1985eko hemeroteka

Ez zuten hezurrik hautsi

Baietzak ezetzak bezala, gai nagusiak bigarren mailako beste gairen bat ekarri ohi du eztabaidetan. Harira ez datorren salaketaren bat adibidez. Aurkalaria nola edo hala zanpatzea da liskarren helburua, zertan ez gerriz beherako kolperik?

Arzallusek Bandresi ez zituela haurrak ikastolara ibiltzen. Ez da nolanahiko salaketa politikari nazionalista bati egozteko. Egia izaki gainera: Bandresek berak eman zituen haurrak ikastolara ez ibiltzearen arrazoiak.

Arzallusek pentsatu zuen irakurlea eskandalizatuko zuena politikari euskaldun batek haurrak ikastolan ez hezitzea izanen zela, eta ez, adibidez, politikoak berak euskaraz ez jakitea. Ez eta ikasteko ahalegina ez egitea ere, (erraza zeukan nahi izanez gero, Bandres bera jarduna izan da euskara «berez» dela zaila eta estatuko aldizkari nagusietan).

Alegia, geure agintari politikoek berek egiten diote paso euskal gizartea buru belarri hartua duen problemari. Hurrengo belaunaldiari leporatzen diote euskara. Eta halako gisaz, non haurrak ikastolara ibiltzearekin kunplitzen den euskararena. Zer ajola euskaraz dakiten edo ikasten duten. Ikastolara bidali eta kito. Ez guri kontu hartzera etorri.

Eta Bandresek ezin eraso. Ez, ez ditu ikastolara bidaltzen. Ai esan baligu, ez ditut ikastolara eramaten, baina ikastolan dabiltzan zenbaitek bezain gaizki dakite euskaraz. Baina ez. Bandresek bere burua defendatu nahi izan zuen, eta galdu. Erregina jan dioten arren jazarrari ekiten dion xakelaria bezala ikusi nahiago nukeen: Aizu Arzallus, utz nire haurrak eta nik utziko zeureak, eta esaidazu, zuk zeuk, behartzen al nauzu ni inongo ikastolara noan?

Eskandaloa ez da euskal politikari batek haurrak ikastolara ez ibiltzea. Eskandaloa da euskal politikoek berek euskaraz ez aritzea, eta ez ikastea. Aritzeko. Udako denborale harek harrotu zituen uhinak aspaldian dira baretu. Baraurik geratu ginen gai nagusi hartaz, bortxari buruzkoaz. Baina bigarren mailako gaiarekin axioma hau sartu ziguten kontrabandoan: euskara, berez, ez da preziso. Itxurak zaintzea da arazoa. Eta aurkalariek besarkatu egin zuten. Mugazain hobeagoak behar ditugu.

Koldo IZAGIRRE, Argia, 85-XII-8

Gure Mendea