1986ko
hemeroteka
Jaurlaritzak ARGIAri ezetz
Euskal Prentsaren hurrengo urratsa
ARGIA-koak ez gara oso editorial zale. Gutxitan aukeratzen dugu bide hau gure eritziak botatzeko. Badirudi 'editorial' sail-izenpean idazte horrek, nolabait, aldizkariaren eritzia dela adieraztearekin batera, garrantzi berezi bat ematen diola gaiari, eta merkealditan ez erortzekotan, saila, une berezietarako gorde beharra dagoela.
Alde horretatik, ezin gai aproposagoa aurkitu. ARGIAren izateari berari bai doakio gaurkoa.
ARGIAk esanahi berezirik badu, eta esanahi hau, euskal prentsan azken urte hauetan egin den saio —eta apostu— garrantzitsu eta arrakastatsuena izatetik datorkio. Gutxik ukatuko diote meritu hau. Urtez urte, egoera txarrenetatik, hain txarrak ez direla diruditen garai hauetaraino, astero astero, euskal prentsaren testigua altxaturik izan du, euskal medio idatziren batek sekula izan duen irakurlego ugariena izatera iritsi arte. Euskaldun herri honek prentsarik ez izatearen lotsa soporta ez zezan, eta, lanak lan, egoera orokorra hobeagotzen zihoan neurrian (irakurlego zabalagoa, idazlego ugariagoa) hurrengo urrats garrantzitsuagoak ez zitezen hutsetik sortu.
Euskal prentsan dagoen astekari bakarrak bere bokazioa egunkaria martxan jartzean izatea ez dirudi oso ilogikoa gertatu behar zaionik inori. Hurrengo helburua hori dela iruditzen zaio irakurlego maila piskanaka piskanaka zabaltzea lortzen ari den astekariari. Eta, nahiz eta beti garbi agertu instituzio publikoen aldetik laguntza beharrezkoa izango dela, egunkari bat justifikatzeko mailara iritsi ote garen, da sortzen zaion galdera. Eta era berean beste galdera hau: kapaz izango al ginateke egunkari batez euskal irakurlegoa ugaritzen? Eta apostuak, ahaleginak merezi duela erabakitzen du eta... Horrela frogatu dugu azken urte hauetan mahai-inguru, kultur aste, eta horretaz aritzeko aukera izan dugun guztietan. Euskarak pendiente zuen urrats garrantzitsuenetako bat hori zenaren ideia sortu zenetik (Mikel Atxagak erreibindikatu izan du aintzindaritza), hor aritu gara borondate politikoak biguntzeko ahaleginetan. «Baldintzak hor daude, borondate politikoa falta da» aurpegiratu izan diogu behin eta berriz Jaurlaritzari.
Eta nonbait neurri batean behintzat borondate politiko horiek biguntzen hasiak dira, eta azkenean, herabeti bada ere, proposatu dute lehenengo urratsa: Egunkariaren bide horretan «astero, asteburuetan, egun batez argitaratuko den egunkaria» argitaratzeko diru-laguntza bide bat. Sei milioi t'erdi urtea bukatu bitartean, irailetik aurrera, argitaratzen duenari.
Ez gara une honetan iniziatiba honi buruz zer deritzogun esaten hasiko. Bai kezka asko sortzen dizkigula. Ez ditugula diru-laguntzak horrela planteiatzearen egiazko intentzioak ulertzen; ez direla ageri inon "egunkariruntz bidean" sortutako iniziatiba honen hurrengo urratsak zein izan daitezken; asteroko 'egunkari' horiei egunkari ezaugarriak nondik etorriko zaizkien ez dela ikusten erraza. 'Egunkariei' egunkaritasuna kenduz gero, esperientzia honetatik atera nahi diren ondorioei zein balore eman ahal izango zaien ere ez dago batere garbi.
Halaz ere ezin ARGIAk horrelako bide baten aukera posiblea alde batera utzi eta bere burua aukeztu zuen ekitaldirako prest.
Jaurlaritzak ezetz erantzun dio. ARGIAri laguntza ez ematea erabaki dutela. «...honetarako dugun dirutza ez da proiektu guztiak kaleratzeko bestekoa. Beraz, aukera bat egin beharrean, diru-laguntza deialdia gaurko Egunkariei zuzendu genien eta ez Aldizkariei». Erantzun honen ondoren, ezin ukatu, minduak sentitu gara. Ezin asma dezakegu, batetik, azken hiru urteotan egunkaria aztertu den toki orotan agertu ez diren «proiektu guztiak» zein izan daitezken, eta bestetik euskal prentsaren kezka txikienik ere agertu ez duten egunkariek (Diario Vasco, Correo, Gaceta,) guk baino aukera gehiago izatea ulertzea, egiatan, kosta egiten zaigu.
Beste askotan bezala, oztopo bakoitzaren aurrean, indarrak berritu eta behin eta berriz gure asteroko ARGIA hau are gehiago indartzen, sendotzen, eta hobeagotzen saiatzea izan daiteke gure erabaki bakarra.
Bitartean, bihoakie laguntza bide honetatik sortzear dauden Egin-en Hemen-i eta Deia-ren Eguna-ri ongietorririk beroena. Etorkizun ona izan dezatela, euskal prentsaren onerako.
ARGIA, 1986-IX-7