1983ko hemeroteka

Batua bai, euskalkiak ere bai!

Euskal Herri honetan, batuari eta euskalkiei buruz ihardutea alor politizatu batean sartzea da. Eta politizatu diot, ez politiko, ez bait dira berdinak, neretzat behintzat. Gorabehera politikoetan euskara nahitaezko elemendu bat den neurrian, euskararen arazoak eduki politikoa du betidanik Euskadin, eta arrazoia dago esateko inor ez dela "apolitikoa" hemen.

"Politizatu", hitza, aldiz, beste era batean ulertzen dut, alegia: arazo konkretu batez —euskararena, nuklearrena, emakumeena...— beste auzi zabalagoei lotuz eta menperatuz "politika nagusia" aurreratzeko baliatzea.

Politizazioa taktika bat da. Ikuspegi orokor batean harturik, politizazioa dudarik gabe ona, probetxugarria edo beharrezkoa izan daiteke.

Ona zertarako, ordea? Politikaren aldetik, adibidez, euskara batua politizatzeak agian oso ona dirudi. Baina euskararen aldetik ona ala txarra den, probetxugarria ala kaltegarria, beste kontu bat da.

Tartean bi interes daudenez gero —"politikarena" eta euskararena— badaude bi ikuspuntu, eta biak errespetagarriak. Ugari eztabaidatzen eta idazten da politikaren ikuspuntutik. Lerro hauetan, euskararenetik ariko naiz.

Orrialde honetan orain dela guti agertutako artikulu baten izenburuak bi puntu aipatzen ditu: euskalkiak konserbatzearena eta batuaz egitearena. Eta kasualitatez (edo ez), gaur egungo joko politikoan, Gorka Palaciosen artikulu haren aurkako beste artikulu batek oso lasai izenburu berbera har zezakeen: "Euskalkiak konserbatzen eta batuaz egiten", alegia: jakina, bi artikuluok edukinez erabat desberdinak ziratekeela suposa dezakegu.

Honek zera erakusten du: direlako bi jarrerok onartzen dutela, maila teoriko eta inkonkretuak gutienez, euskara baten beharrizana; eta ordu berean, batak eta besteak, printzipioz bederen, euskalkiak ere defenditzeko prest omen daudela. Hori batetik; bestetik, egoera baloratzeko kanpoko azala eta barneko mamia bereizi beharrak direla.

Politizazioak polarizaziora bultzatzen du. Beraz, esandako bi jarrerak bi talde politikori baldin badagozkie, talde batekoek, praktikan, puntuotako bat baztertu ohi dute, hots, batuarena; eta bestekoek bestea baztertu ohi dute, euskalkiena alegia. Bistan dago politizazio fenomenoak jokaera hau behar duela, aurkakotasun garbi eta sistematiko batera iritsi ahal izateko. Politikoki, batua eta euskalkiak ezkerra eta eskuina legetxe elkarren kontra jarri egin dira. Politikoki, inor orain ezin da, ordu berean, batuzale eta euskalkizale izan, zenbait lagun samurtu gabe. Politika honek eragindako dinamikan, denok edo "batuaren etsaiak" gara, edo "euskalkien zapaltzaileak".

Euskararako, interes politikoek ezarritako polarizazio hau aldrebeskeria da, izugarrizko aldrebeskeria. Berez, (1) euskalkiak eta euskara batua ez doaz elkarren kontra; elkarren ondoan bakean iraun dezakete. Gainera, (2) euskarak biak, bai euskalkiak, bai euskara batua, behar ditu abagadune honetan bizirik iraun dezan.

Ez naiz saiatuko tesi honen lehen baiezpena defenditzen lerro hauetan. Beste baterako uzten dut. Bigarren baiezpenari gatozkiola, badut susmoa orrialde hauek irakurtzen dituztenek oro har ezagutzen dituztela batuaren aldeko arrazoiak; horregatik aipatu gabe utz ditzaket. Beraz, laburtzekotan, eta euskalkiak zergatik diren beharrezkoak irakurleok beharbada ez dakitelakoan, politikoki debekatua edo tabu den gai honetaz bakarrik aritzera ausartuko naiz.

1. Munduko hizkuntza batzuek mintzatu bakarrik egiten dira; besteak, mintzatu eta idatzi. Normalean dudarik gabe, idazten diren hizkuntzek indar handiagoa dute idazten ez direnek baino. Baina, aspaldidanik dakigunez, edozein hizkuntza, bizirik irauteko, mintzatu egin behar da. Mintzatzen ez den bezain laster, hizkuntza hila da. Berbeta, hizketa, solasa: hauxe da hizkuntza bizi baten bihotza.

2. Mundu osoan, edozein hizkuntza biziren kasuan, tesi hau onartzen da: hizkuntza baten eredua, hizkuntza hura ama-hizkuntza bezala dutenengan aurkitzen dela beti. Definizioz, bada, egiazko euskaldunak dititikakoak dira; eta objetiboki, euskararen eredua "euskaldun zaharren" baitan dago.

3. "Euskaldun berrien" fenomenoa faktore indartzaile bat da euskararentzat, euskaldunen kopuru totala eta pisu soziala haren bidez igotzen diren neurrian. Euskaldun berriaren lehen helburua, hizkuntz ikasle bezala, komunitate linguistiko batean integratzekoa da. Kontrasentidurik ez sortzeko, euskaldun zaharrak oinarritzat hartu beharko dira komunitate hau definitzeko.

