1978ko hemeroteka

"dos a cero"

«Orain Gasteizen gertatu denataz jabetuz, Martin Villarekin batera "2 a 0" esango bagenu egiazko agitadore eta terroristak izango ginateke. Denak ez gara berdinak noski. "Els Joglars" taldeari gertatu zitzaiona ezin litzaioke egin Cabanillas ministrari ahalguztidunari. Ez dugu, beraz, akusatuen aulkian ikusteko plazerrik izango. Marokori Sahara saldu ziotenak, ez dituzte ere juzkatuko. Espainiako Batasun sakratua aipatzen dutenek, badakite komenientziaz edo diru interesak tartekatuz, zer den eta zer ez den sakratua.

Bitartean Amnistia izan dugu. Pertsonak, amnistia daitezke, zapalkuntzak sortu zituen ondorioak ez dira inondik ere amnistiagai. Herriari kendu zaiona, berreskuratu egin behar zaio. Horretarako jarrera ona eta engainu edo faltsukeria guttiago ikusi behar da, herriak ez baitira azalezko neurriez eta deklarapen demagogikoez betetzen. Gorrotoan, zapalkuntzan, nortasun ezean bizi garenok badakigu barkatzen. Gutaz egindako krimenak kondena hutsak eskatzen baditu ere, kondena hoberena eguneroko praktikan aritzen da. Eta hor dugu kakoa, estatu honetan UCDk eta beste norbaitzuk Frankismoaren antzera ahal den guttiena eman nahi diote Euskal Herriari, lortuko dugun guztia bortxaz eskuratuko dugula ongi eta garbi adierazi diote Euskal Herriari».

Editoriala, Anaitasuna, 1978, 358-359 zkak.

 

Gure Mendea