1986ko
hemeroteka
Ulertu nahiz
Euzkadiko hiru eskualdeetan hauteskundeak direla eta, Iparralde urrun eta lanbrotsu honetatik Hegoaldeko egoeraren ulertu nahiz ari naiz. Eginbide nekea. Hor eta hemen egoera desberdinak ditugula erraitea, gauza gutti da. Euskadi batua, Iparraldeko arbasoek aldarrikatzen zuten "Zazpiak bat" hura, ez dugu gaurko egia, baizik bihar eta etziko jomuga, helburu eta xedea. Muga zikin hori denek dugu muinetan barna sartua. Hortik bereziki, elkar uler ezina.
Ez dut ulertzen zergatik egin den EAJren zatiketa. Lehenik Nafarroako jelkideak kanporatu zituen Euskadiko buruzagitzak, PSOErekin tratu bat egin zutelako. Baina gero buruzagitzakoek berek tratu berdina finkatu dute "Euzkadiko" hiru eskualdeen mailan. Zergatik beraz "Euzkadi"-n zilegi dena, Nafarroan bekatu?
Neretzat argi den bakarra: Nafarroaren egoera ez dutela ulertzen, edo ez dutela ulertu nahi EAJko buruek. Eta ez bakarrik EAJkoek: Alderdi guzietan berdin dela uste dut. Ni beldur naiz Bilbo eta Donostiatik, Bilbotik behintzat, Nafarroa ezin dela gaur ulertu. Are guttiago Iparraldea.
Ez dut ulertzen nolaz Autonomiazaleak bapatean agertzen diren Independentziaren aldeko "gudari" porrokatuak. Horien iritziz, Gernikako Araudia nahikoa den ala ez jakin gura nuke.
Ez dut ulertzen EAJ eta Eusko Alkartasuna zergatik diren hain etsai. Ideologia berdina bait dute iduriz eta zertako, bizkitartean elkarrekin dauden PSOEren aldean manifestaldi berean Herri Batasuna Bilbon ari delarik negoziaketen alde.
Ez dut ulertzen zergatik Euskadiko Ezkerra negoziaketen aurka dagoen. Demokrazia dela... baina zer erran nahi du horrek? Le Pen ere demokrata omen da. Hargatik Aljerian torturatzaile bikaina izan zen, berak aldarrikatu izan duenez.
Hain zuzen ere, demokrazia zen Frantzian urte haietan, hargatik Aljeria zapaltzen genuen. Azkenean "terroristekin" negoziatu behar izan genuen, gerla kasik irabazi arren beti ere arma duenarekin negoziatzen bait da, ez arma utzi duenarekin, Bergaran eta Santoñan ongi frogatu zen bezala. EEkoekin ere geroztik ikusi dugun lez.
Ez dut ulertzen zergatik irtenbide orokor eta baiezkor bat aldez aurretik ukatu nahi den... Zergatik ate hori baitezpada hertsi gura den, juridismo abstraktu baten izenean. Zergatik hainbeste sakrifizio gosta zaion borroka horrek ez liokeen askatasun gehiago ekarri behar Euskal Herriari.
Ez dut ulertzen Herri Batasuna Gasteizko Lege Biltzarrera joango den ala ez. Eta ez baldin bada joaiten, zergatik ez den joanen. Zertako PSOEren eskuetan utziko duen euskararen geroa, bai eta Ertzantzaren kudeantza, euskaldunen arteko gerla zibilaren arriskuan.
Asko da beraz ulertzen ez dudana. Nehork ez dit erantzunik ez azalpenik zor. Ezen, Iparraldekoa izanez, hauteskunde horietan parte hartzerik ez dut.
Alta bada, noizbait Euskal Herria batu nahi badugu, elkar ulertzera heldu beharko dugu, oi denborarekin.
J.L. DAVANT, Argia, 1986-XI-9