1979ko hemeroteka

"Euskal Herrian Euskaraz" elkartearen agiria

Euskal Herriak («Euskeraren Herria» bere etimologian) hizkuntza nazionalari dagokionez azken aldian daraman experientzia penagarria da.

Honela Euskara heriotzara doakigu. Euskadunok orain bi urte demokrazian eta indar abertzaleengan ipinitako itxaropena, disglosiaren egia gordinean amaitu da. Orain abertzale ez direnak ez-ezik alderdi abertzaleek ere, neurri handi batean, euskara zokoratu eta marjinatu egiten dute. Gure alderdi etxekoetan, edo-ta abertzaleetan, euskarak ez du aurkitzen beneteko defentsarik. PNV-k, ESEI-k, EE-k, HB-k, eta abarrek, ez daukate euskeraren suspertzeko benetako asmo, programa eta praxirik. Gure udaletxeetan abertzaleak nagusi direlarik, ez da nabari, gehien batean, beneteko bilinguismo edo elebitasun baterako urratsik. Sasi-efikaziak eraginda, aipatutako alderdiek erdara darabilte nagusien beren harreman, agiri eta batzarretan. Ikastolak, alfabetatze mugimendua eta kultur taldeak dira, ia soilik, disglosia gainditzeko borrokan ari direnak.

Zifrak nahiko nabarmenak dira marjinazio honen arazoan. Adibidez, PNV-ren 'Euzkadi' organoan, batzutan, euskararen kopurua ez da %1,6 ematen; EE-ren "Hitz" organoa, berriz, azkenekotan españolez idatzia dago ia erabat; HB-ren aldizkariek ere, eta gauza bera Iparraldeko Enbatakoek eta abarrek ez dute euskeraren beneteko erabilpen logikorik. Egunkarietan gertakari berbera dugu: hasieran %30 egingo zuela adierazi zuen Egin-ek eta gauza bera Deia-k; gaur egun, ordea, %6 inguruan dabil Deia, eta batzutan, Diario Vasco-k igandeetan baino gutxiago ere eman izan du; eta Egin %17-tik, %7 edo %8-ra jetxi da. Irratietan ez du inork errespetatzen, adibidez, Gipuzkoako euskaldunen kopurua (%49), dituen 320.000 euskaldunen arabera. Euskerazko irratsaioak, irratirik gehienetan, sinbolikoak dira, Herri Irratiak ezik; eta honek ere ez du sekula Gipuzkoako euskaldungoaren arabera jokatzen.

Mitinetan, batzarretan, gauza berbera. Efikaziagatik omen, euskalduna isilik eta española nagusi. Eusko Kontseilu Nagusiarentzat, era berean, euskara, "hizkuntza nazionala", hizkuntza arrotza eta estrainua da.

Nahiz eta abertzaleak (PNV, EE, HB) udaletxerik gehienetan egon, oraindik ere hirietako errotulazioak, ia erabat, españolez jarraitzen du eta berdin merkatu eta autobideetako seinale nagusiak. Euskara gehiengoaren hizkuntza den herrietan ere, batzarrik gehienak erdaraz egiten dira.

Geroz eta gehiago da gauza nabarmena hemen dabilen vasco-aren kontzeptu geografiko hutsa; aspaldiko kontzeptu kultura orokorra, hau da, euskaldunarena, hizkuntzari lotua, baztertzen delarik.

Honela abertzaletasuna hemen, benetako eduki edo kontenidoaz hustuaz doa, Euskal Herria vaskoen herri den "Euzkadi deseuskaldun" bat bihurtzen delarik. Gure izatean kontzeptu geografikoak akzidentalistak dira, zeren-eta gure herriaren pentsakeran tokiak eta arrazak baino hizkuntzak edo euskarak eduki baitu esanahi nagusia, "euskalduna" (euskara-duna) hitzak adierazten duen bezala.

