1975eko hemeroteka

RTVE "Euskalerria"

Lerro hauk argitara orduko hasia de RTVE delakoan euskarazko lehen programazioa, ordu erdiko programatxoa alegia.

Hala ere, ofizialki hasi arren, zorioneko programa hori zertan den ez da oraindik erabat erabaki, arduradun konkretu edo nagusi bat izendatu ez den bezalaxe.

Hasi orduko izan dira lehen istilu eta iskanbilak, betiko leloa ("H"!) dela eta ez dela. Bilbon EUSKAL HERRIA proposatu zen izenburu bezala, baina Donostian izugarrizko salaketak sortarazi ziren. Trapu zahar guztiak atera ziren ordezkariaren aurrean, hatxea komunista dela etab, etab. Telebistako ordezkaria, Astorgako semea bera, aho zabalik geratu zaigu euskaldunok oraindik zibilizatzeko ote gauden duda-mudatan. Lotsagarri. Azken batez, hauzia Madrilera joan da (Madrilen ere enteratu dira, beraz), eta programaren izenburua EUSKALERRI izango da.

Beste horrenbeste gertatu bide zen, zer euskara hitzegin behar zen aipatzean. Gipuzkoarrek zioten giputzez behar zela, eta bizkaitarrok, ordea, giputzez egin aurretik nahiago zutela bizkaieraz egitea.

Euskararen Batasuna planteatu zenean hainbat ez bazen konturatu ere, gero eta beharrezkoago dugu «batua» delako hori. Lehenik literatura eta testugintzan. Oraingo honetan telebistan. Gero, noizbaiteko euskal egunkarian, zinemagintzan, «cassette» direlakoetan eta gainerako komunikabideetan.

Dena den, eta gertatua gertatu, baditudi gauzak baretzen hasiak direla, eta nolabaiteko talde batek lanari ekin diola. Beste zenbaiten artean Jose Mari Iriondo, Manuel Oñatibia, Jose Mari Etxebeste eta Juan Mari Iraolagoitia ari dira, eta programa batzuk burutuak dira dagoeneko.

Batzuk berri soilez, elkarrizketaz eta bestez osatuak izango dira, eta hilean behin edo, gai monografikoei atxikiak, bertsolaritza, Euskaltzaindia, arrantza etab.

Lanean diharduen ekipoak oso medio gutiz baliatu beharra du, moviola bakarraz, programa guztia «directo» egin beharrez, batere montaje edota moldaketarik gabe.

Bataz beste, programa honetako alderdirik garrantzitsuenetako bat, haurrei eskaini nahi zaien bost minututxoak iruditzen zaizkigu. Xabier Kintana eta Donostiako Barandiarandarrak ari dira honetaz, eta giñol bezalako zerbait prestatuko omen dute.

Ikusleek ikusi ahal izango duten azalezko programaz gainera, honako hau esperientzia interesgarria izan daiteke gure komunikabideetan saiatzen diren hainbat pertsonarentzat, eta uste dugu benetan, ordu erdiko programatxo hau onuragarri izango dela bere eskasian.

Hala nahi eta espero dugu, behintzat.

AMATIÑO, Zeruko Argia, 1975

Gure Mendea