1985eko
hemeroteka
Eugenio Arozenari erantzunez
Eugenio Arozena jaunak ARGIAn (1081 zka) argitaratutako artikulua irakurri ondoren amorruak barreiatu dizkit barrenak. Berak artikuluaren haseran dioenaren kontra nik ez dut idazki luze baten beharrik bere joku manikeoa agerian uzteko. Hona erantzuna.
Lehenik. Arozena jauna, a zer nolako erraztasuna zure epaia onak eta gaiztoen artean banatzeko. Akaso zure burua bien gainetik jartzen al duzu? Ondoren beste banaketa bat egiten du, taldeena. Datuak datu ezin ezer esan.
Puntu pozgarriak?
1.- Lehen puntu pozgarri bezala, hara non Antzerti aipatzen digun, eskola bakarrik. Aurten Antzertin ikasketak egiteko sartu diren guztiak euskaldunak omen. Honela eskolan euskararen presentzia programatua dago.
Ez dut nik euskararen kontra egin nahi, baina hori pozgarria izan badaiteke ere, zenbat gauza uzten dituzu aipatu gabe, eskolari eta Antzertiri dagozkienak? Denak pozgarriak ote?
2.- Urteak dira, bai, zirkuitu baten premiaz gaudela. Eta inork ez du ukatzen horren beharra. Baina izan diren arazo guztien gainetik hain aise pasatzea zirkuitua pozgarri bezala aipatzeko lotsagarria deritzot. Puntu bakar bat aipatzeagatik: nork eta zelan aukeratzen dira taldeak?
3.- Konpainiak. Kanpoko antzezlariek erabiltzen duten hitza, orain gureak darabiltena, eta honek egoera berriak piztuko omen. Itsua izan behar horrelakorik ez ikusteko. Baina areago joan gaitezen: hori, berez, pozgarria al da? Gure lan arauak sortu beharrean ingurukoak kopiatu? Orain arteko etekinak ikusirik, zuk besterik egin al duzu?
Puntu tristeak
1.- Lehenik talde elebidunak aipatzen ditu. Nork eman zuen lehen pausoa honetan: Antzertik. Gertaera berri honek analisi sakonagoa behar duela uste dut. Euskara pobretu egiten dela? Kasu batzuetan agian bai. Baina ez ote da eremuak ez daudela bereizturik, eta denok denetara jotzen dugula Antzerti, Instituzio Nagusia artean dela. Batzurentzat superbibentzi arazoa baita, bestela zergatik subentzionatzen dira proposamen elebidunak aurkezten dituzten taldeak. Talde bat subentzionatzen denean ez ote da zabalkundea ere kontutan hartu behar? Noren errua da beraz publiko berri bat bilatu behar izatea? «euskararen kalterako»?
2.- Antzerki Elkarte eta Instituzioen arteko likidazio borrokara iritsiak garela eta bakoitzak bere alorrera mugatuk behar omen dena konpontzeko. Koño, koño, erraz esaten duzu. Eta zu, non jezarrita zaude? Zer eskatzen duzu, antzerkiaren egoera orokorraz ez arduratzea? Barkatu, baina ezin dugu.
Bestetik, puntu honetan gehien harritu gaituena zera da: Eugenio Arozena jauna, Antzertiko buru izanik, hau da, likidazio borroka horretan parte, zein erraz jartzen duen bere burua arazoaren gainetik "objetibotasun" bat markatu nahiz, berarekin ez doan zerbait balitz bezala.
3.- Euskal Antzerki zaleak (afizionatuak) ez omen dute aurreratzen, eta gainera profesional ametsez liluraturik daude. Zer nahi duzu, Eugenio, afizionatuak izan daitezen beti, edo zeren beldur zara bestela? Gogoratu beharko dizugu zu nondik zatozen.
EATBk inoiz baino emanaldi gutxiago antolatu omen ditu. Nondik jasotzen du dirua EATBk horretarako? Eskaini al zaio bere eremu konkretuaren jabetza?
4.- Eta laugarren puntu honetara iritsiz harri eta zur geratu gara. Eusko Jaurlaritzako Antzerti Zerbitzuko buru den Eugenio Arozenak, batzokietan egiten den antzerki interesgarriari ez zaiola arretarik eskaintzen esaten digunean. Baina, zer da hau? Ez omen dute Instituzio eta EATBren laguntzarik jasotzen. Gizarajoak. Eta PSOEren "Casas del Pueblo"-etan berdina gertatuko balitz? Ez dakit zergatik ez zaizun aurpegia lotsaz lurreratzen. Ez, zuk lotsa aspaldi galdu zenuen, ezin dut bestela ulertu.
Antzerkia, zuk diozunaren kontra, Euskal gizartean bere lekua bilatzen ari da. Eta zuk, zeure postutik ea honetan serioago jokatzen duzun. Ez zure burua arazoen gainetik ipiniz, baizik eta zure ardurapean dagoena (ia dena) behar bezala zuzentzen, edo bestela ospa egin ezazu.
Kondairari buruz aipatzen duzuna ahantzi egin nahi dut. Kondaira berak esango bait du nortzuk diren onak eta gaiztoak eta ez zuk Eugenio Arozena jauna. Eta Sabino Aranaren zita poetikoari buruz bakarrik esan ez dugula ez poeta eta ez antzerkigile bezala gogoratzen.
ENEKO OLASAGASTI, Argia, 1985-XII-22