4. Halaber, euskaldun haurren lehen egiteko linguistikoa, beren gurasoengandik datorkien mintzaira bereganatzea da; hau ondoren egiten den ororen funtsa izango bait da. Beraz, etxeko mintzaira konprenitzen eta erabiltzen umeek inolako zailtasunik baldin badute, eskolak, lehenbaitlehen, zailtasun hori gainditzen eta mintzaira hura ongi finkatzen lagundu beharko lieke. Euskaldun berriena bezala, haur txikien eginkizuna ere komunitate linguistikoan integratzea da.

5. Batzuetan, batua "euskara normala" balitz bezala, eta euskalkiak "euskara anormalak" balira bezala hitz egiten da. Egia alderantzizkoa da. Kontzeptu hura ez da berria, gainerako herrietan ere aurkitu eta aurkitzen bait da. Hala ere, gaur egungo ezaguerak, eta ez atzo goizekoak bakarrik, argi eta garbi seinalatzen digu joera hura atzerakoia eta antizientifikoa dela. Hizkuntza normala, berez hazten eta eboluzionatzen dena da, eta izango da beti; hizkuntza normala, etxean txikitatik ikasitakoa da; hizkuntza normala, komunitate batek egunero mintzatzen duena da.

6. Dirudienez asko erabiltzen den beste kontzeptu oker batek, euskaldun berriak euskara batuarekin, eta euskaldun zaharrak euskalkiekin, koerlazionatuko lituzke. Egoera hau sortuko balitz, euskaldun berriak aparteko komunitate edo elite batean eraikiko lituzke, gainerako euskaldunengandik berezirik, haiek hauengana asimilatu ordez. Bestalde, honek, bostgarren puntuan azalduriko ideiarekin batuz gero, ondorio absurdo honetara eramango gintuzke: euskaldun berrien euskara, euskara normala delakoa, eta euskaldun zaharrena, berriz, anormala! Bide honetatik, gero eta okerrago gabiltza.

7. Zer da euskara batuaren zeregina, hain zuzen? Euskalkiak pertsona batzuentzat bakarrik baldin balira, eta batua beste zenbait pertsonarentzat, euskara batua sortzeaz hizkuntz komunitate berri bat asmatu baizik ez zatekeen egin. Ez, batua ez da horretarako, ez eta klase dialekto huts bat izateko ere. Noiz erabiliko da batua, orduan, eta noiz euskalkiak? Biek elkarren ondoan eta bakean iraungo badute, funtzio berezi batzuek dagozkio bakoitzari. Arazo hau konpontzeko, bada, noizbait eta nolabait finkatu beharko dira bakoitzaren funtzioak.

8. Funtzio hauen artean, batzuek "goikoak" dei genitzake, eta besteak "behekoak". "Beheko" funtzioen sailean eguneroko euskara mintzatua sartuko da gehien bat. "Goiko" funtzioak, berriz, erabilera kontzienteagoak izaten dira, hizkuntza idatzia batez ere aurkitzen bait dugu sail honetan. Honenbestez, ohartu behar da "behekoak" deituriko funtzioak, hizkuntza baten funtzio oinarrizkoak eta karakteristikoenak direla, hain zuzen "goiko" funtzioak ez dira linguistikoki hain funtsezkoak.

9. Euskararen kasuan, bada, batua "goiko" funtzioetarako dugu, esate baterako, ARGIAn artikuluak idazteko. Eta euskalkiak "beheko" (hitz honek hemen ez duelarik inolako mesprezu kutsurik ekarri behar!) funtzioetarako esate baterako, etxean eta lagunen artean ibiltzeko. Espero dezagun euskaldun zaharrek, etxean eta lagunekin ibili ez ezik, batzuetan ARGIAn idatziko dutela. Halaber, espero dezagun euskaldun berriok, ARGIAn idatzi ez ezik, noizean behin etxean edo lagunekin ibiliko garela! Seigarren puntuan agertutako koerlazioak, beraz ez du sentidurik.

10. Bi alor ditu euskarak, bada. Oso komeni zaigu gogoratzea, gauza hauetaz dihardugula, alor hauetako batean, "goiko" funtzioenean alegia, tradizionalki erdara izan dela nagusi. Beraz, alor honetan arazoa ez da euskalkiak "gordetzea" ala batua ezartzea, baizik eta erdara gordetzea ala euskara ezartzea. "Goiko" funtzio hauetarako, eta batez ere idazteko, euskarak, oraintsu arte (eta oraindik ere) oso tradizio eskasa du; bestalde, ageri da gaur egun euskara batua nagusitzen ari dela alor honetan. Hau guztiz logikoa da. Hala ere, euskara mintzatu arruntean, hau da, "beheko", (eta oinarrizko) funtzioetan, badago tradizioa, eta tradizio haren eredu jator bakarra euskaldun zaharrek dakarkigute. Beraz, alfabeta gaitezen denok, hau da, euskara batua ikas eta lant dezagun; baina are garrantzitsuagoa da denok euskaraz mintza gaitezen, eta horretarako, ikas eta lant ditzagun geure inguruko euskalkiak ere.

Alan KING, Argia, 1983-II-13

Gure Mendea