1981eko
hemeroteka
Erdara baturantz?
Euskara eta euskal kultura direla-ta azken bost urteotako balantzea egitean hitz esanahitsu batekin laburtzen digu Txillardegik: fartsa.
Eta horrelatantxe da, jende gehiegi ari zaigu delako fartsa hori antzesten eta dagoeneko bat nekarazten dute. Antzespen orok dauka bere amaiera eta honek ba lirudike ezetz.
Milaka hitz arin eta agindu jalgitzen dira boterea duten ahoetatik baina egiaren orduan oro zinismo eta faltsukeria da; "Kilometroak 80", euskal prentsaren aldeko kanpaina, "Korrika Euskal Herria"... Hor izan dugu Herriari dei egin beharra ikastolek, euskal prentsak eta gau eskolek aurrera egin dezaten, sobrebizi daitezen. "Bai Euskarari" kanpaina izan zen beharrezko ere Euskaltzaindiarako diru pixkat biltzeko.
Ekintza guztiotan Herria. Denetarako HERRIA. Bitartean erakunde ofizialek ezin ostrukarena egin eta promesaka arituko zaizkigu, dirurik ez baina. Horixe bai, parlamentarieen eta ministrarien soldatak fixatzerakoan esku zabal, hor ez dago murrizterik. (Ikus, kasu, ministrarien soldatak: lehendakariak: 3.700.000 pezetatako asignazio brutoa urtean eta 10 milioi baino gehiago errepresentazio gastuetarako; kontseilariek: 3.500.000 pzta; kontseilariordeek: 2.800.000 pzta. "Punto y Hora", 204. alea.).
Bideetako letreroak pintarratu behar dira behin eta berriro arik eta euskera dezatenaino; euskeraz mintzatzeagatik jendea epaitua eta detenitua izan da (berriki Nafarroan epaituak —eta halabeharrez kargurik gabe askatuak— eta Gasteizen Iñigo Kastresanari gertatua lekuko); irratian euskarak beti bezalaxe dirau, ia lekurik gabe ("radio nacional"-eko mikrofonoetatik "Euskal Herrian Euskeraz"-koek salatua, Donostian; aurrez aurretik "hartua" izanik, noski. Hor ere detentzioak, Txillardegi eta Luis Maria Mugica, eta istiluak deklarazioa euskeraz egitean); euskara hutsezko telebistako hirugarren kanal bat agindurik daukagu baina hitzak besterik ez eta bitartean erdera hutsean daukagu telebista, mass mediarik garrantzitsuena eta euskararen berpizte eta normalizaziorako baliapiderik beharrezkoena beharbada... Euskal Herriaren gehiengoa euskeraren alde agertu da (begira bestela "Hizkuntz borroka Euskal Herrian" eta "Opresión y Defensa del Euskera" liburuotako zifrak; edo hobe, "Korrika Euskal Herria"-n parte-hartzaileen kopurua), eta halarik ere bere nahiak desentzunak dira boterearen instantzietatik. Alderdi eta erakunde politikoak berak ere —Herriaren zerbitzurako omen eta "abertzale" buruizendatu— entzungor ei daude, beren praxian euskera edergailu baizik ez baita.
Gure Herria bera "Euskal Herria" (euskararen herria) buruizendatu da bere ibilbide historikoan; hots, hizkuntzari lotu-loturik agertzen zaigu. Gaur, ostera, ba dirudi erdera berri bat sortua dugula, sasi-mintzaira berri bat: agindu faltsuen eta berritsukeriaren hizkuntza. Eta horrela euskara ezin daiteke luzaro bizi. Jai dauka bide horretatik.
KARLOS SANTISTEBAN, Argia, 1981-III-15