1982ko hemeroteka

Euskara herri borroka da

Gero eta gehiago, prentsan dela, irratian dela, euskara eta Euskal Herriaren proiektua batean agertzen hasiak dira. Orain arte behintzat inork ez du dudan jartzen teorikoki, egiten ari garen eta egin behar dugun Euskal Herriak euskalduna izan behar duela, hau da, euskara normalizatu eta hizkuntza nazionala bihurtu behar dugula. Arazoa beraz, ez da zentratu Euskal Herriaren hizkuntza erdara ala euskarak izan behar duen ala ez, baizik eta Euskal Herria euskalduna izateko, nola eraman behar den borroka, hizkuntz borroka. Hizkuntzaren normalizaziorako borroka noiz eman behar da, beste borrokak baino lehenago, beste arazoak konpondu ondoren, edo denak batera. Puntu hauen inguruan eztabaida luzea gerta daiteke, eta guk iritzi bat besterik ez dugu esango. Askatasunera ez gara iritsi, bainan arazoa hor dago, eta gero eta biziago.

Azken mende honetan, herri askok beren askatasuna lortu dutela erraz esaten da, bainan ez dugu ahaztu behar gaur egun oraindik, eta beste borrokekin batera hizkuntzarena eraman ez zutelako, zapalkuntza kultural, ekonomiko eta politikoa baten menpe daudela. Herrien askatasunerako bidean hizkuntz borrokaren aipamena benetan berria da, beti aipatu izan dira inperialismoaren eragin politiko, ekonomiko eta sozialak gainditu beharrak, baina hizkuntz mailan benetako borroka 1950etik aurrera bakarrik aipatzen hasten da.

Nuklearren aurrean, langileriaren aurrean, eta beste edozein arazoren aurrean hartzen dugun jokabidea, zer nolako gizarte nahi dugun adierazten digu, gizarte ekologikoa, klase gabekoa, askatua...

Era berean hzkuntz aukerapenak ere, zer nolako gizartea nahi dugun adierazten digu.

Gaur egun gure herrien borroken artean mailaketa bat egitea, hau da, lehenengo nuklearra, gero amnistia, gero emakumeak... absurdo bat da. Ezin da onartu borroken mailaketa hau, denak batera eraman behar dira Euskal Herriaren normalizazioa lortu nahi badugu behintzat. Ez da ahaztu behar borroken mailaketa hau, datorkigun gizartearen ispilu bat besterik ez dela, lehen inpresioa.

Askatasuna ondoren hizkuntza normalizatuko dugula diotenez, azken finean, arazoa baztertu besterik ez dute egiten, bestela zergatik ez gaude askatasunaren zain Lemoiz gelditzeko ala botatzeko, ala amnistia lortzeko. Amnistiaren alde, Lemoizen kontra, langileriaren alde, eta euskararen alde borrokatzen ari garen neurrian gure herriaren benetako askatasunaren aldeko borrokan gaude.

Inork ez du, ezta euskaldunak ere, euskara euskaldunen hizkuntza nazionala bihurtuko, euskara ez bait dugu behintzat lehenago, herri-proiektu hori sortzeko behar dugun tresna iraultzailea bihurtzen.

Hizkuntza dugu azken finean sistema honen alienazioaren aurrean geratzen zaigun toki libre bakarretako bat, eta zentzu honetan Euskal Herriaren ezaugarri nagusia euskara bada, euskaldunen alde, eta bere izaeraren, eta herri oso honen muina galdu ez dezagun, sortu dezagun erresistentziarik handiena eta ziurrena euskara dugu. Horregatik diogu behin eta berriz EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ.

Arlantz, Argia, 1982

Gure Mendea