1984ko hemeroteka

ARGIA, 1000: Etxe barneko gogoetan

Historia egitera sartu gabe, kontuan hartuta halere, ohartxo batzuk egiten ausartuko naiz. Zailena eta inportanteena, ARGIAk azkeneko denboran izan dituen borroketan, hauxe izan da niretzat: jendaurreko bere irudi txarra gainditzea. «Infernuko argia»ren irudi txar hori, mindutako jende askoren ezinikusia, Franco hil eta berehalaxe sortu zen. Zergatik sortu zen, utzi egingo dugu. Arrazoi asko egon zen, eta, seguruena, alderdi oso desberdinetatik eman litezke interpretazioak. Aitor daiteke, nik uste, ibili ere suerte gehiegi gabe ibili zela gure astekaria, Euskal Herri osoan gertatzen ari ziren kanbioetara egokitu nahiz eta ezinez.

ARGIA hiltzea eta beste bat egitea nahiago izateraino iritsi ziren batzuk orduan. Aldi gogorra izan da ARGIArentzat.

Euskal munduan beti daukagu arriskua, mementuko inpresio beltzen azpian historiaren perspektiba galtzeko eta iraupenaren bidea uzteko, zerbait berri asmatzeak beste gabe soluzioa ekarriko balu bezala, gure inguruko eta gaineko mundu zaharrak lehengoan segitzen duen artean.

Iraupenaren meritua

Euskal kulturaren munduan, eta ez euskarazkoan bakarrik, irautea bera merito haundia da. Aski da begiratzea edozein aldizkariren, argitaletxeren, talderen historia: zenbat etenaldi, eszisio, heriotza eta berbizte, edo erabateko suntsimendi. Begira erdarazko astekariak ere, «Garaia», «Berriak»,«Ere», nora joan diren. Edo «Egan», «Oh! Euzkadi», «Muga», «Zehatz», eta zertan diren, nola dabiltzan.

Bakarrik esango dut, ARGIAren merito hau, astekaria oraintxe daraman eta eraberritu duen ekipoaren merito haundia besterik ez dela. Iraun ahal izateko hain zuzen kanpoko eta barruko eragozpenen kontra lan egin behar izan duen ekipoarena. Batez ere bere lehengo irudi txarraren aurka borroka etengabean ihardun beharrean.

Haundia da meritoa, bereziki datutxo bi hauek ahanzten ez badira: ekipo gaztea dela, eta irudia hobetzeagatik ez duela aldizkariaren funtzio sozial kritikoan amore eman. Eutsi egin dio eginkizunari, ARGIA berriz ere interesgarria. Bere lekua aurkitu du.

Espazio galduaren bila

Aldizkariak, «Zeruko Argia» deituta ere, munduan egiten dira, eta ez zeruan. Mundua, ordea, aldatu egiten da, eta aldatu egiten dira munduan ibiltzeko gure espazioak ere.

Franco hil zenean, ustegabeko arriskuekin aurkitu zen euskal prentsa. Arrisku horiek ez zetozen Espainiatik, zentsuratik, ordurarteko etsaiengandik. Etxe barnetik zetozen, erdarazko prentsa basko berritik, hain zuzen. Uholde batek inundatu zuen ordurarteko euskal prentsaren barrutik. Gainera, ordurarteko euskal prentsatik prentsa baskora firma dexentek emigratu zuen: batzuk kolaborantza eskaintzen jarraituz besteak ez, denak behintzat beren respontsabilitateak beste nonbait kokatuz: ARGIAren erantzukizuna gero beren gain hartu duten ekipoek, denek ez dute berdin asmatu, baina denak aurkitu dira izugarrizko desafio baten aurrean: astekaria denbora berrietara egokitu beharrean.

Gogora dezagun: l963an itxura berrikoa egin zitzaigunez gero, 1975era arte, ARGIAk bere espazio politiko-kultural jakina zeukan Euskal Herrian, informatibo kritiko eta abertzale gisa. Konpetentziarik ez zeukan. Justu espazio horixe okupatzera sartu bait zen, Franco hil ondoan; prentsa basko berria burrunban. Euskarak (ez, diot ARGIAk) ez zeukan erdal prentsarekin maila horretan konpetitzerik.

Ekipo zuzendari berriek ongi konprenitu zuten hori. Eta espazio berri bila jo beharrak urte horietan krisi latzak sortu dizkio ARGIAri, barruan hala inguruan.

Esango da, ez zeukala zergatik experimentu zoroetan sartu, lehengo moduantsu jarraitzea zeukala. Bai, urteren batzuetan jarraitzea bazeukan lehengo itxuran. Alabaina, nik uste dut, horretara nahitaez interesa galduz eta poliki-poliki itzaliz joango zela astekaria, erdarazko prentsaren pila azpian. Desmarkatu beharra zeukan, bere edukinagatik interesgarria izan nahi bazuen, ez euskaraz egoteagatik bakarrik. Eman ere, gero, agian azkarregi eman zen kanbioa, baina ongi ikusita zegoen espazio berriaren beharra egoera berrian.

