1984ko
hemeroteka
Erdal egunkariak noiz euskaldunduko?
Ez dirudi honexek agian mementu aproposena honelako gaia planteiatzeko. Izan ere, kristo guztia euskarazko egunkariarekin gora eta behera ari denean erderazko prentsa nola euskaldundu aipatzeak ere eman lezake tokiz kanpo ari naizenik. Neuri kontrakoa iruditzen zait ordea: Gauza grabeak esaten ari bait dira hortik baita euskaltzaleen artean ere.
Nolabait esatearren, hiru gauza daude egunkarietan gero eta euskara gehiago sar dadin eragozpen serioak ipintzen dituztenak: medioen buruek ageri duten borondate falta, instituzioen zabarkeria eta euskaltzaleon axolagabekeria. Egia esan, gaurko egunean nortzu diren guretarrak eta nortzu ez, kasik ahanzten ari zaigun gauza da; nortzu dauden euskararen alde eta nortzu ez.
Egunkarietako buruek ageri duten borondateari buruz, gonbarazio batera, estraineko apreziazio bat: badirudi erdal medio guztiek euskararen normalkuntzaren aldeko borondate politikoa neurri berekoa daukatela, eta hori ez da egia. Aski da edozein egunetan egunkari bat hartu, ondoren besteak eta elkarrekin alderatu. Baldintza gabe aitortu beharra dago —minimoki objetiboak baldin bagara— «Egin» eta «Deia» beste guztiak baino askoz gehiago saiatzen direla euskarari beren orrialdeetan presentzia bat ematen. Ez bait dira alperrik filiazio abertzaledun egunkari bakarrak —«Navarra Hoy» salbu—. Horra hor bada egin beharreko lehen bereizketa.
Gero, inork ukatu ezin duen kontua da «Egin» askoz hobeto portatu eta portatzen dela gure hizkuntza nazionalarekin «Deia» baino. Zeren «Egin»-en «Egunon»-az aparte ere ateratzen da euskaraz. Ez behar adina, beharbada, baina bai beste edozeinek baino gehiago eta uste dut hori ere gutxienez aipatzekoa dela. Eta inportantea dena: inportantzia handieneko sekzioetan eta askotan leku nabarmenak okupatuz (hirugarren orrialdean, portadako titular nagusia), eta trukean subentziorik jaso gabe, borondate hutsez. Eta garbi esan beharra dago: hori ez du beste ezein egunkarik egiten. Egia da ere hori ez dela aski euskara egunen batetan normalduko bada, baina aitortu beharrekoa da guztiak ez direla neurri bereko alukeriatan ibiltzen eta hori gaur egun izkutatu egiten da nahita (hori egiten dutenek jakingo dute zer daukaten egunkari horren kontra, edota egunkari horren atzean dagoen sektore politiko horren kontra).
Zeren euskara sartzeak salmenta gutxiagotzen bait du. Eta egunkari horrek horixe abertzale izateagatik egitera behartua dagoela esatea ez da topiko bat: txotxolokeria bat da. Herri honetan, nik dakidala, inork ez du ehunka milioiko enpresa bat arriskutan jarri euskararen alde jotzeagatik. Oso erreza bait da barreratik kritikak egitea.
Azkenean, azpian dagoen problema instituzioen borondate politiko falta nabarmena da. Eta borondate politiko eskas hori aguantatzen dugun euskaltzale guztion utzikeria ere jakina. Gogoan dut Imanol Murua diputatuak publikoan «Egin»eko ordezkariei iaz egindako galdera: «60 milioirekin egunkaria kaleratzeko prest bazaudete, zergatik ez "Egunon"-eko 15ekin egunkari laurdena?». Itzela, txo! Garbi dago galdera hori egiten duenak urrutitik ere ez duela ezagutzen egunkari baten funtzionamendu ekonomikoa eta merkatu periodistikoaren gorabeherak. Eta hobe luke, beraz, gai horri buruz ezer ez esatea. Baina ez, instituzioak euskara kontutan haur mentalidadea daukaten politikoek gidaturik daude eta alperrik da. Kontu egin ezazue, politikook: «Egunon» kaskarra izango da baina nork egin dezake gehiago hain subentzio eskasarekin? Eta hor duzue froga, beste inork ez du proposamen horixe bera onartu. Eta honi ere errepara iezaiozue: «Diario»-n edo «Correo»-n euskara sartzeko egunen batetan zerbait egitea okurritzen bazaizue (badakit burutik pasa ere ez zaizuela egin), publizitate-prezioan erosi beharko dizkiozue orrialdeak, eta «Egin»-ek egiten duena —ez hobeagoa— beraiek egin dezaten hogei aldiz garestiago pagatu beharko diozue. «Deia»-k egin dezan doblea pagatu beharko duzuen bezala. Zeren beste egunkarietan ere jo beharko dugu euskara sartzera, ala ez?
Dudarik ez egin, prentsa euskalduntzeko, urtean milaka milioi sartu beharko direla (eta halere, bestelako presio neurriak ere erabili beharko dira urtean ehun milioiren truke lau orrialde kaskar argitara ditzaten). Eta tarteko gauza guztiak beste helburu horren atzetik egiten ditugula garbi ez badaukagu alperrik ari gara. Eta segi dezatela bienbitartean saltinbankiek eta ferianteek saltoak airean emanez eta gezurrezko desafioak boteaz.
JOSU LANDA, Argia, 1984-I-22