1985eko
hemeroteka
"Onak" eta "gaiztoak" urte honetako antzerki eskeintzan
Punto pozgarriak
1.- Urte honetan Eusko Jaurlaritzak bere babesean duen Euskal Antzerki Eskolarako, pauso aurrerakoia eman du. Hau da, ikasketak jarraitu nahi dituzten pertsonek euskara jakin behar dute eta ez jakinean sarrerako azterketa gaindituko balute, urte batez euskara ikasketak HABEn ordainduko zaizkie. Hala ere, aurtengo lehen ikasketak egin nahi zituzten 50 pertsona aurkeztu dira eta hauetatik hautatu diren 17ak euskara hitzegiten dute.
Euskal Antzerki Eskolako euskararen presentzia honela programatua dago.
2.- Euskalerriko instituzioek azken hiru hilabete hauetan martxan jarri den zirkuitoari ekin diote. Nahiz eta gusto guztietako eritziak entzun, denek arras interesantea eta ezin bestekoa dela aitortzen dute.
Ifar Euskalerri eta Nafarroako zenbait udalek zirkuitoan parte hartzeko eskakizuna bideratu dute. Honelako antzerki katea sortzeak euskal antzerkiari izugarrizko indarra emango lioke.
3.- Konpainiak: Hitz hau, kanpoko antzezlariek bakarrik erabiltzen zuten; gaur egun Euskalerrian ere erabiltzen da. Honek zera esan nahi du: euskal antzezlariak beste modalitateetan sartzen ari direla eta langintza honek egoera berria biztuko duela. Inguruko herrien lan-arauetara inguratzen doaz.
Punto tristeak
1.- Talde elebidunak izugarri gehitu dira. Talde erdaldun gehienak elebidun bihurtu dira; nahiz eta hau garrantzitsua izan, ar madarikatua berarekin dakar. Talde hauetan antzezlari gehienek ez dakite euskaraz eta memorizatuaz antzezten dute, gainera ondo ikusten dira ondorioak: entzuten den euskara litxarra eta negargarria izaten da. Ikuslego potentziala euskal ikasleengan aurkitzen da eta antzerki sarrera merketuz, honelako "pagallo" hizkuntzak, euskerarekiko zaletasuna galduarazten du.
Antzerki elkarte eta instituzio arteko likidazio burruka batetara iritsi gara, batzuk eta besteek ez doazkien ekintzetan sudurrak sartzeko zaletasun izugarria dutelarik.
Joko honetan sartuak daudenak erru handi batetan daude eta bi aldeek gizartean izateko arrazoia dutenez gero, egoera honek gogoeta bat eskatzen du, bakoitzari doakion alorra ikasi eta ekintzak mugatzea.
3.- Euskal Antzerki zaleen aurrerako pausorik ez emateak dakarkin ezjakintasuna nabari da. Gorde behar duten espaziotaz jabetu gabe, profesional ametsekin liluratuak dabiltza.
Bestalde, Euskal Antzerki Taldeen Biltzarrearen pausoak ez doaz gehitzen; aurten inoiz baino emanaldi gutxiago antolatu dituzte.
4.- Euskal antzerki zaleok giro berria susmatzen hasi gara. Batzokietan nahiz eta antzerkia berpizten ari, ez EATB eta ez instituzioengandik ez du inolako laguntzarik jasotzen. Lan hau oso interesgarria dela eta, antzerki zaleok eskuak zabaldu behar diogula pentsatzen dut.
"Poza" eta "tristezia"-ren arteko desorekarik sor ez dadin ahaleginak egin behar ditugu.
Antzerkiak gizarte barruan egoteko milaka arrazoi ditu eta aurrera eramateko baimenik inori eskatu behar ez diogula iruditzen zait. Kondairan zehar begiratzen badugu, nahiz eta antzerkiak franquismo-aren garaiean atzerapenak eduki, EAJk sortutako antzerki giroa ikusi dezakegu eta Sabino Arana-ren hitzak gogoratu:
«Euskalerriaren anima eta eguzkiaren dizdirak sortzen duen giroa jarraituz, Herriak Antzerki Nazionala lortuko du».
EUGENIO AROZENA, Argia, 1985-XII-8