1977ko hemeroteka

Hauteskundeak Euskal Herrian

Frankismoaren erreforma hauteskundeen azken arineketaldira heldu da. Maiatzaren 24ean hasi zen kanpaina elektoralak ekainaren 15era arte iraungo du. Kanpainaren hedadura eta lujoak zeharo harriturik utzi gaitu. Euskadin 2 miloi boto daudela ta, erakunde elektoralak erosketa/ohosketan saiatzen ari dira, hortarako medioetan erreparatu gabe.

Frankismoaren oinordeko den gobernuak hiru helburu argi ditu hauteskundeotan: bat, abstentzioa likidatzea; bi, botoen gehiengoak gobernu hauxe abalatzea eta hiru, giro itxura demokratiko bat lortzea. Eta honetarako era egokienean taiutu, eratu eta gobernatu du azken garaian, prestatu dituen medioen artean hauek daudelarik: a) Lege elektorala —bere neurrietan egina—; b) Erakunde batzuk oraindik legalizatu gabe uztea; d) Kanpaina elektorala ere bere medidara eratzea; e) Prozesuaren kontrol osoa eta errepresiboa; f) Estatu kapitalisten (USA, Alemania, Frantzia e.a.) laguntza e.a. Hauteskundeak ez dira inondik ere demokratikoak, dakusagunez, baina indar demokratikoek arazo taktiko bezala aztertu omen dituzte, eta aurkeztea erabaki dute gehienek.

Pseudo-demokrazia estrenatu berri honetan, garrantzitsuena hari ematen zaion konfidantza/abala dela uste izanik, azalpena hiru sailetan banatu dut, sailkapenaren kriterioa hauteskundeei buruzko jarrera delarik. Hauk dira aukerak:

Zalantzarik gabeko aurkezpena

Hona eskuin muturretik ezker muturrerainoko taldeak. Eskuinean, AP, esan du norbaitek, aberats ari da. UCD ere Suarezen figurarekin boteretsu; ta esan ere esaten da hemendik lau urterako gobernua oraingoaren ez eskuin ez ezkerrean ez dela egongo, bera izango omen baita. PSOE-k badu Felipe Gonzalez irudi/karismatzat. PNV, ANV gloria zaharrak birberritu nahiaz, eta ESB beldur/gloria berri zain ari dira. PCE-k ohi duen paperpilo eta orijinaltasuna darabil kanpainan zehar. Ezker iraultzaileak, ORT, (AET) eta PTE-ren (FDl) fronteez aparte erakunde unitario bi ditu: Euskadiko Ezkerra (EE) eta Langileen Batasunerako Frontea (FUT).

Lehenean barne istiluak ez dira makalak izan: EMK, EK, EHAS, EIA, eta LAIA BAI zeuden hasieran; gero KAS-ekoak irten egin ziren gobernuak amnistia eta askatasun demokratikoak ematen ez zituelako, beste erakundeak hasarretueraziz. Gero EIA itzuli Nafarroan UNAI (Unión Navarra de Izquierdas) izena hartu zuen Euskadiko Ezkerrak. Bere barrenean, zenbait independiente —Irize, Muez...— ere bazen, independiente bereziak gainera. KASen kandidaturen erretiratzea hemen bakarrik izan zen onartua. Beraz, EIAk azkenean hauteskundeetan parte hartzeko erabakia hartu zuenean, bere kandidatoak ez du aurrera jarraitu ahal izan. Bestalde, EIA UNAIren programa politikoa babestu ezinik aurkitu da, bere erretiratzearen ondoren egin bait zen hori.

FUT (LBF euskaraz) LKI (LCR) eta OIC (EKE) osatzen dute, bloke troskista direlarik.

Ezker iraultzaileko taldeek borroka programa bat eskeintzen omen dute, eta parte hartuz eta botaeraziz frogatuko omen dute hauteskundeak ez direla demokratikoak.

Edozelan ere, hauteskundeetara aurkezten diren talde guztiek hedadura handiko kanpaina oso intenso bat egin dute, mitin eta hormakartelen bidez, batez ere.

Zalantzak edo autobazterketa (KAS)

Nora ezean ari den talde bakarrenetarik bat KAS da. KAS (EHAS, EIA, LAIA BAI) barnean dauden istiluek, kanpainan zehar bere taldeak isolatuak eta oharkabean igarotzea probokatu du. Amnistia eta askatasun demokratikoen baldintzagatik, EHAS eta LAIA BAI boikotaren alde daude, eta EIA aurkeztearen alde. Lehendabizi, denok kandidaturak erretiratu ondoren, EIA-k berriro aurkeztu egin ditu, Euskadiko Ezkerra-ren barnean. Edo linea estrategikoaren ezfinkapenagatik edo egoera konkretoaren funtsezko elementoen ezazterketagatik, baina hauteskunde hauetan EIA, EHAS eta LAIA BAI automarginatu egin direla esan daiteke, ez bait dute dinamika artez/koherente bat hartu.

Zalantzarik gabeko boikota

Hirugarren bloke honetan ematen diren boikotaren funtsezko arrazoiak hauek dira: 1) Hauteskundeak ez direla demokratikoak, 2) Frankismoaren iraupena markatzen dutela, 3) Kapitalismoaren finkatzea lagunduko dutela; honegatik, orain arteko langile eta herri borroka osoarekin eten egitea direla. Edozelan ere, jarrera honetakoak arras heterogeneoak dira eta ezker antiparlamentarista batzen dute, taldexka minoritarioak diren arren: LAIA EZ, LC, UC, CNT, anarkistak, autonomoak e.a. Hauk ere, herrika fronte antielektoralak antolatu diren arren, nahiko marginaturik geratu dira, gutxiengo direlako eta medio eskasak dituztelako (ofizialik ezer ere ez).

Hauteskundeen aukera-maukeraren ondorioak, gure ustez, ondorio hipotetikoak, arras ezkorrak dira: gobernuaren helburuak beteko direla. Edozelan ere, bizi ditugun aldi interesante eta garrantzitsuetan edozein neke, lekuko izate arren, jasatea merezi duela uste dugu, diktaduraren katakunbetatik demokraziaren katakunbetara pasatzeko eskubidea bai dugu. Benetako eguneroko masa politikak katakunbetan jarraituko baitu. Eta politika egiten dugulakoaren falazia izango bait dugu. Demokrazia, guk egin beharrean, nork egingo digun hautatzeko eskubidea aitortu bait digute.

JOSEBA SARRIONANDIA, Argia, 1977-VI-19

Gure Mendea