Orain, distantzia piska baten abantailatik begira, garbi dago eraman den traiektoria. 1965-1975 bitartean ARGIA Euskal Herriko informatiboa izan da: arazo kultural, sozial eta politiko nagusienak arakatzen zituen. Gero, bat-batean, erdarazko prentsa berriaren ihesi hain zuzen, problema marjinal guztietan zurrumilatu zen, etxeko buruhauste haundiez baino munduaren beste puntako edozein kattarroz larrituago. Etxeko gorabehera handiak, izan ere, lehenago eta hobeto aurkitzen bait zituen irakurleak erdal prentsa berrian. Orainago, ordea, hirugarren mementu honetan, erdal prentsa hori bere naturaz den bezalakoa berragertu da: erdal prentsa. Eta ARGIAk euskaldunoi egiaz interesatzen zaigun prentsa bihurtzeko aukera du. Edozein zenbaki hartu eta orain ARGIA euskaldunon informatibo politiko-kulturala da berriro, geroz eta gehiago, lehenago bezalaxe.

Guzti honekin, hemen badagoela kanpo berezi bat, diferentzien gainetik, euskaldunak garenona eta izaten jarraitu nahi dugunona, suposatzen dut, eta horientzako prentsa bat badagoela, edo posible dela behintzat, eta egotea nahi dugula. Badagoela euskaldunon kanpo bat, propioa. Bestelako diferentziak euskaldunon artean ez dago zergatik ukatu (hor daude «Egin», «Deia», «La Voz», horren erakusgarri). Baina gure berdintasuna guztia ez den moduan, diferentziak ere ez dira guztia. Diferentzion azpian edo gainean, badago denok biltzen gaituen espazio bat, euskal prentsarik egitekotan deskubritzen eta lantzen jakin beharra dagoena.

Iragana gogoratzetik etorkizun aldera garamatza honek.

Informazio sare bat

Llabur-llabur. Hegoaldean bederen, ARGIA honez gero bakarra da, euskarazko astekari bakarra. «Anaitasuna», «Goiz Argi», etab. gogoratuz, badakigu egoera berriak eragindako lehenengo «rekonbertsioa» euskal prentsarena izan zela.

Ez dut esango, bakarra izateak ARGIA beste gabe guztiona bihurtzen duela. Bai, ordea, guztiona izatera obligatzen duela, horregatik inorena ez izate amorfo batetara obligatu gabe, noski.

Astekari sendo baten inportantzia, euskara hutsean, beti egon da begien bistan. Are garbiago daukagu orain, erdal egunkarietan euskara potentziatzeko projektuek eta diruek nolako fruituak ematen dituzten ikusi ondoren.

Egunotan euskarazko egunkari baten asmoa biztu da. Asmoari formula on bat asmatzen baldin bazaio, euskal prentsaren mundua piska bat borobiltzeko lehengo aukera izan dezakegu hau. Informazio-kaskada bat, alegia lehen maila batetan aldizkariak, astekaria gero, eta albistari bixi-bixi bat egunero. Aldizkariak egitea da euskaraz oraindik ere errazena. Astekariak bere lana ematen du, eta egunkaria egitea oso zaila izango da. Dena den, helburu bat seinalatzen zaigu. Hiru maila horiek edukiz gero, informazioak, kaskadan eta euskara hutsean egin ahal izango luke bere zirkulazioa gorputz informatibo (idatzi) osoan.

Hurrengo pausoa eman baino lehen, ARGIAk finkatu egin behar du bere estatutua. Ekipo koherente, iraunkor bat astekariaren bizkarrezurra da. Infraestruktura sendo bat osatutakoan bakarrik esan ahal izango da, badugula gure astekaria eta zinez betetzen duela bere eginkizuna. Egunkariak eta astekariak, edo aldizkariak, elkarren kaltetarako izatea, behin probaturik dago, eta ez daukagu bigarren aldiz guztion okerrerako probatu beharrik.

ARGIAk orain, lehen ere oparo askoa izandu dena izan behar du berriro: idazle gazteen eskola. Besteak beste, berau dugu euskal letren itsasotxoan murgiltzeko dagoen tranpolin hoberena. Eta, zergatik ez, libre dago amets egitea, gazteon bultzadarekin, geroan-geroan itsasotxoa zabaldu egingo da, denen artean euskarazko informazio-sare osoa hedatzeko: egunkaria, astekaria, aldizkariak eta, baita, irratia, telebista, zinema ere. Belaunaldi berri baten egunsentia nabari da.

JOXE AZURMENDI, Argia, 1984-I-14, 1.000 zka.

Gure Mendea