1980ko hemeroteka

Euskaltzaindia ala politikal-tzaindia?

Bizpahiru aste eskas igaro dira Euskaltzaindiako azkeneko bileraren berri genuela eta, han izandako gertakizun hitsak eta lotsagartiak zirela medio, komeria horretan gehiago parte ez hartzeko Txillardegi lagunaren erabakiaz enteratzen ginela. Auzia honela labur daiteke. Txillardegi irakaslea 1957. urtetik euskaltzaina genuen, baina ez osoa hain zuzen urgazle baizik. Eta kategoria hauen artean, izan, bada alde nabarmenik. Urgazleek boza badute ere, ez dute botorik; osoek, berriz, boza edukitzeaz gainera botorik ere badute, izan ere, botoa duten bakarrak dira. Eta, jakina, honek dakartzan ondorio guztiekin; azken finean euskaltzain urgazleak bigarren mailakoak gertatzen baitira. Besterik izan beharko litzateke? Baietz, ezpairik gabe, baina, izan, gauzak honela dira.

Egia esan ere, bat baino gehiago harritu du Txillardegi euskaltzain osoa oraindik ez zela jakiteak. Beste zenbait, berriz, gehiegi ez badu harritu ere, oztopo administratibo soilen bat edo gaindituz gero osotasun hori berehalaxe lortuko zuelakoan zegoen. Besteok, ordea, harriturik baino, eskandalizaturik ginen. Eta ez jazkiak urratzeko moduan, baizik eta ezin sinetsi baikenuen geure begien aurrean genuen errealitatea; ez berezko eta bidezkoa datekeen errealitatea; lege, arau, prozedura eta betebehar absurdo eta funtsik gabeek eragin eta izan erazitakoa baizik.

Aitzakiak eta arrazoiak milaka emanen zaizkigu, baina egiak berea ere erakusten digu eta agerrerazten: nola daiteke honez gero Euskararen alde, eta Euskara Batuaren alde bereziki, horrenbeste lanaz eta nekez (eta emankortasunez!!!) borrokatu, ahalegindu eta zahartu den gizona euskaltzain urgazle izatera konfinatzea. 1957. urtetik!!! Harez geroztik ezer egin ez balu! Baina, gu inozoak eta zoroak beti.

Txillardegi-Altuna

Orain arte jarritako oztopoak prozedura edo barne-araudiarekikoak omen ziren: euskaltzain osoak probintziaka hautatzen direla, bizitza guztirako karguak direla, "kupoa" itxita dagoela, Txillardegi hautatzea baino beste probintzia batetan halako behar "gorriak" bete behar zirela, eta abar. Baina, oraingoan, urte dexente igaroz gero, ez esan gero pazientziarik eta ulermenik ez duela izan Enparanza jaunak!, oraingoan diogu, gauzak ezinago itsusi gertatu dira, zaizkigu gertatu!, gehienok hala senditu baitugu.

Gipuzkoa batetan euskaltzain oso bat hautatu behar eta hara, nondik eta Txillardegiren kandidaturarekin batera Altunarena ere aurkezten dela Euskaltzaindiaren baitan. Askatasunik ere behar da edozein kandidatura aurkezteko, jakina, baina kandidatuen eta zangoarteko aldeak bereiztuta gero! Eta bileretan eman ziren bozketek hala frogatu digute. Noiz eta nola Euskaltzaindian honelako hautaketa batetan hura bezalako zalantza, hura bezalako ezin eranstekoa (Enparanza irakaslea euskaltzain osoen artean, ikusi behar izatea) ditugu ezagun, ikusi??? Inoiz ez, guk dakikegunez.

Altuna jaunaren kontra, izan, ez dugu ezer, zinez. Altuna jauna, ezin uka, bera ere dugu euskaltzale gartsu eta saiatua. Baina, ez dugu hizkuntzari edo epaile jantziegi edo zuhurregi izan beharrik bi irakasle horien artean NOR hautatu behar jakiteko, eta ezin ezpairik gabe gainera. Gehiago esango dugu: Altuna irakasleak berak hau bezalako desafioa onartzeari ez deritzogu batere ongi, batere bidezkorik. Altuna jaunak badu beraz, gure ustez, zertaz erreflexionatu eta kezkatu.

