1983ko
hemeroteka
Euskal egunkariaren sasoia heldu da
Euskal prentsa osoa babestu beharra
Euskal egunkariaren sasoia heldu dela diogunean, egia esateko oraindik gure harriduratik irten ez garelako da. Hainbat urtez Anaitasuna-k bere hiltzoritik eta Argia-k bere asteroko presentziaz euskal prentsaren izateko eskubidea erreibindikatzen pasa ondoren oihartzun faltak etsiturik gintuenean, hara non aurten bazter guztiak astintzen eta buruz gora ipintzen hasi bait da egunkariaren asunto horrekin.
Eta ez bedi aurreko interpreta euskal egunkarirako proiektuaren kontrako zerbait bezala. Nork maiteago amets hori guk baino? Inork ez dezala dudarik egin egunen batean proiekturen bat gauzatzen bada gure bultzada jasoko duela lehen mementutik. Baina gauza bat dira ametsak eta beste bat errealitatea, eta gure errealitatea astekari hau da. Eta euskal astekari bat egiteko eman diren proiektuetatik aurrera jarritu den bakarra geu izan garenez badakigu zer suposatzen duen horrek eta, okerrago dena, zer interesa sortu duen orain egunkariarekin hain ilusionaturik daudenetako batzuengan. Hortixe dator gure mesfidantza eta gure erreibindikazioa.
Izan ere, hauxe da gure erreibindikazioa: ez da aski egunkari baten proiektuarekin aurrera jotzea; gure abururako egunkari hori aurrera ateratzen ematen diren bitarteko berdinak eskaini behar zaizkie martxan dauden edota eginkizun leudekeen beste medio edo prentsabide guztiei. Hiz batez, Euskal Prentsa babesteko lege bat. Eta garbi dago legearena aipatzen dugunean Gasteiza zuzentzen ditugula hitzok, egunkariaren gaiak hantxe dauka mementu honetan erdigunea eta.
Egia aitortzeko, legearen ideia ez da gure kaskotik irtendakoa. Gasteizko Parlamentuan aurkezturiko "Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Oinarrizko Legearen" lehen aurreproiektuan asmo horixe ageri zela prentsari dedikatutako artikuluan. Bigarren prestaketarako desagertarazi egin zuten ñabardura hura eta azkenerako behinbetiko textuan ez da horrelakorik azaltzen.
Areago, iruditzen zaigu kanpaina publikorik edota iritzi korronterik antolatuko balitz, ez lukeela izan behar soil-soilik euskarazko egunkaria eskatuz, euskal prentsa babestuko duen lege bat eskatuz baizik. Are gehiago, egunkariarena lege horren barnean sartuko litzatekeela kontuan hartzen badugu.
Koiunturak aldakorrak bait dira, eta gaur egun egunkariaren aldeko koiuntura dexente euforikoa baldin badago ere, horrelako egoeran zein erraz aldatzen diren ez dugu esango inongo sekretua denik. Zer esanik ez dena urtetik urtera aldatzen diren instituzio batzuren menpe utzi nahi denean... baina izango dugu hurrengo asteetan honetaz luzeago mintzatzeko parada egokia.
ARGIA, 1983ko iraila, 986 zka.