Seaska borrokan: momento historiko bat Iparraldean
Otsailaren 27an Baionan gaindi ibilitako manifestapena azken urte hauetako handiena izan da: Seaska sostenganatzeko erruz bildu da jendea. Okzitania eta Britainiatik etorri baziren ere, Ipar Euskadiko osteak gaitzak eta esanahitsuenak ziren.
Seaskak hamairu urte daramatza ikastoletako lanean. Urteak joan eta urteak etorri, biziki emendatu da; eta ikastola ttipiak finantziatzeko bideak ez dira, berriz, hein berdinean hedatu. Gero eta haur gehiago, gero eta langile eta erakasle gehiago: hau da geldiezinezko abiada. Baina udan egin daitezkeen festa eta futbol partiduen kopurua ez da etengabeki hedagarria. Guraso eta ongileen emaitzek, festen ekoizpenek, muga bat zuten; eta muga honetara heldua da Seaska.
Erakasleak SMIG edo alogera minimoaz dira pagatuak, eta egun ez da sari miserable hori ez gehitzeko ez eta behar denean ordaintzeko ere gaitasunik. Emendioaren abiadak finantziabideen eskasiarekin duen kontradizioa begi bistan da. Edozein irakaskuntza konplexuak bezala, Seaskak Estatuaren sostengua beharko du bizitzeko.
Halare, finantziabideak ez dira arazo bakarra. Gaurregun, Seaska da Ipar Euskal Herrian elkarte euskaltzale hedatuena, handiena eta esankorrena. Iparraldean diren talde politiko guztiak (euskal alderdirik ez da), hala nola Izan, Enbata, Mende Berri edo Herri Taldeak, askoz estuagoak ditugu, nahiz militantez, nahiz gizarte edo eremu hedaduraz. Horiek hola, Seaskaren kinka larria ez da soilki edozein entrepresa edo batasun kulturalak jasan lezakeen beheraldi bat: Seaska, emeki emeki, gure herri nortasunaren eta duintasunaren sinboloa, eremua eta borroka lekua bihurtu zaigu. Seaskak porrot egingo balu, Ipar Euskadi euskaldun bizi dedin borrokatzen ari direnen guztientzat, hutsegite handiena izango litzateke.
Euskaltzale diren gehienek Seaskarekin bat egiten dute. Eta politikan diharduten guziek ongi dakite Seaska dela herriarenganako euskal entitate ezagunena eta esankorrena. Sendimenduz eta taktikaz, Seaskaren inguruan bilduak ditugu Ipar Euskadiko abertzaleak.
Eta kinka hau gertatzen ari delarik, sozialistek Frantziako hauteskundeak irabazi dituzte. Oposizioan zirenean, eta bozak biltzeko orduan, "Frantziako" kultura eta mintzairentzat sekulakoak agindu zituzten; hemen, Iparraldean, abertzale eta euskaltzale anitzek haien alde bozkatzera deitu zuen eta haien irabazpena lilura droga gertatu zitzaion babalore askori.
Baina, eleak eta beleak banatuz gero, ezer gutxi dute egin. Seaskako ordezkariak bulegoz bulego ibili dira, Baionatik Parisera: ezetz eta ezetz, hitz politoz inguraturik.
Seaskak bi gauza eskatzen ditu: lehena berehalako laguntza, Estatuak bere finantziabideak segurta ditzala; bigarrena, batzorde baten sortzea, delako batzorde boteredunak euskal irakaskuntza ofiziala eta publikoa egiteko bideak jorra ditzala. Ez dira, berez, gauza ikaragarriak. Baina hizkuntza eta aberria aipatzen direnean, nahiz argiki nahiz alegiaz, politikaren alde ezkonsziente eta irrazioanalak agertzen dira. Frantzia eta frantsesa dira, ikusten denez, pertsona heldua, eta sozialista aurrerakoia izateko, bide bakarrak; euskaraz egin zitekeen erakaskuntza arrunt atzerakoia beharko da izan, Frantziaren batasuna eta frantses hizkuntzaren dirdira ukatzen dituelako...
(...)
Beltza, Argia, 1982