik Jaurlaritzari hasieratik bertatik beren benetako asmoa agertzea eskertu geniokeen, hau da, egunkaria baino astekari berriak (orain arte daudenek baino hiru aldiz subentzio haundiagoaz jasoz) bultzatzea. Gero eta argiago ikusiko da.

Alde horretatik, orain arte ikusi dugun Hemen-en kasuan guztiz eskertzekoa da bertako arduradunek ahalik eta egunkarien egiteko ageri duten intentzioa, baina ez dirudi gauza bera esan daitekeenik jaiotzear dagoen Eguna-ri buruz. Ikusi besterik ez dago, publizitateko aleetan argitaratutako inkestaren galdetegia: «Zer deritzozu astekari berri bat sortzeari? Eta astekari berri horrek Eguna izena berreskuratzeari? Erosiko al zenuke astekari berri hori? Badaezpada ere, baliteke hortik despistaturen bat egotea, eta horrexegatik inoiz baino garbiago esaten dute: Eguna astekari bat izango da.

Gu ez gaitu sorpresaz hartu Amatiñoren ekite berri honek. Ez dira lau urte ere pasa Amatiñok publikoki nahiz pribatuki ARGlAk irautea ere ez zuela merezi aldarrikatzen zuenetik. Botere publikoaren zati bat bere eskutan zeukan eta gogotik saiatu zen Amatiño bere 'argiamania' hori total asetzen. ETBra joan baino azken segundu lehenago artean gure gizonak ez zuen etsi ARGIA ito eta pikutara bidaltzeko lanetan. Garai gogorrak izan ziren haiek ARGIArako, irautea ere kolokan zegoenekoak.

Egun, ARGIA ez da konpetentziaren beldur, nahiz eta Amatiñok bere obsesio zaharrekin bueltan ari den. ARGIA indartsu dago eta euskal irakurlegoarekin konektatu du berriro. Amatiño libre da —beti izan da, jakina— nahi duena egiteko, eta agian eskertu egin beharko diogu bere klarotasuna bere projektua astekaria izango dela iragarri duenean.

Kasu honetan inplikazioak gorago daude. Geurea baino gastu gutxiago justifika ditzakeen astekari berri bati orain arte guri eman diguna baino dezente subentzio haundiagoa ematera prest dagoen instituzioa zikin jokatzen ari da. Esan dezakete haiek ez dutela astekari bat subentzionatzen, egunkari bat baino. Baina Eguna-ko arduradunek berek kontrakoa diote, eta hala bada ez dirudi bidezkoa iruzur horrekin aurrera jarraitzen uztea. ARGIA ez dateke konpetentziaren beldur, berriz diot, baina leialtasun-faltak erregelak puskatzen ditu.

JOSU LANDA, Argia, 1986-X-5

Gure Mendea