Euskaltzaindiaren profesionaltasuna non?

Zer dagoke, bada, joera latz eta triste honen atzetik? Politika, berriz ere politika. Eta ez ezkerrak eginikoa, hain zuzen, betiko eskubi madarikatuak baizik. Arrazoimenaz baliatzen hasi ginetetik «kultura ezin nahasi daitekeela politikarekin, kulturak neutral izan behar duela» eta antzekoak entzuten genizkien eskubiko politikariei ezkertiarrek, berriz, kulturak eta kultura instituzionalak are gehiago —ideologiarekin zer ikusi handia zuela gogorarazten— zigun eta frogatzen zigun, eta Euskal Herrian ere, gauzak ezin zitezkeen bestelaz gertatu. Hain gara idealistak!

Politika non-nahi dabilela nagusi jakin, bagenekien ere, ez genuen uste politikak (Euskal Herriko politika-molde indartsu batek!), Euskaltzaindia bezalako kultur erakunde garden bat hain zikin honda zezakeenik. Zeren eta gertakizun politiko honek Euskaltzaindiaren kulturtasuna bera hondatu baitu, eta auzitan jarri. Gertakizun honek argi eta garbi erakutsi baitigu Euskaltzaindiaren profesionaltasuna, kultur-profesionaltasuna zeinen behera jaitsi daitekeen. Oraingo honetan, benetan eta zoritxarrez, profesionalki eta datuen arabera jokatuz, hanka sartu baitu instituzio nagusi honek, oso gainera.

Politikan zailago gerta dakiguke guri iritzi bat firmeki mantentzea, baina profesional mailan gauzak neurgarriago eta neurterrazago ditugu. Txillardegiren euskararekiko historiala baloratu al du Euskaltzaindiak, edo hobeto esanda, baloratu al dute Euskaltzaindiako elementu erreakzionarioek, gehiengoa badira ere? Txillardegi irakaslea betatu dutenak ba al dira gauza hori egiteko? Zein profesionaltasunaren izenean ezetsi dute? Apologiaz baliatzeraino iritsi beharko al dugu beren inkonpetentzia frogatzeko? Jainkoak ez ditugu guk maite, ezta, zentzu berean, funtsik gabeko apologiak. Baina, gauzak beren lekuan utzi behar dira.

Txillardegik egin dituen lanak ez ditugu hemen baloratuko ez aztertuko. Hain zaigu grotesko! Baina begiratu labur bat emanez gero bere obrari ezin uka dakioke inori euskal idazle, hizkuntzari, borrokari eta EUSKARA-MAITALE-PRAKTIKOrik handienetakoa dugula Txillardegi. Nork sortu zuen, bada, euskal nobela modernoa? Nora eta norengana jo dugu estilo, erizpide eta joera sendo bila? Nork eman dio euskara batuari errealitate efektibo eta normalizapenerako bultzadarik emankorrena? Askok, dudarik gabe; baina horien artean —euskaltzaleon euskaltzale!— Txillardegik toki berezi eta ohorezkoa bete izan du betitik.

"Leturiaren egunkari ezkutua", "Peru Leartzako", "Elsa Scheelen", "Haizeaz bestaldetik", "Huntaz eta Hartaz", "Hizkuntza eta Pentsakera" eta euskal aldizkari ezagunetan idatzitako ehundaka artikuluak haizeak eraman al ditu, ala? "Sustrai Bila", "Oinarri Bila", "Euskara Batua zertan den", "Euskal Gramatika", "Fonologiaren Matematikuntza", Freineten sei bolumenen itzulpena, "Matematikak 2, 3 eta 4", Walt Disneyren bi obra nagusiren itzulpena, eta beste hainbat eta hainbat idazlan ahantziaren haizeak ere eraman al ditu berarekin? Eta Euskaltzaindiaren barne-lanari bagagozkio, zer esanik ez Txillardegi izan dugula langilerik saiatuen, emankorren eta praktikoenetako bat. Nori eskatu zion, bada, Euskaltzaindiak berak "Aditz Batua"-ren erredakzioa, Txillardegi lagunari baino? Ez al du ba Enparatza irakasleak beste zenbaitek frogatu ez duen maisutasuna sobera demostratu? Bozketa sekretu batean Txillardegiren "osotasuna" epaitu eta gaitzesteko bere burua gauzatzat hartu duenak ba ote du bere buruaz beste horrenbeste egin? Agiri-agirian eta publikoki hori bera egitera ausartuko al litzateke? Txillardegi jauna baino gaiago senditzen zaretenok azalduko al dizkiozue inoiz euskaltzalegoari zuen erabakiaren arrazoiak eta zergatiak? Herriko Plaza zabalik duzue, eta ez Zeruko Argia-koa bakarrik. Zai gaituzue.

