1980ko hemeroteka

Euskararen alde ofentsiban

(...)

Euskararen arazoa erraza eta garbia da. Zergatik dago gaur horrenbesteko giro iluna?

Lehendabizi, arrazoi hau aurkitzen dugu «teniendo en cuenta la realidad socio-política de Euskadi...».

Hor esaten digute, euskaradunok minoria garela. Baita ere Euskadi Espainian minoria da. Espainiako errealitatepean makurtu beharko ote dugu burua? Zertarako esan "Gora Euskadi askatuta" edo "Gora Euskadi independientea"?

Alderdiek maioria/minoriaren arrazoi hori erabiltzen uzten dute isil-isilik. Baina azalezko arrazoi hori, beste ezer baino gehiago faltsua da, euskaraz ez dakitenei akusazio faltsua egitea denez. Besteek euskara onartzen ez dutela eta, norberaren aginte gose iluna ezkutatzen dihardu arrazoi horrek.

Arrazoi sakona beste hau da. Daramaten dinamikan, euskararen defentsa ez dute uste eraginkorra denik, botoak pilatzeko. Zergaitik?

- Ohartu orduko, buruzagi asko euskara ez duena delako. Eta lider mitodun edo izendun behar direla botoak lortzeko pentsatzen dute.

- Erdaraz eginez, gizaki gehiago kamelatzen dela usten dutelako (kontra ez jarri araziz behintzat) batez ere euskara ez dakitenen artean.

Hori da dena. Efikaziaren bila, euskara eta euskararen nortasuna saltzen ari dira. Horrenbesteko egia da, bai.

Esandakoa ez da oraindik negargarriena. Nahiz eta gauza guztien gainetik agintea maite, euskara ere benetan maiteko balute, ez lirake joku beltz horretan eroriko. Zeren, maitasunak asko erakusten du. Eta kasu hontan, euskararen alde egotea Euskadin, botoak pilatzearen alde egotea izan daitekeela erakusten du.

Euskaraz ez dakitenak ere, euskaradun gobernanteen alde daude, ezeren dudarik gabe. Gauzak apur bat argitu beharra besterik ez dago maitasunak ematen duen begi argiaz jokatuz. Jarri dezagun slogan hau:

«Euskaraz bakarrik egingo duen gobernanterik ez. Erderaz bakarrik egingo duen gobernanterik ez».

Nork ipini dezake zalantzan, euskaraz ez dakitenen ehuneko 99ak ontzat emango lukeela slogan hori?

Slogan horri jarraituz jokatuko lukeen Alderdiari, ez genioke euskeraren aldeko programarik ere eskatu beharko. Gobernanteek eta Parlamentariek euskaraz eginaz interpreterik onartu gabe Gobernuan eta Parlamentuan, euskararen edozein moduko programaren buru, legamia eta indar paregabe bilakatuko lirateke.

Baina programalaria euskaraz jakiteko baino alferragoa eta arduragabeagoa baldin bada, horrelako horrek adarra joko digu euskararen aldeko programa zoragarriak eskainiz.

Beraz, denbora gutxi barru jakingo dugu, banan banan, zein ari den euskara jasotzen eta zein hondatzen. Kontuz, ba.

Euskararen arazoa, praktikan datza. Eta, batez ere, goiko mailan ari direnen praktikan. Legeak eta programak berriketak dira, besteak izerditan jartzeko badira norberak maite ez duena ikasten.

Horregatik gure oihua: gure gobernanteak, euskaradunak gero! Jakinaren gainean gaude euskeraz ez dakiten gehienak horren alde daudela.

Gure Alderdien buru nagusiak, ez ote alde?

Jenaro Garate

Argia, 1989-III-16

Gure Mendea