1981eko
hemeroteka
E.T.B. etabar...
Hilabetearekin batera, hiru hilabetez Iñaki Beobideren zuzendaritzapean jardun eta gero, amaitu zen Eusko Jaurlaritzaren Kultur Sailak eratutako irrati-telebista eskolako ikastaroa.
Ikastaro hau izan da EuskalTeleBista (ETB) ez ezik irratiko lau FM kanale berri sortzeko eman den lehen urratsa. Ikastaro honen helburua dirudienez aipatutako komunikabideetan parte hartuko duen jendea prestatzen hastea izan da zehazkiago telefilmeak eta pelikulak euskaraz ipiniko dituzten bikoizlarien eta notiziak euskaraz esango dituzten aurkezlarien prestakuntza.
Urrats honen emaitzaren berri Eusko Jaurlaritzako jaunek izan dute eta guztiz zoraturik geratu ziren beraiek Calvo Sotelo Espainiako ministroak Euskal Herrira egindako ikustaldiaz eman zuten balorapenaren berri edota Reagan eta Iranen arteko tirabiren berri euskaraz aditu zutenean, eta baita ere "Oporraldiak Itsasoan" ikustean amerikano hortera batzu euskaraz ari zirela konturatu zirenean, hala nola Vickyk bere ideia eta asmakuntzak euskaraz zituela konturatzean ere.
Honela adierazi zuen Kultur Saileko Kontseilariorde eta Euskal Telebistako Arduradun Nagusi izendatu berri duten Josu Zubiaur jaunak bere harridura: «es como ir al desierto y encontrase con un rascacielos»; gaztelera jator eta argi batetan mintzatu zitzaien ETB-ko Arduradun Nagusia ikastaroan parte hartu duten ikasleei, euskaraz hitzegin zezan egin zituzten protestei entzungor eginez. Bestalde Josu Zubiaurren laguntzailetzat eta Programaketa Zuzendari bezala Martin Ibarbia beasaindarra izendatu dute.
Baina gauza dagoen tokian dagoela, eta ez da egunero telebista bat martxan ipintzen, eta are gutxiago Euskal Herrian, lehen urrats hauek programaketa serio bat gabe eman dira, gauza pila bat dago zehaztu gabe, noren esku dago, adibidez, erabiliko den euskara zein izango den erabakitzea?
Iparragirre hil zela lehen ehunurteurrena betetzen dela aitzakitzat hartuz, Euskal Herriari eskeiniko zaio irratiz, lehen emaitza gisa, Antonio Maria Labaienek idatzi zuen "Iparragirre" obratxoa. Kritikoek izango dute lana.
Deia egunkariari deklaratu zion Labaienek telegunkariak eta telefilmeak ikusi ondoren: «nik uste euskararen bideak irekiak dauzkagula gure kondairan lehen aldiz». Telebistak ekarri ditzakeen kalteak kontutan hartu gabe, berreuskalduntze prozesuaren barnean eduki dezakeen garrantzia azpimarratzen da. Arduradun nagusiek telebistaren betebeharra jendeak denbora pasa dezan dela ez ote duten pentsatuko beldur bait naiz, horrelako planteamenduekin betikora goaz eta, telebista aurrean nazkatzera eta kakaztera (nahiz eta zenbait ez den usainaz konturatuko), lehen frantsesez eta gazteleraz bezala, laister euskaraz ere.
Eta okerrena ez da botoiari sakatzeko ahalmena dugunontzat, ahalmen hori ez dutenentzat baizik. Telebistak haurrengan duen eragina uka ezinezkoa da. Gaur egun haurrak aldamenean dituen edonork daki haurren jokoak zeren inguruan dabiltzan.
Betiko marrazki animatu matxista eta bortxatzaileak atsegin bait zaizkie haurrei. Noski ez zaie besterik eskeintzen! Mazinger Z, Comando G, etabar... Haurrak ikusten duena imitatzen du, behar du.
Planteamendu pedagogikoak behar dira telebistan (eta gogoratu ez dela egunero telebista bat martxan ipintzen Euskal Herrian). Ez dira haurrak heziketa behar duten bakarrak noski, bainan zenbait kasutan geureak ez du erremediorik.
Jende askok dio RTVE kaka hutsa dela eta hala eta guztiz ere makina ordu pasatzen dugu telebista aurrean beste zerbaitetan jardun beharrean.
Orain, telebista aurrean orduak pasaz gero zerbait lortuko dela dirudi, euskara ikastea. Eta besteak ETB ikusten ez dutenak, eta euskara ikasten ez dutenak ohera babarrunik gabe. Euskara Aitzaki Nagusi bilakatu daiteke...
Eta dena dela telebistaren bidez Euskal Kultura hedatu nahi da eta folklorekeriak alde batetara utziz badakigu euskal kultura zein putzu sakonetan dagoen igeri. Herri bakoitzean, auzo bakoitzean gutxieneko kultur planteamendu batzu falta direnean ez da nahi izango ezerezetik Euskal Herri osoari kulturazko produkto bat eskeini ez da? Azken finean, zentralizazio batetatik beste batetara igarotzea litzateke. Zenbaki kontua da guztia edo hobe esanda kilometro kontua, Madriletik Bilbora.
«Diruarekin, jendearekin eta denborarekin edozer gauza egin daiteke euskaraz», esan zion Deia egunkariari Ramon Labaien Kultur Saileko Kontseilariak, noski baita bodriorik nazkanteena ere. Eta bienbitartean euskaraz egindako zenbait projektu maldan behera doaz, adibide gisa, Anaitasuna hamabostekaria hilebetekari bihurtu da ekonomi arazoengatik. Eta bienbitartean euskaldunok telebista deskubritzen.
Nahiko arazo konponduko genituzke telebistako antena guztiak botako bagenitu.
Bainan ez arduratu... Gora ETB, euskara salbatu da... ez arduratu, ez... Gora ETB!!! Telebistan Eusko Nozilla anunziaturik ikusten dugun arte. Ze kakapilla!
MIKEL ANTZA, Argia, 1981-II-8