1980ko
hemeroteka
Euskalarien jardunaldien ondoren
Lehengoan Jose Ramon Etxebarria adiskideak argitaratu zuen artikuluaren ondoren, ezer gutxi eta berririk esan nezake nik; harekin batera bainator puntu guztietan. Lejoa-ko Jardunaldietan lortu ditugun alderdi onak aipatzea gauza erraza da:
- Munduko hizkuntzari famatu batzu etortzea, nahiz ez denak, eta nahiz ez euskararen etorkizunari buruz etor litezkeen interesgarrienak etorri ere, Euskal Herrian dagoen hizkuntz arazoa, saihetsetik bederen eta zalaparta handiz denen aurrera irtetea.
- Linguistikaren munduan, eta euskal hizkuntzalaritzan bereziki, mogitzen garenok, elkar ezagutzea: Jardunaldioi esker, buruz buru ezagutzen ditugu orain Tbilissi, Los Angeles, Nancy, Tokyo, eta abarretako, euskaltzale jakintsuak; eta hau inportantea izan daiteke.
- Irakasle ospetsu horiek bertatik ezaguturik, geure jakintza-maila nolakoa den neurtu ahal izatea. Horra hor, oso laburki, Lejoa-ko jardunaldiei esker lortu diren alderdi onak, eta emankorrak ere agian.
Jardunaldiek zalantzarik gabe izan dituzten alderdi txarrak ere aipatu beharra dago. Oso larriak baitira, eta erabat nabarmenak.
Euskara HILTZERA KONDENATUA DAGOELARIK (eta hiltzera kondenatuta DAGO), oso bitxi gertatzen da honelako bilkura handigurako bat montatzea. Diglosia beti bezain tinko dagoelarik (horra hor telebistaren egoera, esate baterako, Franco hil eta bost urte beranduago), euskara AGINTETIK dago kondenatua: berdin zaigu aginte hori "Quisling"-talde bat den, ala inperialista zorrotzen talde bat; berdin zaigu aginduak Madriletik edo Gasteiztik etortzea. Gaur AGINTEAK diglosiari eusten dio: euskara baztertua baitago 1.980ko bizi-mailetatik: telebista, irratia, eskola, administrazioa, alderdi "abertzaleen" burokrazia, eta abar, eta abar. Egoera horretan dagoen hizkuntza HILTZERA KONDENATUA DAGO, eta GOITIK kondenatua. Oso harrigarria izan da, beraz, aginte edo sasi-agintea duten indarrek, bai Gernikako irekieran bai Lejoa-ko hertsieran, espantuka ikustea. Eta nik kontradizio hori ulertzen ez dudalako, ez Gernika-ko irekierara, ez Lejoa-ko azken predikuetara, ez nintzen joan. Eta garbi esan nion hau Euskaltzaindiko Lehendakariari.
Kontradizio horretan (euskara kondenatua / euskara itxuraz ohoratua) funtzio alienatzailea izan dute jardunaldiek; eta ez da harritzekoa, horretara, PNV-aren txalo beroa.
Euskera dagoen egoeran egonda, bilkura apal eta isilak egitea izan zitekeen egokiago.
Eta batez ere, euskararen BIZIA eta ETORKIZUNA baldin badira gure kezka nagusiak, GAURKO HIZKUNTZAK dituen arazoak aztertu behar ziren batez ere: bai SOZIO-LINGUISTIKAREN aldetik (eta Jagon-Sailari dagokionez), bai EUSKARA BATUAREN aldetik ere.
Hots, alderdi sozio-linguistiko horiek daudenik ere ez dakiten batzu txaloka ikusteak, beldurtu egin gaitu. Nola liteke? Askoz ere funtzionalago izan zitekeen DIGLOSIARI buruzko jardunaldi mordo bat (hizkuntzen pizkundea eta heriotza, hizkuntzen normalizazioa, piztu diren hizkuntzen bideen azterketa, zapaldutako hizkuntzen goraketa, hizkuntza batuen gorabeherak, hizkuntzen modernizazioaren bideak hemen edo han, folklorekerien salaketa, elebitasunaren arazoak, eta abar); iberiko, kaukasiko eta bereber-ekin euskara orain dela sei mila urte bat ote zen azkenik gabe jardutea baino (eta ez beti oso maila zientifikoan). Euskara ez da guretzat galla, sanskrito edo guarani bezala. Biltzarreak Gernikan eta Lejoan izan dira; ez Persepotis-en edo Houston-en. Euskara BIZIA zaigu axola.