Gure herrian euskal komunitatea da (ez "vaskoa") egoera hau bereziki sentitzen duena; euskeraz ez dakiena, jeneralean, ez du, azken finean, sufritzen gure hizkuntzaren marjinazioa, eta benetan sufritzen duena azkenean euskaldun egiten da noizpaitean. Hori guztia dela eta, amnistiaren eta beste borroka politikoen alde sortu diren "gestora" delakoen antzera, euskararen aldeko "talde eragileak" sortu behar direla pentsatzen dugu, euskara espezifikoki disglosiatik eta heriotzatik salbatzeko; hemengo "alderdi abertzaleek" zoritxarrez, betekizun hori gehien batean ahaztuta dutelako.

Talde horien izena "EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ" Elkarteak izango da, eta puntu minimo hauetan oinarrituko dira:

a) Elkarteen izaera berezia, erreibindikatzaile edo borrokatzailea izango da. Ez dira mugituko, beraz, kulturaren edo teknikaren munduan, erreibindikazio edo eta borrokaren mailan baino; nahiz eta, jakina, osoki apoiatu eta ontzat eman euskal kulturaren ekintza.

b) Erreibindikapen eta salaketa hori ekintza praktikoetan azalduko da.

d) Elkarte hauek autonomoak izango dira edozein partidu politikorekiko, eta aski da bertan parte hartzeko puntu minimo hauekin, eta idatzi honen filosofiarekin ados egotea.

Alderdi politikoetako burazagi-karguak dituztenak, dena dela, ez dira elkarte honetako zuzendaritzan egongo.

e) Elkarte hauetan dauden partaideek, norberaren egoeran eta partiduetan, euskararen marjinazioa salatzeko borroka gogorra egingo dute, disglosia 'protesta'ren bitartez gainduaz.

f) Euskara izango da Elkarte hauen hizkuntza egiazkoa eta faktikoa.

g) Euskararen minimoak eskatuko dira gutienez batzar, komunikabide, mitin eta abarretan; tokian tokiko proportzioa, dena dela, beti kontutan hartuz.

h) Elkarte honek elebitasun edo bilinguismo-egoera, guztiz iragankor edo transitorioa dela adierazten du; bi hizkuntza elkarren ondoan bizi direnean, beneteko orekarik ez baita ematen. Luzarora ezin daiteke bilinguismo iraunkor eta faktikorik eman; baina, gaurkoz, beneteko elebitasuna eskatzen dugu.

i) Jakinaren gainean gaude, bestalde, elebakar erdaldunek, ia beti, euskalduna bera "erdal monolingue" behartzen dutela: bai kalean, bai elizan, batzarretan eta abarretan. Disglosia gainditzeko, elebakar erdalduna elebidun bihurtu behar da eta hau lortzen ez den bitartean, gaurko zapalkuntza salatuko dugu ekintza praktikoen bitartez. Botere publikoak dira erresponsable nagusi zapalketa honen menderapenean.

j) Elkarte honen ekintza Euskal Herri guztira zabalduko da; hau da: IPAR eta HEGO EUSKAL HERRIRA; eta tokian tokiko elebitasuna aterako da aurrera.

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ Elkarte hauen azpian, Euskadi EUSKAL HERRI (euskeraren herri) benetan bihurtzeko asmo nagusia dago.

Gaurko egoeran euskararen aldeko minimoak ez dira betetzen. Euskeraren presentzia komunikabideetan, irakaskuntzan (gaur EGB-an bakarrik dago euskera, Euskal Herriko eskualde batetan bakarrik, eta erdal zona aldean euskera lotsagarriro "voluntario" utzi delarik), eta administraritzan egiazko elebitasuna (gaur %6 inguruan dabilelarik) lortu arte.

Euskaldunok: Euskaraz egin dezagun. Euskaldun bezala ditugun eskubideak defenda eta eska ditzagun.

Euskaldun ez zaretenok: Euskara ikas. Euskara dohainik ikasteko duten eskubidea defenda eta eska.

Jakitun gara denok: ez dago Euskal Herririk, eta are gutxiago EUSKAL NAZIORIK, EUSKARARIK GABE. Beste abertzaletasun mota guztiak akzidentalak eta ustelak dira; eta guk, geure eskubideetan zauriturik, gogorki erantzungo dugu.

EUSKARARIK GABE, EUSKAL HERRIRIK EZ.

Durangon, 1979ko Azaroaren 4an, EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ Elkarteek

Gure Mendea