1984ko hemeroteka

Txakartegi bezalako guztiei

EUSKARARIK GABE, NAZIO ARAZORIK EZ

ORAIN dela bi aste baino gehiago, Txillardegik EHE taldearen izenean AEK-k belodromoan antolatutako ekintzan esandakoak bere oihartzuna izan du. Lehenengo erantzuna Txakartegirena izan zen. Bertan Txillardegiren ideologia, teniente baten ideologiarekin konparatzen zuen, eta guardia zibilak eta Txillardegiren pentsakera berbera zela jakin arazi nahi zuen. Bestalde Txillardegi Ameriketan ikasten egon zela eta, Edén Pastorarekin zubi bat egiten zuen, azken hau CIAren menpe zegoela esanaz. Ez zen Txillardegiri egindako eraso bat bakarrik; nahiz eta lehen irakurketan itxura hori eman. Arazo ideologiko sakon bat agertzen zen linea tartean. Gehiegi al da, 9 urte ondoren ezker abertzale mailan kargo publikoa dutenak eta euskara oraindik ikasi ez dutenak, kargo publikoa uztea eskatzea?

Izan ere, Txakartegiren karta inpublikablea zen. Inpublikablea diot, benetan oso maila bajokoa zelako, euskararen arazo bat kaleratzea baino, pertsona bat desprestijiatzen saiatzen zelako, eta betirako Txillardegiri, horrelako susmo foilonero, eta serioa ez dena ezartzeko. EHEko talde batek erantzun bat eman zuen, benetan sinplea eta pobre xamarra. Hemen nator ni neurea ere ematera.

Bigarren aldia da Txillardegi publikoki iraintzen dela, eta piztu behar den euskararen inguruko debatea piztu beharrean, ezker abertzaleko sektore batek, Txillardegi pertsonalki atakatuaz, debate guztia izorratzen du.

Ezker abertzaleak duen projekto nazionalak hiru ardatz ditu, Euskal Herri independientea, sozialista eta euskalduna. Independentzia, sozialismoa, eta euskara. Hiru ardatz hauek KAS alternatiba taktikoan desarroilatzen dira. Denok dakigu, KAS alternatiba ez dela lortuko firmatzea bapatean, baizik eta aurrez emango den borroka luze baten ondorioz. Borroka luze horren arrazoia, KAS alternatiba lortzeko beharrezkoak diren kondizioak eskuratzea izango da, batez ere gero puntuak errealitatean martxan jarri ahal izateko. Kondizio horiek, langile mailan bezala, errepresio mailan, adierazpen askatasun mailan, eta euskararen normalkuntza prozesuaren mailan gaurtik lantzen joan behar dira. Hau egingo ez balitz KAS alternatiba lortzean euskara mailan erretxazo sozial haundi bat sortu gabe ezingo litzateke euskara salbatzeko beharrezkoak diren neurriak hartu.

Kontzientziatze lan ikaragarri bat egin beharra dago euskara mailan ere. Oraindik euskara defendatzean diskurtso zaharrarekin gabiltza: euskara erabiltzeko eskubide pertsonala, elebitasuna, ereduak... Eta bide horretatik galduak gaude. Euskara folklore mailan mantendu nahi dutenek gaurkoz ideologikoki irabazten ari gaituzte. Euskararen normalkuntzak nondik nora joan behar duen, eta langile mundua, errepresioarena, adierazpen askatasunarena elkarrekin ere ez dakigu lotzen. Komunikabide eta administrazio munduko euskararen alternatiba ez dugu ezagutu arazi, irakaskuntzarena nahiko aidean dago eta abar... Euskararen debatea sortu beharra dago, eta puntu guzti hauek definitu, markatu eta kontra-eraso ideologiko bat prestatu.

Bukatzeko, ezker abertzale munduan bidea markatu behar dutenek eredu behar dute, gure herri projektoren hiru ardatzetan: langile munduak duen garrantziaz jabetuz sozialismoa helburu bezala eduki behar da eta horren ondorioz praktika koerente bat; politikoki eta ekonomikoki gure herria guk nahi dugun bezala antolatzeko eskubidea dugulako independentista izan behar da; eta gure herri euskalduna izan behar duelako euskalduna izan behar da. Koerenteak bagara, ezin dezakegu onartu, ezker abertzale mailan bidea markatu behar dutenak, eta militante publikoak direnak euskaraz ezjakitea. Franco orain dela 9 urte hil zen eta ikasteko denbora egon da. Ez dakitenek militatzen jarraitu dezatela, euskara ikasi dezatela, baina ez daitezela ezker abertzalearen bozeramaile publikoak izan.

Arlantz, Argia, 1984ko maiatza

Gure Mendea