1977ko hemeroteka

Kateak eta kate markak

Xabier Amuriza

Hirurogeiko hamarkadan, ETA mugimendua ari zenean, zu herri ttiki batetako apaiz zinen. Zer suposatzen zuen horrek?

ETArekin Euskal Herria defentsatik eta agoantatzetik atakera pasatu zen. Ez zen komando batzuren kontua bakarrik. Euskal Herri osoa ari zen mugitzen. Mugimendu hura herriratzen eta herritartzen lan dezentea egin genuela uste dut.

Apaiz gazteen mugimendu bat bildu zineten. Nola heldu zineten konpromiso sozio-politiko horretara?

Batzu Apaiztegitik, Seminariotik ere nahikoa entrenaturik irten ginen. Han ere, inguruko gizarte zapaldutako estruktura bertikal guztiak zeuden eta batzu okerragoak. Gero kanpoan begiak irekitzea nahikoa zen gauzak ikusteko.

Eta zintzotasun apur bat, jakina. Eta Ebangelioa bera. Ebangelioa interpretatzeko ez da karrerarik behar. Ehuneko laurogeita hamarrek ez du exegesisik behar. Hiltzeko jaioa egin behar dela esaten badizute, horrek ez du bueltarik behar. Ebangelioko gauzarik gehienak eta inportanteenak horrelakoxeak dira. Hainbeste liburu eta zientzia argi daudenak iluntzeko.

Zergatik eta nola espetxeratu zintuzten?

Bost apaizek gose greba bat hasi genuen Bilboko Obispaduan, 69ko maiatzean, orduko biolentzi giroa, Euskal Herriaren hilketa, langileen larruketa eta Elizaren konplizitatea salatuz. Detenitu gintuztenean katakumeak baino mantsoago geunden. Hala ere "Rebelión Militar" sartu ziguten. Orduan ez zegoen lapikoa muturra hurreratzeko.

Zamorako espetxea nahiko berezia zen.

Nahikoa ez, oso baizik. Konkordatuzkoa zenez, gure pribilegioak hauk ziren: gartzelaldi guztia zulo berean egin behar; beste presorik ikusi ere ez, ez politikorik ez sozialik. Lau urtetan dozena erdi lagun bakarrik ez inor sartu ez inor atera gabe. Kondena laburrekoentzat eta ez hain laburrekoentzat Madrilen egin zuten beste konkordatuzko gartzela bat gu inkomunikatzeko haiek ez kontaminatzeko eta denok izorratzeko. Hain gartzela berezia izanik, urte erdian —beharren izenean— eguzkirik ikusi ere ez genuen ikusten.

Espetxean literatur kreazioan saiatu zinen. Baina lehenagotik ere saiatua zinen, batez ere bertsolaritzan.

Lehenago ere saiatu nintzen, baina gauza handirik egin gabe. Seminarioan euskaraz dezente ikastea nahikoa izan nuen eta ez guti pertsegiturik urte batzutan. Apaiz denbora alde batetik laburra izan zen; jai eta igandeak nituen ofizioz lotuenak eta bertsotarako ere. Muniategi nuen batez ere laguntzat orduan.

Espetxetik hain popularrak egin ziren Zamorako bertso berriak ateratzen zenituen. Nola?

Nola? Espetxetik ateratzeko modu bakar bat dago. Ahal den moduan eta susto galantak pasaturik.

"HIL ALA BIZI" nobela ere espetxean egin zenuen. Bertsolaritzatik nobelagintzara pasatzeko Huxley-ren BAI MUNDU BERRIAren itzulpenak edo zerk motibatu zintuen, genero aski desberdinak baitira?

Literaturan generotik generora alde agiria balego ere, sakonean kidetasunak ez lirateke tikiagoak. Itzulpenak euskara aldetik atera eta gero beste hiru itzulpen luze —bi zailak batez ere— egin ditut. Laster argitaratuko dira. Euskaraz ikasi nahi duenak lan originalak nahitaezkoak ditu. Baina gure hizkuntzaren egoeran itzulpenak, dezente samarrak balira, euskararen termometro apartak izango lirateke. Han agertzen dira euskararen hutsak eta besteak, eta itzultzaileak nola gainditzen dituen eragozpenak ikusten, uste baino gehiago direnak noski. Euskara gaurkotua eta edozertarakoa euskal senik galdu gabe lortzea, horra eginkizun nagusia eta latza. Horretan nire itzulpenak zerbait aportatzen dutela uste dut.

Beste lanik egin al zenuen?

Euskal atzizkien estudio luze bat egin nuen, baita euskal aurrizkiena ere. Hau argitaratu zen. Atzizkiena oraindik argitaratzeko dago. Laster argitaratuko dudala uste dut oso arlo garrantzizkoa, euskararen funtsezkoa baita.

Zer diozu HIL ALA BIZIri buruz?

Zer esango dut, bada. Nobela hau oso guti zabaldu da, oso isilpean jaio eta banatu izan baitzen. Norbaitek nobela hau politika dela idatzi du. Egilearen eritzia jakiteak interesik balu, nobela hori ez litzateke politikoa. Gertatzen dena zera da: baduela panfletari gisakoa zati bat, pegote bezala ezarria. Aitortzen dut eta lotsa naiz. Idaztean ere dudak izan nituen eta azkenean sartu egin nuen. Astakeria biribila. Literatura egitean literatura egin behar da eta literaturan iraultza egiteko modurik onena literatura egitea da, ez literatura atxakiz odolkiak sartzea.