Baina bego Sozio-Linguistikaren arazoa. Hizkuntzaren mailan, horiek al dira gure kezka eta arazo nagusiak? Erantzuna ziplo dator: EZ.
Euskararen normalizazioan, eta ikerketaren mailan, UZEI-k eta UEU-k darabilzkiten arazoak dira gure arazo nagusia. Nola molda euskara teknikoa, nola presta irakaskuntzan behar diren liburuak (bai hizkuntzaren aldetik, bai argitaraketaren aldetik), nola sar euskarara erdaratikako hitz modernoak (arazo fonetikoak, semantikoak, eta abar), nola konpon sintaxiaren mailan agertzen diren koska berriak, nola egin euskalkietan aurki daitekeen guna osoki uxtiatzeko, nola bidera euskara mintzatuaren fonologia batua, eta abar. Hauek dira gure problema nagusiak euskararen normalizazioari buruz; eta Sozio-linguistikatik at beraz. Honetaz ere ezer gutxi bultzatu da.
Biltzarreak beraz, egiazko arazoetatik at eraman dira hein handi batez.
Eta jauntxo-kutsu ezin nabarmenagoa izan dute.
Oso kritikagarria izan da, esate baterako, irakasleak eta ikasleak bereiztea. Ikasleek telebista-bidez besterik ez zuten parte hartzerik. Hots, Lejoaraino joan diren ikasle horien iritzia oso interesgarria izan zitekeen. Gaurko Unibertsitatean mogitzen garen guztiok, oso oso harrituta gelditu gara, eskema horiek, 1968az geroztik batez ere, erabat gaindituta baitaude. Gaur Unibertsitatean ez dago horrelako barrerarik; eta fazismo kutsuko jauntxokeriei eutsi nahi dieten irakasleak, ongi jaioak daude! Irakaslea gaur ikasleen laguntzaile bat da. Ez feudal bat. Eta normala da.
Zer esango, bestalde, euskararen erabilpenaz? Hor entzun ditugu euskaraz japondarrak, amerikarrak, nor-nahi; baina gure euskalariak askotan, gehienetan ene ustez, erdara mota guztietan: frantsesez, ingelesez, gaztelaniaz. Alderdi eta erakunde "abertzaleek" ez dute hobeki jokatzen. Ongi dakigu geure salaketen biktima izan garenok. Baina badirudi euskalariek gehixeago egin zezaketela euskaraz!
Hitz batez, eta hau ez gehiago luzatzeko, Jardunaldiek nabarmen izan dute kolore DESMOBILIZATZAILEA. Eta nabarmen ere, eta bide beretik, JAUNTXO-kolorea. Bertako jauntxoek berehala somatua eta txalotua, noski!
Jardunaldiek izari «desdramatizatzaile» (barka: hitza berek erabiltzen dute, ez nik) oso handia izan dute.
Baina galdera berehala dator gogora: «desdramatizatu» bai, baina ZERGATIK? Hienen istorioa dakar honek burura: hondakinak jaten dituelarik, zergatik barre egiten ote du hienek?
Z. Argia-ko lankide hauetxek, zeharka-bidez jakin daitekenez, aspaldisko honetan kobratu gabe daude; eta Argia berri honek iraungo ote duen ez da garbi ikusten. Gauza bera Anaitasuna, dirurik ezaz hiltzear. Ikastolen egoera nolakoa den bakigu. Errotulazioa bera zertan den garbi dago. Irratia eta telebista, berdin, edo okerrago. Eta abar, eta abar. Zinez: espantuak egiteko arrazoirik ez dugu ikusten.
«Desdramatizar» hitza, horretara, etsaiaren leloa iruditzen zaigu. Normala da zapaltzailea «desdramatizazio» bila ibiltzea, bere zapalketa «bakean» aurrera eraman ahal izateko. Ez du sentidurik, ordea, zapalduak «desdramatizazio» hori bilatzeak.
Hots, Lejoako jardunaldiak, zinez sentitzen dut, jaldunaldiak «desdramatizatzaileak» izan dira. Bere borondaterik onenarekin, Euskaltzaindia PNVren joko politikoan erori da; PNV bera, UCDren jokoan erori den bezala ("erortzeko" hutsunea baldin bazegoen bederen).
Eta hala izan dela argi eta garbi esan behar da.
Txillardegi, Z. Argia, 1980-IX-28