1984ko
hemeroteka
Eta buelta berriz lehenera
EUSKALDUNOK bagenekien zentralistek (frankistek nahiz besteek) ez zutela nahi Euskal Herri euskaldunik. Horregatik hasi zen Euskal Herria bere kontura antolatzen euskararen alorra. Eta helduen mundua euskalduntzeko AEK sortu zuen; erakunde zabala eta irekia, gaur egun ere ikaslegoaren %60 berarengan ikasten ari dena eta Euskal Herriko zazpi herrialdeetan lanean ari den erakunde bakarra.
Euskaldunok ez genuen uste, ostera, Jaurlaritzan agintzen duen alderdiak Euskal Herriaren berreuskalduntzeari oztoporik jarriko zionik.
HELDUEN berreuskalduntzeari dagokionez, Jaurlaritzak eman dizkio, egia esan, subentzio batzu berreuskalduntzen ari den herri mugimenduari; frankistek bere garaian emandakoa baino zerbait gehixeago. Baina berreuskalduntzea lortzeko irrigarriak izatez gainera, apurreriok burrukaren bidez lortuak izan dira.
AEK hainbat denbora egon zen subentziorik jaso gabe, hartzeko jartzen zituen baldintzak onartezinak zirelako. Baldintza haiek onartuz gero, helduen munduko ikaslegoa euskara ikastera animatu beharrean, euskaratik urrundu egiten zuelako azterketa moetak zirela medio. Eta euskera irakasten ari zen erakundea ahuldu egiten zuelako, subentzio sistema zela bide.
Herri erakundeak burruka luze eta gogorra egin behar izan zuen, subentzioak hartzeko Jaurlaritzak jarri nahi zituen azterketa moeta eta subentzio sistema aldarazteko. Eta bitartean AEK subentziorik hartu gabe egon zen.
83-ko udaberrian amore eman zuen Jaurlaritzak eta akordioa izenpetu AEK-rekin 83-84 ikasturterako. Baina Jaurlaritzak ez du bete akordio hura eta gainera ez du bete nahi ere.
BITARTEAN, 83-ko abenduan, HABE legea atera zuen, AEK-rekin ezertarako kontatu gabe, nahiz eta helduen munduko ikaslegoaren %60 baino gehiago AEK-n ikasten ari izan.
HABE lege horrekin ezin dira berreuskaldundu Jaurlaritzaren mende dauden hiru herrialdeak —eta guttiago Euskal Herria— berreuskalduntzea ez delako bere helburua; eta gainera, espreski baztertzen dituelako herria berreuskalduntzeko beharrezko diren baldintza minimoak; adibidez, herriaren parte hartzea eta barne demokrazia.
Baina, gainera, Euskal Herria berreuskalduntzeko helburuaz Frankismo garaitik gogor lanean ari den herri erakundea hondatu nahi du sakabanatzea lortuz. Horretarako —eta hasteko— HABE legeak ez du errekonozitzen AEK erakunde bezala; zentroak baino ez ditu errekonozitzen. Bigarrenik herri mugimendu berdineko zentroak modulo desberdinetan jartzen ditu eta tratamendu desberdina ematen die. Problematika eta interes desberdinak izanik, sakabanatzeari erraztasunak jartzen ari da legea. Gainera herri mugimenduari konpetentzia leial nahiz desleial egin diezaioken beste zentro bat nahi duenean eta nonnahi jartzeko aukera ematen dio legeak HABE erakundeari.
EUSKAL Herriaren berreuskalduntzea lortzeko baldintzak, bada, lehen baino desegokiagoak direnez, AEK-k ez du beste erremediorik lehenera jotzea baino, buelta berriz burrukara, euskararentzat baldintza egokiagoak lortzeko asmoz, ea behingoz lortzen dugun euskararen normalizazio jatorra, oraindino ametsa den berreuskalduntzea ekarriko digun normalizazioa.
AEK, 1984-IV-15