1983ko
hemeroteka
Baieztapen sendoa
Euskara da Euskal Herriaren hizkuntza nazionala.
Baina gaur, Euskal Herriko biztanleon laurdenak ere ez dugu euskaraz mintzatzeko, irakurtzeko, bizitzeko aukerarik ez eskubiderik.
Geure hizkuntza nazionala ukatu egiten zaigu.
Euskaldunok minoria bihurturik aurkitzen gara Euskal Herrian bertan. Egunetik egunera minoria ahulagoa egoera hau iraulerazten ez badugu.
Euskara ez da hizkuntza normala. Hizkuntza normal batek egun osoko eta tokiune guztietako harremanak bideratzeko balio du. Euskaraz, ordea, gizarte-harreman garrantzitsuak galeraziak dauzka. Normala egin beharra dago, normalkuntz bidean jarri, deuseztapenik salbatuko bada.
Euskararen benetako normalkuntzak zera eskatzen du gaurko egoeran: erakunde publikoek, bai legeetan, eta bai hizkuntz politika osoan, euskarari zinezko lehentasuna ematea. Horrela bakarrik ordainduko da nolabait euskaldunek beren hizkuntzan jasan duten zapalkuntza eta bazterkuntza historikoa; horrela bakarrik burutu ahal izango du Herri honek Euskal Herri euskaldunaren proiektu nazionala.
Euskararen benetako normalkuntzak legezko eta administraziozko neurri ugari eta sendoak eskatuko ditu. Dirutza handiak gastatu beharko dira, urteak joan urteak etorri, gure hizkuntza normalkuntza bidean jartzeko. Baina guzti hori alferrikakoa, ondoriorik gabe, geratuko litzateke herri-mugimendu sakonean oinarrituko ez balitz. Herri-mugimenduak herriaren eskuhartzea esan nahi du. Norbere herrian, eskolan, lagunartean, lantokian, kulturgintzan, politikagintzan, euskararen normalkuntzaren alde ez bada burrukatzen jai dute goitik beherako neurriek.
Euskararen normalkuntzarena, prozesu demokratikoa izango da, herri-borondatean eta herri-ekintzan oinarrituko denez. Ez diogu inori ukatu nahi bere hizkuntza erabiltzeko eskubidea. Ez da hori gure asmoa. Baina geure nazio-hizkuntza ukatua non nahi eta noiz nahi eskubidea eta aukeraren alde burrukatzeko prest gaude.
Helburu argia
Euskararen normalkuntzak laburbiltzen du —oraingo egoera diglosikotik irteteko bidea izateaz gain— gure hizkuntza nazionalaren berreskurapenaren helburua: hau da, euskara benetan Euskal Herri osoaren hizkuntza nazional bihurtzen.
Funtsean duen bere esanahi linguistikoaz gain, normalkuntzak bere alderdi legala, instituzionala, kulturala eta soziala ditu.
1.- Normalkuntza linguistikoa. Euskal Herri batuak bere hizkuntza batua behar du: euskara. Baina euskararen normalkuntzak horren batasun gramatikala baino gehiago esan nahi du. Izan ere, hizkuntza nazional normalduak zera esatzen du funtsean: morfologi, sintaxi, ortografia eta fonetika-finkotasun egokia, batetik; eta lexiko aski bateratua, zehaztua, teknifikatua eta landua bestetik.
2.- Normalkuntza legala. Ez da aski euskara erdararekin batera ofiziala dela baieztatzea, ez eta euskaldun guztiok euskara ikasteko eta erabiltzeko eskubidea dugula esatea. Hasteko, euskarari aitortu behar zaio Euskal Herriaren hizkuntza nazional bakarraren izaera, eta ondorioz, berari eman legezko lehentasuna. Horren araberakoa behar du izan euskararen normalkuntzarako lege globalak; bai eta administrazioko, gizarte-sektore guztietako, kultura eta hezkuntzako sail guztietako, komunikabide sozialetako etab-etako alorretan euskara normaltzeko lege sektorialak.
3.- Normalkuntza instituzionala. Bi aldetatikoa behar du normalkuntza horrek: batetik, euskarak hizkuntza normal bihurtzeko bere erakundeak behar ditu (Euskaltzaindia, eskola, Fakultateak, tituluak, komunikabidea); bestetik, erakunde publiko nahiz pribatuetan bere estatutu normala behar du.
4.- Normalkuntza kulturala. Euskara gaurko kultur hizkuntza bihurtzea esan nahi du kulturazko normalkuntzak. Bi aldetatik: batetik, euskaldun bakoitza bere kulturaren mailan euskara erabiltzeko gauza izatea; bestetik, euskara bera gaurko kulturaren gai, sail eta maila guztietan erabiltzeko gaitua egotea.
5.- Normalkuntza soziala. Euskararen gizarteko erabilera adierazten du: Gizarteko bizitza osoan eta sektore guztietan (lagunartean, familian, lanean, negoziotan; elkarte kultural, deportibo, politiko, auzotar, eta bestelakoetan) euskara normalki —lehentasunez— erabiltzea, alegia.
EKB Euskal Kulturaren Batzarrea, 1983ko martxoak 12, Bergaran