Arrazoiak jakin nahiz

Baina, bada besterik. Auzi honen atzean lan-gaitasuna baino, hots, profesionaltasuna baino, politika-gaitasuna baitago. Politika-gaitasuna diogu eta ez politika soil-soilik, zeren eta Txillardegi baztertzeko arrazoi nagusia ez baita izan bera politikazale izatea edota beronen munduan gogoz inplikaturik egotea. Arrazoi hori balitz ez bait legoke egun inor Euskaltzaindian. Beste guztiak ere politikazale izateaz gain oso inplikaturik baitaude politika alorrean, gogoz zein gogoz kontra.

Oroimenak ez badizkigu bereak egiten datuak ez ditugu falta hori frogatzeko. ADEGI entrepresa-taldeak emandako bost milioi haiek gogoz jaso zituen Villasante jaunak, prentsaurreko eta guzti. Baina, Euskaltzaindiak ez zuen deus esan ez prentsaurrekorik eman ADEGI izeneko entrepresetan egiten zen euskararen infrabalorapena salatzeko, hilabete eskas lehentxeago taula erreibindikatibo delakoetan euskararekiko eskakizunei gor egin bait zitzaien. Zenbat langilek ez ote du ADEGIk emandakoa baino askoz gehiago eta nekezago lortuta, proporzioz proporzio, bere poltsikutik atera euskara zuzpertzeko! Ospatu gabe dugu oraindik.

Autonomi Estatutoak Euskaltzaindiari ez bide dio tratu onegirik eman. Izan ere, erakunde hau ez dugu dagoeneko euskararekiko instituzio bakarra ez nagusia. Herriaren sektore zabal batek erabaki honen kontra borrokatzen zuen bitartean, Euskaltzaindiako zenbaitek onerizten zion Estatuto honi eta publikoki noski. Gogoratzen al zara Juan San Martin Jauna? Estatu zentralak eta gure Herriko jauntxoek eskeinitako apurrei begi onak jarri, eta euskara komunikabideetara, eskoletara, unibertsitatera, administralgora eta abarretara sendo eraman nahi duten guztiei hitzik ez.

Transferentziak eginak ditu dagoeneko Euskaltzaindiak, eta idoneoen egoera harez gero ezinago larri. Soldata eskas eta olatu guztien kontra euskara nola hala irakasten saiatu direnei ostiko ederra eman zaie. Inork ez du bozik altxatu beren kinkaren kontra.

Garbi dago, beraz, den-denok politika egiten dugula eta den-denok dakigula. Auzia bestelakoa omen da, arestian genioen bezala. Politika-gaitasuna ere neurtu egiten da, eta denek ez dute etsamina pasatzen. Txillardegi kateatu dute. Interesatzen denean «eritziak oro errespetagarri dira», baina interesatzen ez denean gauzak aldatzen dira. Txiliardegi gizon zintzo, zentzudun eta paz-zale horietako bat izan balitz ez zukeen hainbeste katramilarik izango. Ezkertiar, borrokari, eta bakezale delako (eta ez pentsa Txillardegirekin beti bat gatozenik politikan) atzera bota dute.

Zer ote den ezkertiar izatea, edo bakezale izatea ez dugu hemen argituko, ezta nahi ere oraingoz. Galdera bat bai botako ordea. Egingo al zukeen, egin ahal zezakeen Enparanza irakasleak egin duena ezkertiar, borrokari eta gogortasun izpiriturik izan ez balu? Euskal Herria balia al zitekeen berak eginiko lanetaz bere arimari halako herriarekiko leialtasuna ez balerio? Irakurleak erantzun bera.

TXELIS ALVAREZ, ENDIKA DE MIGUEL, JON TAPIA, Argia, 1980

Gure Mendea