1984ko hemeroteka

UPV, UEUren aurka?

Uda hurbil dago. Eta Euskal Herriko Unibertsitatearen mundutxoa txikiegia da zer egosten ari den barrukook ikus ez dezagun. Hemendik bi hilabetetara Iruñean bilduko da XVII. aldiz Udako Euskal Unibertsitate delakoa; eta handik hilabetera Donostiara "Universidad de Verano del País Vasco" delakoa, bigarren aldiz hau.

Denok ezagutzen dugu elkar. Eta oso erraza da zuhaitzek basoa ikusten ez uztea. Edo, bestela esanda, arazo pertsonalek izari sakona izkutatzea. UPV-UEU binomio horren atzean, beste mailatan ere gertatzen ari den borroka latza mamitzen ari baita.

UEUren helburuak ezagunak dira:
1.- Euskara unibertsitatearen alorrean sartzea eta trebatzea, bai hizkuntza bera, bai irakasle euskaldunak prestatuz;
2.- UEUko mundutxo horretan, euskara nagusi izatea, euskal hizkuntza legeztasun hori, nolabait esateko, alor horretan bederen egiazko eginez;
3.- politika ofizialen gainetik, euskaldun unibertsitariok Nafarroan elkartu, Iruñean bertan, "Vascongadas"ko muga murritzetatik irteteko gai garela adierazteko (edo nahi dugula ere nabarmen agerreraziz);
4.- ikasle-irakasle harremanen estiloan bertan, Unibertsitate herrikoia eraikitzen hastea.

Ia-ia helburu berberekin ari dira lanean orain dela urte pilo bat Elhuyar elkartea, bai UZEI deritzona; bi hauek jakina denez, Donostian kokaturik.

UPV hori zer den ere aski ageri da: Sitges-en urtero egiten den "Universidad de Verano" horren antzeko zerbait. Joan den urtean adibidez, Tesia irakurtzerakoan hor gertaturik, Tierno Galván jauna zeukaten hizlari. Kataluñako problematikatik at (at ala aurka?) eraikia, beraz; baina Sitges-ek daukan turismo-maila apaintzeko, oso egokia. (Turistentzat, noski; nahiz ez katalandar intelektualentzat). Donostiako UPV horrek, besterik erakutsiko ez zaigun bitartean, helburu turistiko bat du: "Epater le touriste".

Hots egun hauetanxe izan diren elkarrizketen ondorioz, hau agertu da garbi: aurten ere UEUk eskale ibili beharko duela Diputazioetan eta udaletan diru-apur bat lortzeko; eta, jakina, legetasun edo instituzio-mailan izan dituen arazoak hortxe daudelarik. UEUren pleguko munstro vascongado-navarro-sudoestois honek ez du bere lekua aurkitzen. Noski! UEUrentzat ez dago estatusik, ez dago dirurik... Baina UPVrentzat, nahiz berria izan, nahiz helburu turistikoaz gain zer eskeini dezakeen garbi agertzen ez bada ere, badaude milioiak (lehenengoak emanak daude), eta bada nahi den guztia.

Jenderik ez ordea; UPVaren espezialitatea Dinamarka, Alemania eta Suitzako irakasleak ekartzea baita. Eta euskal kolorea emateko (iazko "pasada" berriro gerta ez dadin), soluzioa bakarra da: UEUra jo, eta ohoreak eta diru mordoska galantak eskainiz, laguntza hori lortu. Guztiz, beraz, PNVaren lerrotik. Burgesen lelo ezaguna praktikan jarriz: «Mundu honetan dena erosten da». (Eta instituzio autonomikoek, guri esker, gaindituta dute arazo hori).

UEU indartu beharrean, beraz UEUri dirua ukatu eta jendea piskanaka kendu. Kendu ote? Ez dakigu. Baina Etxenike, Zalbide, eta beste batzu, galdu egin ditu UEUk; eta besteek beren zerbitzutan jarri dituzte. Hauxe da egia latza.

Hots, azken puntuan, eta prozesu hori aurrera baldin badoa, zer gertatuko litzateke halako batez UEU-k potto egin, eta denok UPV-ra pasako bagina? Erantzuna erraza da: Unibertsitatearen mailan dena integratua litzatekeela. Eta ez nolanahi integratua: nafarrak batetik, vascongadoak bestetik; ipartarrak, Bordeleko eta Tolosako Unibertsitateen mendean; denok erdara batuan, eta Konstituzio sakratuan «atado y bien atado», hark esan zuen bezala.

Baina guztiz ahanzkorra behar litzateke izan, UEU-UPV arazo hori soilki ikusteko. Zer esan AEK-HABE bikoteaz? Nola uler daiteke, kontestutik at, Anaitasuna desagertu ondoren, ARGIAk orain, euskal astekari bakarra (eta ona, benetan) izanik, laguntza tantoka besterik ez jasotzea? Nola uler daiteke hau guztia, irakurle hori, jokabide orokor hori bultzatzen duen aparatoa abertzaletasunean kokatzen baldin badugu? Nik, egia esan, ez dut ulertzen.

Eta arazo larria da. Ito egin nahi gaituzte. Eta ez dakit, benetan, fruiturik ematen eta emango ez duten solidaritateetan gu tematuta, gure ingurua estutzen ari diren beso liskartsuen lodiaz eta kiratsaz jabetzen ote garen.

UEU-UPV binomio horren atzean besterik dago. Besterik eta guztiz larririk, ene ustez.

TXILLARDEGI, Argia, 1984-V-20

Gure Mendea