1979ko hemeroteka

Nafarroa batua

Bizkaitar batzuei entzunik antz ematen du Nafarroa galzorian dagoela; Nafar batzuei entzunez gero, ostera, Nafarroa inoiz baino indartsuago dagoela ateratzen da. Arbizuko gizon heldu batek hauxe komentatzen zuen, duela gutti: Bilbotarrek eta Arabarrek euskalduntzat dituzte beren buruak, nahiz eta erdaldun diren; eta gure euskaldungoa dudan jartzen dute, nahiz eta gu garen euskeraz mintzatzen garenok. Zail egiten zaigu irain hori bizkaitarrei eta arabarrei barkatzea.

Baina oraingoan nafarrak ez dira geratu hitz hutsetan bakarrik. Oraingoan Nafarroak lortu du Euskadiko beste inork oraindino lortu ez duena. Oraingoan Nafarroan abertzale guztiak elkartu egin dira, Senaturako bozketetan baino ez bada ere.

Hego Euskadiko beste hiru Herrialdeetan ametsa da oraindik ezker abertzalea bera elkarturik ikustea: Nafarroak, ostera, lortu du ez bakarrik ezker abertzaleak elkarturik jokatzea, baizik eta abertzale guztiak elkartzea, gauza batetan baino ez bada ere. Zeren Senaturako bakarrik elkartu bait dira, tamalez; eta ez Kongresorako; baina Senaturako, behintzat, elkartu egin dira abertzale guztiak. Hori berri inportante bat da, nire ustez, gaurko Euskal Herrian, Hego Euskadiko beste inon ez bait da holakorik suertatu Espainiako Estatura "demokrazia parlamentaria" iritxi zenetik gaurdaino. Eta, dirudienez, suertatu ere ez zaigu egingo oraino. Ez dut izan nahi pesimista.

Gauza batek deitzen digu atentzioa Nafarroako asunto honetan; hau da: pertsona independiente batzuen inguruan elkartu direla Nafarroako alderdi politiko abertzale guztiak. Listak egiterakoan, ostera, pertsona dependenteak (hau da, partiduetakoak) izan direnean kandidatoak, koalizioak desegin egin dira berehala, guztiok konbentziturik geundenean alderdi mordo bat akordu batetara iritxirik zegoela. Listetan pertsona dependenteak jartzerakoan alderdiek zailago dute akordio batetara ailegatzen. Dirudienez, burugaiak alderdietako militanteak direnean alderdiek uste dute batasuna baino inportanteagoa dela bere alderdiko kandidatoa listako buru izatea. Ohore problema ote ala alderdietakoak alderdikerietan erortzeko bildurra? Ez dut uste sondaien bidez errealitatea aztertzerakoan erresultatu desberdinak ateratzen dituztelako izango denik.

Burugaiak, ostera, alderdi politikoetakoak izan ez direnean, nahiz eta ideologia konkreto ezagunekoak izan, batasunari ez diote horrenbeste beldur Nafarroako alderdi politikoek. Penagarria izan da, benetan, kongresorako arazoan Herri Batasunaren eta Unairen artean jazo dena; hau da: nor buru listan izan erabakitzerakoan alderdi politikoak konpondu ez direlako, koalizioa apurtzea benetan da penegarria.

Nafarroako abertzaleek irakatsi eder bat eman digute Hego Euskadiko beste hiru Herrialdeetako abertzaleei. Ametsa zela zirudien gauza bat lortu digute: Abertzale guztiak elkarturik jokatzea. Eta itxura batetan listako buruak independente izatean dago batasunaren arrazoia. Beraz, alderdiek gauza inportantetzat jotzen badute batasuna, behar bada egokien izango da independenteak jartzea buru listetan.

Nafarroak bidea urratu digu; eta akaso udaletako hauteskundeak proba genezake bide berdinetik aurrera egiteko.

Nafarroak urratu digun bideak emaitza onak emango balitu, beste arlo batzutan ere bide berdinetik abiatzen ahalegintzea ez zaigu horren zail egingo.

JULEN KALZADA, Argia, 1979-II-4

Gure Mendea