1981eko hemeroteka

Euskara ez da kultura

Oso gaizki hitzegitea da, Ğeuskara ez da kulturağ esate hori. Esan nahi dut, euskararen arazoa kultur arazo soila baino gehiago dela: politikoa da batez ere. Eta politikoa dela esanez, ez dut esan nahi euskararen arazoan planteamendu alderdikorrak, partidistak, egin behar direnik (esate baterako, abertzaleok bakarrik onar genitzakeen planteamenduak). Komeni ere seguruenik ez da komeni. Egiterik ere ez dago seguruenik. ĞEstatu arazoağ dela, esan beharko genuke. Nazio arazoa da, zehazkiago.

Historiari bueltaka

Iruditzen zait, planteamendu ez-partidistak egin nahi direla, baina arrazonamendu partidistak erabiliz. Planteamendu historizista-kulturalistak, ezin esango dugu berez alderdi bati bakarrik dagozkionak direla, bai ordea, alderdi baten izpirituari eta tradizioei hobeto dagozkiela, abertzaleoi hain zuzen, askoz gutxiago PSOEri esate baterako.

Azken finean, aspergarri bezain antzuak eta eskolastikoak dira, maiz erabiltzen ditugun hauzi batzuk: euskaldunak ote diren Errioxa eta Valmaseda, noiz erromanizatu ote ziren Erribera edo Enkartazioak, etab. Jakingarria, noski, historia aldetik. Baina planteamendu faltsoa da holako arazoak, edo hein horretako datoak, argumentu harrobitarako aprobetxatu nahi izatea, abertzaletasunaren edo euskararen alde. Historiak edozertarakotsu adina argumentu eman lezake, eskatzen bazaio: euskararen alde nahiz kontra, abertzaletasunaren alde nahiz kontra. Historiari holakorik eskatzea da itxuragabekoa.

Askotan pentsatzen dut, zer arraio inporta behar dioten arazo guzti horiek, lehendik abertzale ez denari: bizantinismo hutsa iruditu behar zaizkio. Klase borrokan begi bietaraino sartuta dabilen langileari adibidez. Hori ez dabil historia desenterratzen. Egin egiten dabil.

Identitate bila

Abertzaleari bai. Hau da projektu bat baduenak, Euskadi askatzea, edo birreuskalduntzea etab., hots, herri edo nazio kontzientzia baduenak, herri eta nazio identitatea bilatzen du, eta orduan historia inportantea da, gorabehera guzti horiek badute beren sentidoa, a posteriori. Nolabaiteko "argumentuak" ere izan litezke. Baina, esan bezala, kontzientzia (abertzale) hura presuposatuz gero bakarrik.

Problema ez bait da birreuskalduntzearen premia eta sentidoa abertzaleari esplikatzea. Problema, abertzale ez denari edo ez dela uste duenari, horrek daukan sentidoa esplikatzea da, harentzat ere badaukan sentidoa, bera ere euskararen alde enplega dadin eta lan hori sostenga dezan.

Planteamendu sozial eta politiko bat

Alderdien gainetiko planteamendua nahi duenak, Alderdien gainetiko arrazonamenduak erabili behar ditu.

Oso Alderdi batzuenak eta kasi esklusiboak diren arrazonamendu modu batzuen gainetikoak.

PSOEren edo PCEren tradizioan dagoen bati, nik uste dut hizkera ulerkaitza egin behar zaiola, maiz erabiltzen dugun arrazonatzeko modu historizista-kulturalista guztia. Eta arrazoirik falta ere ez zaiola falta.

Agian hobeto ulertuko ligukete, guk geuk hobeto azalduko bagenu, gure arrazoiak (euskararen aldeko, birreuskalduntzeko, arrazoiak) ez daudela prehistorian, historian baino: funtsezko arrazoia, egin nahi dugun euskal gizarte libre eta solidarioa dela alegia. Projektu sozial global batekin.

Hau da, planteamendu guztiaren orientazioa aldatu. Geroari begira, ez antzinateari. Eta sozialki oinarrituz, ez historiko-kulturalki.

Joxe Azurmendi, Argia, 1981-I-25

Gure Mendea