1982ko
hemeroteka
Mattin, Mattin… Beti Mattin
Uztailaren 18an bildu ginen, Ahetzen "gure" Mattin bertsolaria iragan urtean hilari omenaldi baten ospatzeko. Euskal Herriaren bi eskualdeetarik (baietz bi eskualde direla!) etorri ziren koplariak gizon handi horri ohore egiteko. Iriondo jauna ukan zuten gai-emaile lanean. Entzuleak kontent utzi zituen saioak. Ikusgarria bururatu ondoan, Ahetze Lapurdiko herri xarmant horretako plazan bazen solas, komentario eta ele on.
Ordea, ohar bat egin nahi nuke: iduri luke Ahetzen omenaldiak, Urepelen Xalbadorri eskainiak baino beroagoak eta herrikoiagoak direla. Beharbada, festa uda minean gertatzen denaz umore eta trankiltasun gehiago aurkitzen da jendetan. Bestalde, Mattinek eta bere familiak bertsolariari erranahi desberdin bat eman zien: populuaren jostatzale, ez beraz hain handi eta hain serio!
Baina artikulutxo hau, ez dut Ahetzeko omenaldiaren umoreaz mintzatzeko moldatua. Omenaldi kari, liburu bat atera da, Mari TREKUk idatzia, eta "Mattin, nere gizona" deitua. Aita ZABALAk lagun zion bere izkribazale lanean, eta "Auspoa", liburutegian argitara eman. Ahetzen, festak iraun dueno, arrakasta ukan du, eta nehor ez zen etxeratu liburu hori eskuratu gabe!
Gaia: Mattin, bere emazteak kondaturik, etxeko nagusi erresponsable bezala agertzen zaigu, familiaren hazten ahal dituen guziak egiten dituela. Halere, ezagutu genuen Mattin hura osoki atzematen dugu, bipilki eta biziki idatzi texto labur hauetan. Mari TREKUk sinpleki eman dizkigu xehetasun bakar batzuk, eta bera libratu nahi zituen sekretuetan barna garamazki. Batzutan, piskat atzera egongo gara, intimitate lasai batean sartzearen beldurrez. Baina, ez da salatze miresgarririk, eta Mattinen lagunak ohartuko ditazke gure «irriaren... erregea» eman diogun epinaleko itxura horrek, bizi izan zen gizon bat erakusten zuela. Halatan, liburu honek ez gaitu Mattin desmistifikatzeko bidean jartzen, nahiz kontrala stereotipa azkartzen digun…
Nik behintzat atsegin handi bat hartu dut liburu honen irakurtzen bereziki euskararengatik. Kostalde lapurtar horretako mintzaira leun eta oparo horrek xoratu nau: «nintuen erran gizonak!» (orr. 98) adibidez.
Orobat, bururatzeko, derradan Iparraldean aurten atera den liburu goxoenetarik bat dela Mari TREKUren «Mattin, nere gizona» hau. Ez du literatur pretenzio aberatsik baina nolako bizi gostua, eta nolako murmuratu oroitzapenen daldara kaldatsua.
Itxaro BORDA, Argia, 82-XI-28