1976ko hemeroteka

Zeruko Argiak formatoa eta aldizkariaren linea aldatu zuen 1976 urtean. Hona hemen aldizkari eraberrituaren lehen zenbakiko editoriala. (695. zka.):

Kate eta guzti Euzkadi da

Nahi duenak nahi duena esan beza, baina norbaitzuentzat mingarri baldin bada ere, Nafarroa EUZKADI da, entzun genuen karlista nafar baten ahotik oraindik orain. Etorkizun piska bat nahi duen Alderdirik, ez ezkerrekorik eta ez eskuinekorik, egia hori ukatzen ez da ausartzen. Hitzez hori ukatzen inor ausartzen ez baldin bada ere, azpijokoz ausartzen direnak gehiegi dira.

Euskaldunon batasunik nahi ez duen jende asko da bazterretan. Batasun horretara hel ez gaitezen zirikatzaile asko da. Batzutan probintziakeriari laineza ematen diote elkar ez gaitezen; bestetan, bakoitzak bere bidea aukeratzeko duen askatasunari. Nafarroak berak erabaki behar omen du euskaldun izan ala ez izan. Semeak bere aitaren seme izan ala ez izan aukeratzeko askatasunik balu bezala.

Euskal Herriko batasun politikoa Estatu larderiakoien galgaz neurtzen du zenbaitek. Dena mendean hartzen duen Estatuaren ixpiluan begiraturik erabakitzen dute batasun politikoa. Eta jakina honelakorik ez da gertatu Euskal Herrian. Herria izan da Euskal Herrian bere buruaren jabe. Euskaldun bakoitzaren iritzia eta erabakia haintzakotzat hartzen zen. Demokrazia zen lege Euskal Herrian.

«Pro libertate patria gens libera sit» zen euskaldunen legea. Euskal Herriak askatasuna izan zezan euskaldun bakoitzak izan zezala. Gizon bakoitza bere buruaren jabe zen Euskal Herrian. Eta bere ingurukoekin, bere hauzokoekin, bere herrikoekin eta bere eskualdekoekin bildurik erabakitzen zituen guztiekiko gorabeherak. Euskal Herri osoari begira beharrezkoak ziren lokarriak bakarrik onartzen ziren. Izan ere demokrazia lege zen lekuan ez zen denak mendean hartzen zituen erakunde larderiakoiaren beharrik.

Kulturaz, hizkuntzaz, jatorriz, eta demokrazia joeraz bat izan gara euskaldunok. Eta atzerritarren joerak eta agintea nagusitu zaizkigun neurrian galdu dugu batasun hori. Urteetako zapalkuntza jasan arren oraindik ere bat gara eta bat izan nahi dugu. Dena mendean hartzen duen erakunde larderiakoi batean pentsatzen duenak bakarrik ukatu nahi digu batasun hori.

Nafarroa ez dela Euskal Herri esaten duenak nafarren kultura, hizkuntza, jatorria eta demokrazia joera ukatzen ditu. Euskal kultura eta hizkuntza galduagorik dituen eskualderik bada, zoritxarrez, gure artean. Euskal jatorria eta demokrazia joera Nafarroak bezala gordetzen dituenik, berriz, inor gutxi da, gure artean. Zoritxarrez hau ere.

Atzerritarrez inguraturik bizitzeak erresuma bihurtu zuen Nafarroa atzerritarren erasoari gogor egiteko. Erresuma izanaren itzala eta nortasuna ez ditu galdu oraindik. Beste euskal eskualdeek baino askatasun gehiago du, zorionez.

Nafarroak ez du egunero euskaldun dela aitortzen ihardun beharrik euskaldun izateko. Euskaldun iraun nahiaz beste inork baino borroka gehiago egin du kondairan zehar. Eta borroka horri eskerrak dirau oraindik ere euskaldun. Zer gehiago eskatu behar diogu euskaldun dela aitor diezaiogun? Espainiako Estatua sortu aurretik eta ondotik Euskal Herri da, beste sei eskualdeak bezalaxe. Eliza sartu aurretik eta ondotik, Jesukristo jaiotzerako ere bai, baita Marx Madrila iristerako ere.

Euskal Herria bere buruaren jabe izan zen. Horretarako ez zuen garai haietan Estatu bat izan beharrik izan. Honelako erakunde larderiakoiaren premiarik ez zen orduan. Jendeak ohitura eta usadio bihurtzen zuena legetzat ezagutzen zuten Batzarreek. Indarkeriaz eta maltzurkeriaz kendu zitzaion aginte politiko hura eskatzen du gaurregun Euskal Herriak. Aginte politiko horri ez dio sekulan ukorik egin. Egokiera izan duen guztian eskatu du. Inoiz baino tematsuago eta ozenago eskatzen du gaurregun.

Euskal Herriak Euskal Herri iraun du kate eta guzti. Bere buruaren jabe denean are eta euskaldunago izango da: euskaldun guztiak berdinak izango dira, euskaldun bakoitza bere buruaren jabe izango da, euskaldun bakoitza euskaraz mintzoko da. Baina hori honela gerta dadin lan egin behar da. Hitzetik hortzera Euskadi esatea ez da aski. Euskal Herria euskaldun izan dadin ezer egiten ez dutenek hitz hori ahotan erabiltzeak nazka ematen digu, gainera. Euskal Herria euskaldun izatea nork nahi duen fruituetatik ezagutzen da.

ARGIA

Gure Mendea