1982ko
hemeroteka
ARGIA etapa berri baten aurrean
(...)
Orain ofentsiba berri bat hasi da euskararen etorkizuna baino makurragoa izan litekeena, azken finean euskara erabateko heriotzera eraman bait dezake.
Orain arte bi alderdi egon dira euskaltzaleen artean, aurrerakoiak eta tradizionalak dei genitzakeena alegia.
Lehenagokoak euskara gaurkotu, normalizatu, bateratu eta eskolaratu nahi dute. Gaurko politika, zientzia eta pentsaeraren gai guztiak euskaraz erabiltzen saiatzen dira, nahiz eta hortarako euskal hiztegia oraindik eskasa izan.
Besteak berriz euskara batua eta modernizatua mundu hontako gauzarik txarrena bezala ikusten dutelako, euskalkien idartzeari ematen diote garrantzirik handiena. Esate baterako, eskola liburuak euskalki berezietan argitaratu egin dute, euskal eskola nazionala hiru bat lau eskoletan zatitzea absurdu bat dela ikusi gabe. Alde honetatik zer nazio mota defendatzen duten honetakoek ez dut oraindik ulertu.
Orain beste hirugarreneko talde bat agertzen hasi da dirudienez, perfekziozaleen alderdia alegia, ofenditzeko batere asmorik gabe esan dezadan.
Aipatu hauek gauza heldurik ez dagoela diote, orain arte egindako zenbait lanak oso gaizki eginak bait dira: borondate oneko jende ezjakinen lana besterik ez da diotenez. Beren okerkeriak jarraitzeko halako jendeari diru publikoak ematea astakeria izugarria izango litzateke nonbait.
Barkatu: esandako hauek gaizkitzat inork hartuko ez dituela espero dut, karikatura itxura badute ere.
Ordea, nire iritzi apalaz "gerotik gerora" ibiltze honek arrisku handi bat izan dezala une honetan, lanak erdizka egitea baino askoz gehiago.
Baldin eta "geroko benturaren bentura benturaturik" galtzen bagara, zer gertatuko da gaurko euskararen berpizteaz?
Euskal Herrian etorkizun politiko-kulturalari buruz zer dakigu? Espainian gauzak aldatzen badira nork garantizatuko digu etorkizun horren euskalduntasuna? Gerokoan euskara indartzeko egin beharra diren lan perfekto guzti horiek egiteko posibilitaterik izango al da benetan?
Honetan ere "ez dugu segurantzarik". Luzamenduen bidea, nahiz eta perfekzionismoaren ikuspuntutik onena izan, ez bide da gaurko euskararen egoerari gehienik dagokiona.
Prisa dugu egin behar dena egiteko.
«Egun bakoitzak bere eginkizuna dakar» dio Bibliak. Geuk ere gaurkoa gaur egin behar dugu, batzuek nahiko luketen bezain ongi ez egin arren.
Berriz ere «onena ongiaren etsaia» dela oroi arazi behar dugu. Euskal ikasle ezjakinen lema honoko esan ezagun hau izan liteke «Besteak honela egingo dute. Guk egiten dugu, egin ere».
Penagarria da hau esan beharra, baina Mitxelena jaunak hirugarren frente bat iriki du euskararen etsaien poza handiaz. Hauek, bai Mitxelenari berari, bai UZEI langileei, ekiten hasi dira denborarik galdu gabe, guztia hautsi lortuko duten esperantzarekin.
Gasteizko irakaslea ez da bakarrik guztiok errespetatzen eta maitatzen dugun jakintsu bat, Unibertsitatean eta Eusko Jaurlaritzan inguruetan itzal handiko pertsona bat baizik.
Eztabaida eta istilua jarraitzen baldin bada egoera hau oso galgarri eta arriskutsua izan daiteke euskararen etorkizunerako.
KARLOS SANTAMARIA, 1982