HIL ALA BIZI-ren bigarren ediziorik inoiz egingo balitz zati batzu artazipera joango lirateke. Horrez gainera inprenta hutsak ere asko eta handiak daude, eta normalak bestalde; HIL ALA BIZI ahal zen moduan eta oso modu larrian eta arriskutsuan atera baitzen, Euskaltzaindiari Juzgadutik erdaratzeko agintzeraino.

Plazarik plaza diharduzun bertsolaria ere bazarenez, ez al duzu somatzen bertsolaritza galtzen ari dela edo, behintzat bere herri sustraia galtzen ari dela? Ia ez dela komunikabiderik ez sorpen estetikorik, bertso inprobisatuz egiten?

Galdera luzeegia eta konplikatuegia egin didazu. Berorrek bakarrik beharko luke elkarrizketa osoa. Hiru gauza esango dizkizut. Lehenengoz, "inprobisazio" kontu hortaz mintzatu eta idatzi duten gehienak ez dutela idea handirik horretan. Bigarrengoz gaur bertsolaritzaren gako nagusietariko bat gai jartzaileak direla. Edonor jartzen zaigu gai-jartzaile. Batzuek saio planfletariak eragiten dizkigute. Besteek egundoko esaminak, txapelketan ari bagina bezala, beste batzuek... beno, edozer. Sarritan, badakitela uste dutenak okerrenak. Hirugarrengoz bertsolaritza hain genero herritarra izanik, zer jende guttik, oso guttik, dakien bertsolaritzaren eta bertsolarien berri ikusirik gero eta harrituago nago. Entzuten eta irakurtzen denik!

Kasu zahar bat aipatzeko, zenbat tinta alferrik galdu ote da Bilintxen "Domingo Kanpaña" famatua inprobisatua, bat baterakoa zela frogatzeko. Ideiarik ere ez. Bertsolaritza zer den pixka bat badakit, zer ez den nahikoa dakit, zer izango den apenas dakit, baina ezer izango bada neurriak hartu beharko dira.

Azken hamar urteotan aldakuntza handiak izan dira literaturan nahiz politikan. Zuk ere apaizgoa utzi egin duzu. Zamorako apaizek sotana, sermoia eta gurutzea baztertu eta mitina eta igitaia eta mailua hartu dituzuela diote.

Soka ederrari tiratu diozu orain. Zamorako apaizengatik gauza asko esan da, bai. Nik neurea erantzungo dizut. Apaizgoa utzi dut, sotana utzi dut, baina ni ez nago apaiz izateaz damuturik. Besteak beste, Gizaburun eta Amoroton egoteagatik bakarrik merezi zuen apaiz izatea. Apaiz artean orain ere lagun handiak ditut, oso handiak, bat eta bi baino gehiago eta batzu oraindik ere sotanadunak. Nik ez dut apaizgoa gonengatik utzi, zalea banaiz ere. Apaiz egiterakoan zaleago nintzen eta apaiz egin nintzen. Baina eliz gurdi hori, osoan harturik, ebangelioaren traizioa deritzat, gurdia eta gurdikoak. Nik badakit gauzak bereizten, pertsonak distingitzen.

Baina zer bat bakarrik aipatzeko lan egiteko sasoi eta osasun normalez hilero hainbeste mila pezeta zintz eginda etxeratzea, horrek izen bakarra du, lapurreta, "atraco a mano desarmada" bestea baino okerragoa. Nik ez diot diru horiek beste gabe bertan utzi behar direnik. Zer enplegu eman, hori beste kukurruku bat da. Nik diodana lapurreta lapurreta dela eta hori ulertzeko ez da karrerarik behar.

Azkenez esango dizut gurutzea eta igitaia ez direla nire golkoan hain kontrarioak, mitikotatik ikasi bainuen Erramu egunerako gurutzeak igitaiz ebakitzen eta mailuz josten.

Euskal kultura "Hil ala bizi" "Menditik mundura" jaisten den arauera egingo da...

Oraindik zoritxarrez "Hil ala bizi" kinkatik irten ezinik ari gara. Bietatik bat egin behar dugu, hil ala bizi, eta hori epe laburrera erabakiko da. Biziko bagara, menditik mundura jaitsi beharra da. Mendia mundua da baina mundurik gehiena ez da mendia. Nik neurez gehienak ez dira menditarrak eta kultura gehienak dabiltzan errotan eho behar da.

Literaturaz gainera zer arte gustatzen zaizu?

Musika gehien, pintura ia beste hainbete, eskultura asko, arkitektura ia batere ez eta, egia esateko, literatura ere ez askorik. Nik ez dakit zergatik idazten dudan ez baitzait irakurtzerik gustatzen. Garai batetan musika hutsez biziko nintzateke orain gutiago, eta kasik hobe ahaztuko balitzait; hori eta beste gauza batzu ere, ase ezinezko grinak senda ezineko minak baitira.

Zer diozu Euskara Batuari buruz?

Sokatira hori irabazkita dago, ez du merezi bueltarik ematerik.

Z. ARGIA, 1977-X-30

Gure Mendea